Irailean gertatu zen erasoa, baina orain salatu dute jendaurrean: gazte batzuk Berhezi berdintasun aholkularitzako bi kideren aurka oldartu ziren Gorraizko bestetan. Iraindu zituzten, eta zeukaten materiala kendu zieten. Eguesibarko Udalarentzat ari ziren lanean, harrera feministako gunean. Langileak artatu zituzten udaltzainetako baten jarrera ere salatu dute Berheziko kide Rakel Conde Esparzak (Lizarra, 1990) eta Kristina Perez Sevillak (Lodosa, 1993).
Zer gertatu zen Gorraitzen?
RAKEL CONDE ESPARZA: Herriko bestetan, irailaren 13an, gauez, bi lankideri eraso egin zieten. Harrera feminista egiteko tokian zeuden, bigarren egunez. Erasoen inguruko protokoloei, sexu heziketari eta gorroto delituei buruzko informazioa emateko gune bat da. Gau hartan, mutil talde bat agertu zen; ikur falangistak zituzten Espainiako banderen pegatinak zituzten gainean. Hasieran oihuka joan ziren lankideak zeuden tokira. Alde egiteko eskatu zieten, eta beren ideiak herrian ez sartzeko. Degeneratu esan zieten, eta emakumeek gizonekin egon behar dutela. Gero hasi ziren materiala hartzen eta lurrera botatzen. Sakelakoarekin gertutik eta baimenik gabe grabatzen hasi ziren, gainera, lankideak iraintzen jarraitzen zuten bitartean.
Eguesibarko Udalak kontratatuta joan zineten Gorraitzera?
KRISTINA POZO SEVILLA: Bai. Herri txikietara joaten gara, batez ere; bestetan joaten ohi gara. Arratsaldez edo gauez egon gaitezke, udalak nahi duenaren arabera. Mahaitxo batekin eta karpa batekin mugitzen ohi gara, baina Gorraitzen, hain justu, udalak bazuen morez pintatutako egurrezko etxetxo bat, eta han egon ginen.
«Eraso LGTBIfoboak gutxitan salatzen dira, polizien etxean berriz eraso bat jasateko beldurragatik, besteak beste»
RAKEL CONDE ESPARZA Berhezi kooperatibako kidea
Gazteen erasoa gertatu eta gero, udaltzainei deitu zenieten?
CONDE ESPARZA: Herritarren segurtasunerako lanean zeuden herritar batzuek deitu zuten. Bi udaltzain agertu ziren. Batek ez zuen ahora ireki. Gure lankideek gertatu zenaren berri eman zieten; kontakizunak argi utzi zuen gorroto delitu baten zantzuak bazirela, baina hitz egin zuen udaltzainak ez zien lankideen hitzei sinesgarritasunik eman, eta gertatutakoari garrantzia kentzen saiatu zen. Lankideak esajeratzen ari zirela esan zuen. Ez hori bakarrik. Gazteen jarrera zuritzen hasi zen, mozkor zeudela esanez. Ikur falangistak zituzten Espainiako banderen irudiak LGTBI kolektiboaren banderarekin parekatu zituen, eta Franco aspaldi hil zela bota zien: «Gainditu ezazue behingoz», esan zien.
POZO SEVILLA: Ez zen bakarrik bandera. Gazteek hitzez esan zuten «Gora Franco» eta «Gora Falangea». Udaltzainak erasoa justifikatu zuen, nolabait. Ez zuen larritzat jo. Bere iritzia izan daiteke hori, baina udaltzain batek ezin du bere iritziaren arabera jokatu lanean ari denean. Indarrean dauden legeak kontuan hartu behar ditu. Gazteen jarrera justifikatu, eta erasoa gutxietsi egin zuen.
Udaltzaina salatu duzue?
CONDE ESPARZA: Udalak kontratatu gintuen Gorraitzen lan egiteko, eta haren babesa jasotzea espero genuen. Baina ez da halakorik gertatu. Bi hilabete pasatu dira, eta udaltzainek guk salatutako erasoaren harira egin beharreko txostenaren arrastorik ez dugu oraindik. Udaleko berdintasun teknikariak ere ez du jaso. Erakundeek babesgabe utzi gaituzte, erabat. Ezin dugu ahaztu poliziak ere badirela erasotzaile. Eraso LGTBIfoboak gutxitan salatzen dira, polizien etxean berriz eraso bat jasotzeko beldurragatik, besteak beste.
POZO SEVILLA: Ez dira batere inplikatu. Udalak ez du gertatu denaren erantzukizuna bere gain hartu nahi izan. Udalaren ardura da zerbait esatea, bere gain hartzea gertatu dena, udaltzain baten jarrera eta lan egiteko modua baitago ezbaian.
Udalak ez dio konturik eskatu?
CONDE ESPARZA: Guk dakigula ez, eta ez dugu uste eskatuko dionik. Badakigu polizien kontrako salaketek bide motza izaten ohi dutela. Segur aski ez dugu auzitara joko.
POZO SEVILLA: Guk erabaki dugu jendaurrean salatzea zer gertatu den, jakin behar zela uste genuelako. Guk salatu dugu jendaurrean, baina, berez, udalari dagokio urrats hori egitea. Udalarentzat ari ginen lanean erasoa jaso genuenean.
Gertatu denak profesionalen formakuntzarik eza uzten du agerian?
CONDE ESPARZA: Beti behar da formakuntza. Baina kontua da oraindik ere ez diegula eraso LGTBIfoboei gizarte gisa aurre egiten.
POZO SEVILLA: Formakuntza falta da. Eta sentsibilizazioa. Eta kontuan hartu behar dugu ezin dugula ulertu gertatu dena bere testuingurutik kanpo.
«Guk salatu dugu jendaurrean, baina, berez, udalari dagokio urrats hori egitea. Udalarentzat ari ginen lanean erasoa jaso genuenean»
KRISTINA POZO SEVILLA Berhezi kooperatibako kidea
Eskuin muturraren eta gorroto mezuen goraldiaz ari zara?
POZO SEVILLA: Gazte batzuk joatea udalak jarri duen harrera feministako toki batera «Gora Franco» oihukatzera da kalean gertatzen ari denaren sintoma bat. Kalean gertatzen ari dena gutxietsi egiten dute batzuek, eta beste batzuek ukatu.
CONDE ESPARZA: Europan faxismoa ari da urratsak egiten kaleak hartzeko. Hori da kontuan hartu beharreko testuingurua.
Berheziren bidez, gizartea askotarikoa dela agerian utzi eta aldarrikatu nahi duzue zuek. Nola sortu zenuten proiektua?
CONDE ESPARZA: Mikrokooperatiba feminista bat gara. Lizarrerian bizi eta lan egiten dugu. Kolektibotasunetik egin nahi diegu aurre egungo erronkei, eta hori egiteko baldintzak sortzeko ari gara lanean. Belaunaldien arteko elkarlana sustatu nahi dugu, begirada intersekzional batetik, eta feminismo dekoloniala ardatz hartuta.
POZO SEVILLA: Gauza ezberdin asko egiten ditugu: berdintasun planak, zaintzen inguruko diagnostikoak, protokoloak, formakuntzak eta beste.
