Irakasle Elkartuen eta Ordezkoen Duintasunaren Aldeko Elkarteak (IEODE-ADPAS) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) kontrako salaketa kolektiboa aurkeztu du lan arloko epaitegian. Haien soldatak lanaldi partzialeko irakasle titularren ordainsariekin pareka ditzatela nahi dute. Ehun irakaslek baino gehiagok egin dute auzi eskea, baina, nabarmendu dutenez, egoera horrek 600 langileri baino gehiagori eragiten die; NUPeko irakasleen erdiei baino gehiagori, alegia.
Unibertsitatetik kanpo nahitaez jarduera nagusi bat garatzen duten gaitasun aitortuko profesionalak dira irakasle elkartuak. Ordezko irakasleek, berriz, irakasle titularren baimenak eta bajak betetzen dituzte.
Elkarteak adierazi duenez, «egungo egoerak diskriminazio argia islatzen du». Izan ere, lanaldi partzialeko irakasleek 8.349 euro gordin jasotzen dituzte urtean. Astean hiru irakaskuntza ordu eta hiru tutoretza ordu dituzte, ordezko irakasleek bezalaxe. Azken horiek, ordea, 5.437 euro baino ez dituzte jasotzen. Eta irakasle elkartuek ,4.371 eta 6.682 euro artean, titulazioaren arabera: «%48 gutxiago jasotzen dute lan berdina egiteagatik», haien ordezkariek gaitzetsi dutenez.
«Errektore taldearekin bildu gara, eta ehun irakaslek baino gehiagok sinatutako idatzia eman diogu. Hala ere, aurten onartutako hitzarmen kolektiboak ez ditu arazoak konpondu»
Irakasle Elkartuen eta Ordezkoen Duintasunaren Aldeko Elkartea
Bestalde, azpimarratu dutenez, lanaldi partzialeko irakasle titularrak eskola ematera mugatzen dira, ikerketa jarduerarik egin gabe. Irakasle elkartuek, ordea, esperientzia profesionalean oinarritutako irakaskuntza ematen dute, eta hori «askotan funtsezkoa da ikasleen prestakuntza praktikorako». «Hala ere, prekaritate estrukturala jasaten dute, eta hori are larriagoa da ordezko irakasleen eta irakasle elkartu asistentzialen artean». Aldi baterako kontratuak egiten dizkiete, eta lehiaketa prozesuak hiru urtean behin izaten dituzte, zehaztu dutenez.
«Gainera, osasun arloko ikasketak ematen dituzten irakasle asistentzialei dagokienez, irakaskuntza eta jarduera profesionala bateragarri egitearen abantaila teorikoa ez da betetzen praktikan, eta horrek zailtasun gehiago sortzen ditu».
Bazterketa
2025eko urtarrilean sortu zuten irakasle elkartu eta ordezkoen elkartea, eta ehun afiliatu baino gehiago ditu dagoeneko. «Errektore taldearekin bildu gara, eta ehun irakaslek baino gehiagok sinatutako idatzia eman diogu. Hala ere, aurten onartutako hitzarmen kolektiboak ez ditu arazoak konpondu. Larriagotu egin ditu». Kritikatu dutenez, soldatetan, %10eko igoera mailakatua aurreikusten du hitzarmenak, 2028ra arte. «Eskatutako %50etik oso urrun», azaldu dutenez.
Era berean, Nafarroako Gobernuak eta NUPek izenpetutako finantzaketa hitzarmenak ere baztertu egin dituela salatu du elkarteak, emandako sei milioi euro gehigarrietatik ez baitute sosik jaso, haien hitzetan.
Irakasle Elkartuen eta Ordezkoen Duintasunaren Aldeko Elkarteak abenduko hauteskunde sindikaletan parte hartuko du. Besteak beste, hau eskatzen dute: soldatak lanaldi partzialeko irakasle titularren ordainsariekin parekatzea, ordezko irakasle lanpostuak egonkortzea, irakaskuntza orduak murriztea 55 urtetik gorako irakasle guztiei, langile publikoen aparteko ordainsariak berreskuratzea, eta irakasle asistentzialen lan baldintzak hobetzea.
Erlazionatuta
