Sokalagun dira mendian eta kalean

Sokalagun dira mendian eta kalean

Eskalatzaileen joan-etorria etengabekoa da Berriobeitiko Rocopolisen. El Bachir Saidik eta Abderahmane Barik ezaguna dute rokodromoko giroa, eta batzuk eta bertzeak agurtzen dituzte, paretara bidean. Nafarroan deskubritu dute eskaladaren mundua, Nafarroako Gobernuaren Kideak programaren bidez, eta berezko eremu bihurtzea lortu dute. Mendizale eta eskalatzaile talde bat aritu da haiekin mentore lanak egiten, eta orain beren kabuz aritzen dira. Zaletasun bat, babesa eta lagunak aurkitu dituzte egindako bidean.

Luis Arrieta zinemagilea prozesu horren guztiaren lekuko izan da, eta Saidiren, Bariren eta Nafarroara bakarrik iritsitako bertze gazte migratzaile batzuen istorioak jaso ditu bere kameraren bidez. Istorio horiekin Sustraiak. Raíces perdidas izenburuko dokumentala ondu du, eta Bilboko Mendi Film jaialdian estreinatuko du, abenduaren 13an.

Arrieta azken urte eta erdian aritu da lanean Sustraiak egiteko. Mendia maite du, eta zaletasun horrekin uztartu du, neurri handi batean, zinemagintzaren esparruan orain arte egin duen bidea. Mendiak 1976 dokumental luzea estreinatu zuen 2021ean; oraingoan eskaladari egin dio so, baina arlo soziala bazter utzi gabe. «Bi alor horiek batu nahi nituen», erran du.

Kideak programak eman dio hori egiteko aukera. Programa horren asmoa da Nafarroan jaiotako eta kanpotik etorritako herritarrek elkar ezagutzea. Arrieta Iruñeko Algara peñako kidea da, eta elkartearen egoitzan topaketa bat antolatu zuen. «Ez zuen hagitz ongi funtzionatu», aitortu du.

«Eskalatzen, denak gara berdinak. Paretak ezartzen dizkigun oztopoei egin behar diegu aurre»

LUIS ARRIETA ETXEBERRIA Zinemagilea

Arrakasta handiagoa lortu dute Javier Bermejo Txispi, Fernando Arnedo, Koldo Bonafau eta Juanjo Moreno eskalatzaile eta mendizaleek, Kideak programaren bidez aritu baitira herrialdera bakarrik ailegatutako gazte migratzaile batzuen mentore. Rocopolis bilakatu dute beren topagune, eta soken eta eskalatzeko oinetakoen bidez, denen artean lortu dute adiskidetasun sare sendo bat ehuntzea.

Elkar ezagutu

«Rokodromoan elkartu ginen lehen egunean, beldurrez etorri ziren, burua makur; jendeak harriduraz so egiten zien. Orain, lagunak dituzte rokodromoan. Elkar ezagutu dute, eta talde bat osatu». Bermejorenak dira hitzak, gazte migratzaileekin duela urtebete luze hasitako bideari buruzkoak.

El Bachir Saidi da gazte horietako bat; 2021ean etorri zen Marokotik Nafarroara. Bakarrik egin zuen bidea, familia Tangerren utzi baitzuen. Hiru orduz egon zen itsaso sakonaren gainean, txalupa batean, Espainiako Estatuko lurrak ukituko ote zituen jakin gabe. 17 urte bete zituen egun berean egin zuen bidaia; senideekin ospatu eta gero, sorterrian ez zituen aukerak bilatzeko bidea hasi zuen.

Luis Arrietaren ‘Sustraiak’ dokumentaleko irudi bat. El Bachir Saidi, Javier Bermejo eta Abde Bari ageri dira, Pirinioetan. LUIS ARRIETA ETXEBERRIA

«Bakarrik etortzen dira, eta 18 urte betetzen dituztenean, bazter uzten ditugu, erabat babesgabe», salatu du Arrietak, eta galdera bat erantsi: «Hemen jaio eta hemen sare bat dugunontzat zaila da etxebizitza bat lortzea; bakarrik uzten ditugun gazte horiek nola eginen dute aurrera?».

Saidi irribarre errazekoa da; euskara ikasten ari da, eta euskaraz erran du «poliki-poliki» egin duela berak orain arteko bidea. Garbi erran du, halere, ez dela erraza izan, sistemaren egiturek motz lotzen baitituzte gazte migratzaileak. Saidik Abderahmane Bari lagunak edan duen zukuaren botila hutsa hartu, eta haren barruan sartu du hartu duen kafesnera bota duen azukrearen zorroa. «Horrela gaude: azukre zorro hori gara, tapoiarekin itxi duten botilaren barruan».

Saidi Telekomunikazioko ikasketak egiten ari da, eta, horri esker, ikasketen bidezko errotzea aitortu diote. Ezin du lanik egin, ordea, eta hori da gaztearen helburu bakarra. Nafarroan gelditu nahi du, eta hemendik Marokon utzi duen familia lagundu. «Nafar sentitzen naiz jada!», nabarmendu du.

Saidirena da Arrietaren dokumentalak jasotzen dituen istorioetako bat. Hiba Barkouirena, Manan Abdullahrena eta Abderahmane Barirena ere jorratu ditu. Zinemagileak helburu izan du estereotipoak eta aurreiritziak bazter uztea. Horretarako bidea eman diote eskaladak eta mendiak, Arrietak azpimarratu duenez; are gehiago, mendia eta eskalada gazteok egunerokoan dituzten oztopoen eta mugen ikur bihurtu ditu: «Eskalatzen eta mendian ibiltzen, denak gara berdinak. Gailurrera igotzea da denon helburua, eta paretak ezartzen dizkigun oztopoei egin behar diegu aurre», gaineratu du.

Lan egiteko asmoz

Arrietak dokumentalean parte hartu dutenen eskuzabaltasuna eskertu du, eta kontatu «berehala» eman ziotela kamera hartzeko eta filmatzen hasteko bidea. «Rokodromora joaten hasi nintzen, haiekin eskalatzen, konfiantzazko giro bat sortzeko, eta, hori lortuta, kamerarekin lanean hasteko asmoz; ia hasieratik, ordea, kamera hartzen utzi zidaten. Ez zuten arazorik izan kameraren aurrean jartzeko».

‘Sustraiak’ dokumentaleko une bat, Rocopolis rokodromoan. Ezkerrean, eserita, Hiba Barkoui eta Manan Abdullah. LUIS ARRIETA ETXEBERRIA

Arrietaren lana dagoeneko martxan zenean batu zen Barik proiektura. «Bost gazte hasi ziren gurekin, baina batzuek utzi egin zuten», azaldu du Morenok. Hiba Barkaoui zen taldeko emakume bakarra, baina Galizian bizi da orain, eta Manan Abdullah ghanatarrak ere eskalada uztea erabaki zuen. Barik, ordea, pasioz bizi du kirol hori. Nafarroan ezagutu du, eta Arrietaren eta Kideak proiektuko mentoreen hitzetan, «hagitz ona» da boulder eskalada motan. Gazteak irribarre eginez erantzun die loreak bota dizkieten lagunei.

Bari amazig herrikoa da, eta 23 urte ditu. Kamioi baten azpian egin zuen sorterritik ateratzeko bidea. Gazteak pasio bilakatu du eskalada. Gogoan ditu hasierako lotsak eta beldurrak, ordea: «Ez nuen inor ezagutzen, eta zaila da. Baina orain lagunak baditut, eta eskalatzen ikasi dut. Lehen bertzeen laguntza behar nuen, baina orain bakarrik ere aritzen ahal naiz. Denbora anitz ematen dut rokodromoan», esplikatu du. Zurgin aritzeko ikastaro bat egin zuen, baina oraindik paperik gabe dago, eta, ondorioz, ezin du lanik egin. Hori da Bariren kezka nagusia: «Lan egin nahi dut, bertzerik ez».

Bari eta Saidi bide propio bat egiten ari dira eskaladaren munduan, eta kirolari esker, gainera, sare bat ehuntzen. «Eskaladak askatasuna eman dit», nabarmendu du Saidik. Kideak programako mentoreen eta gazteon arteko harremana, halere, ez da eten, eta sumatzen da elkarrekin daudenean sokalagun izaten segitzen dutela, konfiantzazko giro bat dela haien artekoa. Eskaladaren eta mendizaletasunaren esparruan, sokalagunen artekoa da loturarik sendoena. Eta Sustraiak dokumentalak horixe erakusten du: kirolaren gainetik, sokak lagun bilakatutako herritarrak.

«Ez nuen inor ezagutzen, eta zaila da. Baina orain lagunak baditut, eta eskalatzen ikasi dut»

ABDERAHMANE BARI Eskalatzailea

Barik Etxauri maite du eskalatzeko. «Artederreta ere bai», erantsi du. «Baina tokirik ederrena Anayet da!», zehaztu du. Saidirentzat ere Aragoiko Pirinioetako toki hori da kutunena. Eskalatzen hasi zenean, erronka bat jarri zion bere buruari: Anayeten 250 metroko bide bat eskalatzea. Barirekin eta Bermejorekin eskalatu zuen, Arrietaren kameraren aurrean.

Bari eta Saidi irrikan dira beren istorioak jasotzen dituen dokumentala estreinatzeko. Bilbon izanen dira zuzendariarekin. Nahi dute denek ikustea nolakoak diren; hau da, ikasi eta lan egin nahi duten gazteak direla. Lagunak egiteko irrikan direla. Hasierako oztopoak ahaztu eta Nafarroa beren etxe bilakatu dutela. Sokalagunak egiten segitu bertzerik ez dutela nahi.