Deus ere ez zutenen buruzagia

Deus ere ez zutenen buruzagia

Oraindik ez du jaso egindako bidearen araberako aitortzarik, baina batzuek eginak dituzte urrats batzuk Julia Alvarez Resano nor izan zen oroitzeko; ezarri zioten ahanzturatik atera dute politikari sozialista, eta haren inguruko itzalak argitzen saiatu. 2007an, Fermin Perez Nievas kazetariak idatzitako Julia Álvarez Resano, memoria de una socialista navarra (1903-1948) argitaratu zuen Pamiela etxeak, eta orain, berriz, Victor Moreno irakasle eta idazleak ondutako Biografía de la socialista Julia Álvarez Resano (1903-1948). República, guerra y exilio plazaratu du. Iruñean aurkeztu dute liburua, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan, azaroaren 12an.

Morenoren lana aurrerapauso bat izan da, egileak helburu hartu baitu biografia kritiko bat idaztea, orain arte gaizki erran eta idatzi direnak zuzentzeko eta Alvarez Resanoren ibilbidearen ingurukoak ahalik eta zehatzen jasotzeko asmoz. Lander Majuelo Pamielako editoreak «biografia osotzat» jo du Morenok Alvarez Resanori buruz egindakoa, baina egileak ez du bat egin harekin: «Oraindik badira ez dakizkigun gauza anitz; asko dugu deskubritzeko».

Julia Alvarez Resano: sozialista, maistra, abokatua, epailea, diputatua Madrilen, eta gobernadore zibila Ciudad Realen (Espainia), bertzeak bertze. Lehen emakumea izan zen azken kargu hori betetzen. 1903an jaio zen, Alesbesen, eta 1948an hil, Mexikon. «Denek ahaztu zuten, sorterrian ere bai, zeren, frankistak nagusitu, eta eskuinak bazter utzi zuen. Ez da harritzekoa, deus ere ez zutenen alde aritu baitzen beti, etxerik eta lurrik gabe utzi zituztenen alde», erran du Morenok.

Julia Alvarez Resano Alesbesko irakasle eta politikaria. PAMIELA

Idazleak zalantzarik ez du Alvarez Resano aparta izan zela: «Ezohiko ahal intelektuala zuen; bikaina zen». Ahal horren adibide gisa aipatu ditu herriz herriz egin zituen mitinak. «Nafarroa osoan aritu zen, eta Madrilen ere bai. Espainiako Errepublikako hizlaririk onena izan zen», nabarmendu du Morenok. 1936ko otsaileko hauteskundeetan aukeratu zuten diputatu Madrilen, Amancio Muñoz de Zafra senarrarekin batera. 1935ean ezkondu ziren, eta Morenoren ustez, hura izan zen Alvarez Resanoren garairik zoriontsuena.

Ikasle, bere kabuz

Sozialistaren ibilbidean, halere, pisu handiagoa izan zuten itzalek, argiek baino. Haren bideari so egin eta gero, Morenok garbi du «tragediak» leku nabarmena izan zuela Alesbesko maistraren bizialdian: «Juliaren bizitza hiru ekitaldiko drama bat izan zen».

Alvarez Resanok 1917an hasi zituen ikasketak, eta, hain zuzen, Morenok bereziki nabarmendu du arlo horretan egin zuen bidea: «Irakasletza bere kabuz ikasi zuen; gero batxilergoa egin zuen, hori ere bere kabuz, Zaragozan Zuzenbideko ikasketak hasi ahal izateko. Irakasletza amaitu eta gero, oposizioak egin zituen, eta lehena izan zen Espainiako Estatuan».

Sorterrian aritu zen irakasle, 1930etik 1934ra. «Ezagutu zutenek diote indar handikoa eta zurruna zela», kontatu du Morenok. Zehaztu du politikan sartzeko urratsa egitean hasi zirela Alvarez Resanoren arazoak: «Ordura arte, erlijioaz aritzen zen herriko maistra bat bertzerik ez zen; politikan parte hartzen hasi zenean, egoerak okerrera egin zuen. Eskuinekoek ez zuten maite, eta errepublikazaleek ere ez».

«

Alvarez Resano Nafarroa osoan aritu zen, eta Madrilen ere bai. Espainiako Errepublikako hizlaririk onena izan zen»

VICTOR MORENO Idazlea

Morenok oroitu du Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialista izan zela Alesbesen sortutako lehena. «1931tik 1932ra baino ez zuen iraun. Alderdi errepublikazale bat zen, baina Julia sozialista zen, eta haren atzean bazen gosez hiltzen ari zen klase sozial bat. Mugimendua behar zuen».

Eta «mugimendu» hori Alesbesko alderdi sozialistak eman zion Alvarez Resanori. Hura izan zen alderdiko burua sorterrian, eta UGTkoa ere bai. «Gutxitan aipatzen da, baina Alvarez Resano izan zen kargu horietan aritu zen lehen emakumea», gehitu du idazleak.

Morenok aipatu du, hain zuzen, Alvarez Resano feministatzat jotzen dela, baina hark zalantzan jarri du hori. «Egia da soldata berdintasuna defendatu zuela, eta karguetan ere emakumeen ordezkaritza behar zela adierazi, baina ikuspuntu feminista batetik bainoago, langileriaren, eta, zehazki, lurra lantzen zuten langileen ikuspuntutik aritu zen».

1934. urtean, Alvarez Resanok Madrilerako bidea egin zuen, Rosario de Acuña ikastetxeko zuzendari aritzeko. Gainera, UGTko Lurraren Langileen Federazioko aholkulari izendatu zuten, eta gerora, zuzendari ere ibili zen. 1936ko otsailean, diputatu hautatu zuten, eta handik urtebetera, 1937an, Ciudad Realeko gobernadore zibil. 1938ra bitarte aritu zen. «Kargu horretatik kendu, eta instrukzioko epaile izendatu zuen errepublikako gobernuak», erantsi du Morenok.

Julia Alvarez Resano, Madrilen, mitin bat ematen. NAFARROAKO HITZA

Garai hura, halere, ez zen batere erraza izan Alesbesko politikariarentzat, idazleak nabarmendu duenez. 1938an, alargun gelditu zen, eta Alderdi Sozialistaren barruko gatazkek ere gogor jo zuten: komunista izatea egotzi zioten. «Julia Alvarez Resano sekula ez zen komunista izan», azpimarratu du Morenok. Sozialistek, baina, aitzakia hori baliatu zuten, azkenean, Alvarez Resano alderditik botatzeko, hura Frantzian erbesteratua zegoenean.

Erbesteak arrasto sakona utzi zion Alvarez Resanori. 1939. urtean abiatu zen Frantziara, Bartzelonatik, amarekin eta Carmen eta Miguel anai-arrebekin. Irakasle senak bultzatuta, Alvarez Resanok ikasle hartu zituen bertze erbesteratuen seme-alabak, baina, naziak Frantzian sartu bezain pronto, lan hori bertan behera utzi behar izan zuen. 1942an, Julia Alvarez Resano bakarrik gelditu zen Frantzian, ama, Nemesia Resano, Mexikora abiatu baitzen Carmen eta Miguel seme-alabekin; zenbait urteren buruan elkartu zen haiekin, 1947an.

«1945etik 1947ra, ez dakigu deus Juliari buruz», esplikatu du Morenok. 1947ko maiatzean, Mexikora eraman zuen bidaia hasi zuen. Alesbesko irakaslearen azkena izan zen, erbestean hil baitzen, 1948ko maiatzean. Mexikon eman zuen urte hartan egin zituenez «faltsukeria» anitz idatzi direla erran du Morenok: bertzeak bertze, Rimas izeneko aldizkari bat zuzendu zuela, eta abokatu lanetan aritu zela. «Juliaren eta familia osoaren egoera hagitz kaskarra zen; prekaritateak jota zeuden. Julia etsita ailegatu zen Mexikora, itxaropen oro galduta».

Parlamentuaren omenaldia

Frankismoak zulo batean sartu zuen Julia Alvarez Resanoren memoria. Eta oraindik oroitzeko anitz bada Alesbesko politikariaren inguruan. Nafarroako Parlamentua 2018an hasi zen ordaintzen Alvarez Resanorekin zuen zorra, erakunde hartako presidentea Ainhoa Aznarez zela. 2018tik, hain zuzen, parlamentuaren Iruñeko egoitzako lehen solairuan bada Alvarez Resanoren izena daraman areto bat. «Alvarez Resano omentzeko modu bat izan zen areto bati haren izena jartzea; liburu honen bidez ere hori egin nahi dugu: Alvarez Resano omendu eta oroitu. Eskerrak eman nahi dizkiot Pamielari proiektu honetan parte hartzeko aukera emateagatik», erran du Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, liburuaren aurkezpenean.

Victor Moreno idazlea, azaroaren 12an, Nafarroako Parlamentuan egindako aurkezpenean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Majuelok garbi erran du Morenok ondutako liburua altxor bat dela Alvarez Resano ezagutu eta haren ibilbidean sakondu nahi duten herritarrentzat eta ikerlarientzat. Memoria historikoan urrats bat egiten duen liburu bat da, eta, hain zuzen, esparru horretan lanean segitzeko konpromisoa hartu du Majuelok: «Azken urteotan, Nafarroan lan handia egin da memoria historikoaren esparruan, baina lan hori ez da salbu. Erreakzio bat dago lan horren guztiaren kontra, eta adi egon behar dugu. Ezin dugu horrelakorik onartu».

Morenok bezala, Alvarez Resanoren bideari aitortza egin dio Majuelok ere. Pamiela etxeak argitaratu berri duen Biografía de la socialista Julia Alvarez Resano liburuak aukera ematen du, hain zuzen, Alesbesko irakasle eta politikari hura ezagutzeko, egin zituen urratsei jarraitzeko, eta, haren ibilbidearen bidez, garai bateko egoeran sakontzeko ere bai.