Nafarroako garraiolarien hitzarmen kolektiboak hemezortzi urte daramatza berritu gabe, eta nahikoa delakoan daude sindikatuak eta garraiolariak. Ituna negoziatzea eskatzeko, greba egin dute gaur, eta protesta ekintza bat ere bai Imarkoaingo Garraioaren Hirian (Nafarroa): ehunka lagunek ANET Nafarroako Garraio Enpresen Elkartearen egoitza inguratu dute.
Goizeko 7:30ean zuten hitzordua ANETen bulegoetatik gertu dagoen biribilgune batean. Lehenik bira batzuk eman dizkiote hari, handik patronalaren egoitzara jo dute, pankarta batean hitzarmen berria eskatu eta mobilizatzeko deia egin diete garraiolariei, eta euren aldarrikapenen berri emateko eskuorri batzuk ere banatu dituzte. Guardia Zibilaren zenbait patruila bertaratu dira, baina ez da istilurik izan.
Garraiolarien protesta, gaur, Imarkoainen. JESUS DIGES / EFE
Protestaren amaieran hitza hartu du Alberto Paz ELAko kideak. Esan du negoziazio mahaia osatzen duten sindikatuek —ELA, LAB, CCOO eta UGT— ez dutela baztertzen lanuzte gehiago deitzea, eta eskerrak eman dizkie gaur euren deialdiarekin bat egin dutenei. Gehitu du, oraingoz, zaila dela grebak zenbateko jarraipena izan duen esatea, baina ziurtatu du zenbait enpresatan nabaritu dela eragina.
