Abarzuzako (Nafarroa) hegazti haztegi bateko behargin bat hil da gaur goizean, lan istripuan. 49 urteko gizonezkoa lanean zen, ezbeharra gertatu denean. Atzeraka zihoan kamioi batek harrapatu du, enpresatik gertu dagoen bide batean, eta bertan hil da.
SOS Nafarroa 112 larrialdi zentroak 08:26ean jaso du abisua. Landa bide batean gertatu da ezbeharra, herriko elikadura enpresa batetik gertu. Haraino joan dira Lizarrako suhiltzaile talde bat, anbulantzia bat eta Foruzaingoaren patruila bat. Larrialdi zerbitzuek, baina, ezin izan dute 49 urteko gizonezkoa suspertu, eta bertan hil da.
Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, bertan autopsia egin diezaioten. Gertatutakoa ikertzen ari da Foruzaingoa.
