Santos Cerdan aske utzi du Auzitegi Gorenak, ia bost hilabete espetxean egin ostean

Santos Cerdan aske utzi du Auzitegi Gorenak, ia bost hilabete espetxean egin ostean

Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak ekainean egindako lurrikara politikoak segida izan zuen atzo arratsaldean. Eta haren ondotik, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Leopoldo Puentek aske utzi du Santos Cerdan, ekainean espetxeratzeko agindu ostean. Hala ere, ezingo du Espainiako Estatutik irten eta bi astero joan beharko du epaitegira. Cerdan espetxeratzeko, epaileak argudiatu zuen frogak deusezteko aukera handia zegoela, eta orain arrisku hori nabarmen murriztu dela uste du Puentek. Ustez iruzur egindako hiru adjudkazioetan, Servinabar eta Acciona eraikuntza enpresen alde bitartekaritza lanak egitea leporatzen diote Cerdani. 

Puente epaileak iragan astean erabaki zuen auzian zati bat bereiztea eta miaketak agindu zituen Accionaren Bilboko eta Donostiako egoitzetan. Atzo, berriz, ikertuen artean jarri zituen eraikuntza enpresa horretako hiru kargudun, Santos Cerdanekin, Jose Luis Abalosekin eta Koldo Garciarekin batera: Justo Pelegrini eraikuntza zuzendari ohia —enpresa utzi zuen ekainean— eta haren menpeko bi kargu, Tomas Olarte eta Manuel Jose Garcia. Accionak adierazi du Olarte eta Garciaren eginkizunak enpresan «behin-behinean etenda» daudela. Halaber, erantsi du susmopean dauden herri lanen kontratuek lege estandarrak betetzen dituztela. 

Ekainean kaleratutako lehen txostenaren ildotik jarraitu du Guardia Zibileko UCOk, beste honetan. 227 orrialde ditu orotara agiriak. Guardia Zibilak leporatzen dio Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkari ohiari bitartekari gisa aritzen zela Accionaren eta Servinabarren artean. Aintzat hartu behar da Servinabar 2015ean sortu zela, eta enpresa txikia zela, baina Accionarekin batera hainbat herrilan handitan parte hartu duela. Hala, UCOren arabera, manipulatutako esleipen bakoitzeko %2ko komisioa kobratuko luke Servinabarrek. Bere diru sarreren hiru laurden Accionak emango lizkioke —6,7 milioi euro, ikertzaileen arabera—.

Ekainean Antxon Alonsoren etxean egindako miaketan Guardia Zibilak atzemandako paper batean ageri zen Cerdanek Servinabarren akzioen %45 eskuratu zituela. Cerdanen abokatuek argudiatu dute agiri pribatua dela eta ez duela legezko baliorik. Horrez gain, UCOk uste du Servinabarrek fabore hori beste hiru modutan ordaintzen ziola Cerdani: enpresaren kreditu txartela utzita, senideak kontratatuta eta Madrilen etxebizitza bat alokatuta.

Gutxienez, hiru obra publiko daude susmopean: A-68 autobidean Logroño (Espainia) hegoaldeko saihesbidea —92 milioi euroko adjudikazioa—, Sevillan (Espainia)  autobide bateko zubi baten konponketak —71,4 milioi eurokoa— eta Sant Feliu de Llobregaten (Katalunia), tren azpiegitura bat —52 milioi eurokoa—. Gainera, Guardia Zibilaren arabera, Cerdanek eta Abalosek bitartekaritza lanak egin zituzten Accionaren alde, Marokon eta Gabonen kontratuak lortzeko.

Azkenik, UCOk proposatu du Auzitegi Gorenak Belateko tunelek adjudikazioa auzian sartzea. Horretarako, orain arte Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean aipatu diren susmoak aipatu ditu: Hala nola, Jesus Polo kontratazio mahaiko buru izendatzea nahiz eta erretiratzeko adina izan; enpresen eskaintzen konfidentzialtasuna gordetzerakoan «ustezko gabeziak»; eta kontratazio mahai barruko desadostasun eta talkak.

Txibiteren erreakzioa

Txinan, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak nabarmendu du UCOren txostenak ez duela Nafarroako Gobernua zipriztindu. Txibiteren arabera, Belateko tunelen inguruan txostenak dioenak ez du ekarpen berririk egiten: «Orain arte ez genekien detailerik ez du ematen. Edozein kasutan, gobernuak berak kanpo eta barne ikuskaritzak agindu zituen gardentasun ariketa eginez».

Txibitek adierazi du gobernua ikerketa batzordean parte hartzen ari direla, eta auzi judizialean laguntzeko erabat prest egon dela hasieratik. «Erabat ziur nago kontseilari bakar bateke ere eta noski lehendakariak berak ez duela ustelkeriarik egin». Cerdanen jokabideari buruz «ezer ez» zekiela aipatu du, eta «erabat gaitzetsi» du. Alderdiarekin loturarik duela ukatu du: «Norbanakoen ekintzek ez dute erlaziorik alderdiarekin. Gero eta argiago dago hau ekinbide pertsonal bat zela, lotura familiarrak eta pertsonalak zituela eta ez duela zerikusirik proiektuarekin».

Hain zuzen ere, gaur goizean ikerketa batzordeak beste saio bat izan du eta hasi aurretik «kezkatuta» azaldu dira Geroa Bai eta EH Bildu. Pablo Azkona Geroa Baiko eledunaren arabera, ikerketa polizialak eta judizialak «irekirik» jarraitzen du eta ezin dira ondorioak aurreratu. 

EAJren erantzuna

Era berean, Guardia Zibilak EAJ nahastu du ustelkeria auziarekin; UCOren arabera, jeltzaleek PSOEko Antolakuntza idazkari oihari estatuko enpresetarako zenbait izendapen helerazi zizkion, Sanchezen inbestidurarako negozioazioan, 2018an. Erabat ukatu du EAJko presidente Aitor Estebanek informazio hori: «EAJk ez du inongo loturarik eta ez dago nahastuta Cerdan-Abalos auziarekin».

Txostenak dio Cerdanek helarazi ziola idatzi bat Jose Luis Abalos ministro ohiari, ohartaraziz EAJk «izendapen» batzuk eskatu zituela estatuko enpresa batzuetarako. Javier Cachon aipatzen du Guardia Zibilak Ingurumen Ministerioari loturik, eta beste «postu garrantzitsu bat» Adif enpresa publikoari loturik, baita INI eta SEPI enpresei lotutako beste postu bi. UCOren arabera, EAJK eskatu zituen izendapen horiek.

Bada, EBBko presidente Estebanek hori guztia gezurra dela esan du gaur, Telecinco  katean. «Ez dut ezagutzen Cachon jauna; ez dakit nor den ere». Eta jarraitu du EAJk Cerdan auzian zerikusirik ez duelako argumentazioarekin: «EAJk, antolakunde gisa, eta nik, Rajoyren zentsura mozioaren negoziatzaile gisa 2018an, ez genuen inoiz ere izendapenez hitz egin, ez Ingurumen Ministerioari, ez Adiferi, ezta SEPIri loturik ere. Oso argi esaten ari naiz hau». Estebanen arabera, UCOren azken txostenetik «ez da eratortzen EAJk izenak eman zizkiola Cerdani». Eta erantsi du bere alderdiak «gardentasunarenaren eta argitasunaren» aldeko apustua egin duela beti: «Ez dugu zerikusirik auzi honekin».

Guardia Zibilaren azken txosten horrek Espainiako Gobernuan izan ditzakeen eraginei begira, Estebanek esan du «ikusteko» dagoela «nola bukatuko duen ikerketa horrek guztiak», baina uste du «dena lehertzen bada», Sachezek «hauteskundeetara deitu» beharko duela.

Atzo PPk akusazio oso larriak egin zizkion EAJri, UCOren azken idatziari egiazkotasuna emanda. Jeltzaleek «ustelkeria instituzionalizatu» egin dutela esan zuen Espainiako Congresuko eledun Cuca Gamarrak. Jeltzaleen buruarentzat, «kalifikazioa absurdoa» da hori: «Edozein aukera aprobetxatzen dute gure aurka jotzeko. Azal gogorra izan behar du hori esateko Almeriako Diputazioko presidentea eta presidenteordea atxilotu dituzten egun berean».

UCOren txostenean EAJri loturik azaltzen den izena, Javier Cachon alegia, Nafarroako Muga meategiaren proiektuari ingurumen baimena eman zion teknikoarena da; hura izan zen Servinabar eta Acciona enpresen arteko lehen kolaborazioa. Cachonek, gogoratu du UCOk, 2019an onartu zuen ingurumen baimen hori, Sanchez presidente izendatu eta urtebetera.

EH Bildu eta Geroa Bai

EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek gaur esan du «kezkagarria» dela UCOren azken txostena Cerdan auziaren inguruan, baina azpimarratu du ez dagoela «inolako zantzurik» esateko Nafarroako Gobernuak parte hartu duela «horrelako praktiketan». Martxan dagoen ikerketa «muturreraino» jarraitzea eskatu du. Prentsari egindako adierazpenetan, Araizek adierazi du «ustelkeriarekin lotutako informazioa guztia» dela kezkagarria EH Bildurentzat, «are gehiago Nafarroako erakundeen barruan gertatzen bada, hala gertatu izan balitz».

Bilkideak uste du, dena den, «gaur arte” ez dagoela «zantzurik» esateko gobernuak ustelekeria auzian parte hartu duela. Ikerketa «muturreraino» iristea nahiko luke Araizek, baina onartu du Parlementuko Ikerketa Batzordeak «muga asko» dituela helburu hori bete dadin. UCOren txostenaren inguruan esan du «Belateri egiten zaion aipamen bakarra UPNk egindako salaketa bat» dela, eta ez dakitela horren inguruan zer erabaki duen epaileak. «Nahiko genuke jakin epaileak ikerketa bat abiaraziko duen edo ez salaketa horri loturik».

Batera edo bestera, EH Bilduko parlamentariak oso argi esan du «ustelkeriarekin lotutako edozein jarrerak» koalizio subiranistaren «erabateko arbuioa» duela. «Jarraituko dugu eskatzen ikerketa esparru guztietan, politikoan eta judizialean, muturrera iristea».

Geroa Bai-ko parlamentari Pablo Azkona ere «kezkaturik» azaldu da Guardia Zibilaren azken txostenak jaso duen informazioaren harira, baina eskatu du «ez ateratzeko ondoriorik behar baino lehen». Ikerketa poliziala zabalik dagoela esan du, eta haren zain egon behar dela.