Koldo Garciaren audioak manipulatuta zeudela dioen txosten perizial bat aurkeztu du Cerdanek Gorenean

Koldo Garciaren audioak manipulatuta zeudela dioen txosten perizial bat aurkeztu du Cerdanek Gorenean

Santos Cerdan PSOEko antolakuntza idazkari ohiak hura akusatzen duten audioak manipulatuta daudela esan izan du, eta hori frogatutzat jotzen duen txosten perizial bat aurkeztu du haren defentsak Espainiako Auzitegi Gorenean. Cerdani leporatzen diote, ustez iruzur egindako hiru adjudikazioetan, Servinabar eta Acciona eraikuntza enpresen alde bitartekaritza lanak egitea. Hiru auzipetu daude auzi honetan. Cerdanez gain, Jose Luis Abalos Sustapen ministro ohia eta Koldo Garcia, Abalosen aholkulari izan zena urtetan; fiskaltzak, hurrenez hurren, 24 eta hemeretzi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat. Cerdan auzipetzeko orain arte publiko egin den froga nagusietako bat Koldo Garciari atzemandako audio batzuk dira. Horietan, Cerdanekin izandako ustezko elkarrizketa batzuen audioak entzuten dira, filtrazioen bidez publiko egin dituztenak.

Cerdan iragan asteazkenean utzi zuten aske baldintzapean, bost hilabete espetxean pasatu ostean. Irten zenean esan zuen «errugabea» zela, eta txosten teknikoan «gezur» eta «manipulazioak» zeudela. Horiek frogatzeko txosten bat aurkeztu du haren defentsak Espainiako Auzitegi Gorenean. Bertan dioenez, «manipulatuta daude» Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak Cerdan inputatzeko ustez Koldo Garciari antzemandako audioak.

Cerdanen defentsak Leopoldo Puente Auzitegi Goreneko epaile instruktoreari helarazi dio txosten perizial hori. Europa Press agentziak zabaldu duenez, perituek audioak aztertu ostean ondorioztatu dute «inkoherentzia teknikoak, denborazkoaz, egiturazkoak eta metodologikoak» daudela. «Egiaztatzen da audioek anomalia objektiboak dauzkatela sorrerazko bizitza digitala duen ziklo batekin, hala nola, dibergentziak frekuentzian eta audioaren une bakoitzean dagoen bit kopuruan ustez gailu eta aplikazio berean sortutako artxiboetan. Desfase esanguratsuak daude grabaketaren une errealaren eta kodifikazio denboraren artean, eta kointzidentzia masiboak modifikazioen datetan». Txostena egin duten perituen esanetan, hori bakarrik azal liteke artxiboen esportazio bat egon bada, berriz muntatu bada edo manipulazioa egon bada.

«Manipulatuak»

Irregulartasun horiek, gainera, ezin direla teknikoak izan gehitu dute txostenean. Horregatik, baieztatzen dute «modu eztabaidaezin batean» audio artxibo horiek elkarrizketen osteko uneren batean prozesatuak, berreraikiak, transferituak edo manipulatuak izan zirela. «Ezin da baieztatu segurtasun osoz aztertutako artxiboak lehen kopia forentsearen berdinak direnik, eta ez direnik audio haiek pasa manipulazio, errestaurazio, kopia edo reindexazio prozesuetatik».

Halaber, egindako azterketa xehe horretan ondorioztatu dute ezin dela «zientifikoki baietatu aztertutako ahotsak pertsona berarenak direnik, eta ziurtasun osoz ahots hori pertsona jakin bati egotzi daitekeenik». Horregatik diote ezin dela baieztatu teknikoki egiazkoak eta originalak direnik audioak.

Epaile instruktoreak ere eskatu zuen audioei buruzko txosten perizial bat. Guardia Zibilaren Ingeniaria Kriminalistikako Departamenduko Zerbitzu Digitaleko espezialistek ez zuten ikusi audioak manipulatuak izan zirenaren zantzurik. Aitortu zituzten ziurgabetasun batzuk, halere. Besteak beste, ezin zutela baieztatu noiz grabatu ziren, eta ekintzen kronologia fidagarri bat ere ezin izan zuten baieztatu.