Euskarak bizirik irauteko xedea

Euskarak bizirik irauteko xedea

Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren gisako ekitaldiak euskarak bizirik irauteko urte askoan jende ugarik egindako lanaren fruitua dira. Hain zuzen, pertsona horien artean daude 1925ean Iruñean sortu zen Euskararen Adiskideak elkarteko kideak. Helburu jakin batzuekin sortu zen elkartea: euskara irakastea, mantentzea, sustatzea eta zabaltzea, eta euskal ohiturak, jostetak eta kirol tradizionalak berpiztea. Eta hein handi batean, lortu zuten helburu horiek betetzea.

Izan ere, elkarteak euskaldunak «piztea» eta euskararen aldeko kontzientzia zabaltzea eragin zuela adierazi du horren inguruan ikertu duen Kike Diez de Ulzurrun kazetari eta itzultzaileak (Iruñea, 1962). Euskararen Adiskideak elkarteak lortu zuen aurreko urteetan euskara eta euskal kulturaren alde Nafarroan izandako mugimenduei jarraipena ematea, eta Diez de Ulzurrunek dio erakundea Nafarroako garai hartako euskaltzale guztien bilgune bilakatu zela. Joera politiko eta pentsamolde askotako ehun pertsona baino gehiago elkartu ziren euskara eta euskal ohiturak sustatzeko. Horren parte izan ziren, besteak beste, XIX. eta XX. mendeetan pentsalari garrantzitsua izan zen Arturo Campion, Julia Fernandez Zabaleta irakasle abertzale eta feminista, Iruñean Zeruko Argia aldizkaria sortu zuen Damaso Intza kaputxinoa, Maria Paz de Ziganda euskaltzalea eta Iruñeko alkate izandako Jenaro Larratxe. 

1925ean sortu zenetik 1936ko uztailaren 18ra arte, frankistek Iruñea hartu eta jarduera eten behar izan zuten arte, Euskararen Adiskideak elkarteak hainbat ekinbide egin zituen euskara eta euskal kultura Nafarroan sustatzeko. Euskal jaiak, euskararen aldeko diru bilketak, literatur lehiaketak, lore jokoak eta euskararen egunak antolatu zituen, besteak beste. Nafarroako hamar herri baino gehiagotan egin ziren euskal jaiak, eta ekitaldi entzutetsuenetako bat Iruñeko Euskararen Eguna izan zen. 1930eko irailaren 27an eta 28an ospatu zen, eta ekitaldi ugari egin ziren, hala nola Iruñeko, Lizarrako, Leitzako, Zangozako, Tafallako eta Tuterako erraldoien eta buruhandien ibilerak izan ziren, Iruñeko haur euskaldunei sariak banatu zizkieten Gaiarre antzokian, eta Leitzako, Cortesko eta Aldazko dantzariek jaialdia egin zuten Takonera parkean. 

Hala ere, hastapenetatik, Euskararen Adiskideak elkartearen helburu nagusietako bat euskal eskola sortzea zen, baina ez zen erraza izan xede hura gauzatzea. Esaterako, elkartea sortu zuten urtean bertan, Primo de Rivera buruzagi faxistak euskarazko eskola liburuak debekatu zituen. Baina 1931n, Espainiako Bigarren Errepublika garaian, Iruñeko lehen euskal eskola zabaltzea lortu zuten. 30 ikasle eta irakasle bakarra ziren hasieran, baina sortu eta bost urtera, berrehun ikasle inguru eta bost irakasle zituen, Diez de Ulzurrunek azaldu duenez. Iruñean ireki ostean, Lizarran eta Elizondon ere zabaldu zituzten euskal eskolak. Kazetariaren arabera, Tafallan ere bazen euskal eskola bat sortzeko asmoa, baina frankisten altxamenduak eragotzi egin zuen.  

Iruñean 1931. urtean sortutako lehen euskal eskolako ikasleak. GERARDO ZARAGUETA / NAFARROAKO MUSEOA

Euskara elkargoa aitzindari

Euskararen Adiskideak elkartea ez zen hutsetik hasi, eta lehendik sortutako zenbait mugimenduri jarraipena eman zion. Diez de Ulzurrunek azpimarratu du Euskal Herri osoan euskararen aldeko «lehen ekinbide antolatua» 1877an Iruñean sortutako Euskara elkargoa izan zela. Garai hartako zenbait pentsalarik jarri zuten abian —horien artean, Juan Iturralde y Suit eta Arturo Campion aipatu ditu kazetariak—, «ohartu zirelako Nafarroan euskara atzeraka zihoala». Izan ere, Diez de Ulzurrunek azpimarratu du 1800. urtean euskarak zuen egoerak «ez zuela zerikusirik» 100 urte geroago zuenarekin: «XIX. mendearen hasieran Iruñerria euskalduna zen, eta Iruñerriaren hegoaldeko ibar batzuk ere bai». Esaterako, Artaxoa, Gares eta Puiu «oso euskaldunak» zirela nabarmendu du. Baina urte haietan Nafarroako eremu askotan euskarak behera egin zuen, besteak beste, agintarien euskararen kontrako jarrerak, ezarritako debekuak eta irakasle batzuei jarritako «zigor latzak» zirela eta. 

«XIX. mendearen hasieran Iruñerria euskalduna zen, eta Iruñerriaren hegoaldeko ibar batzuk ere bai»

KIKE DIEZ DE ULZURRUN Kazetaria eta itzultzailea

Elkargoaz gain, Euskararen Adiskideak sortu aurretik izandako beste zenbait jazoera aipatu ditu: Iruñeko Udalak 1882an euskarazko literatur lehiaketa bat antolatu zuen —lehen aldia zen literatur lehiaketa batean erakunde ofizial batek euskarari lekua ematen ziona—, Euskal Pizkundea mugimendua jaio zen, 1907an Euskal Esnalea elkartea sortu zen, eta, 1918an, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia. 1936ko gerraren ostean ere, frankismo garaian, euskararen aldeko ekintzak izan ziren. Esaterako, 1957an, Nafarroako Foru Aldundiak —frankisten agindupean zegoen— Euskararen Aldeko Saila sortu zuen. Pedro Diez de Ulzurrun euskal idazle eta medikua izendatu zuten sailaren buru, Kike Diez de Ulzurrunen aita. Kazetariak aipatu du jende euskaltzalea sartu zela sailean. «Euskararen kontrako jarrera orokorraren barnean bazen zirrikitu bat», azaldu du. Horrez gain, 1950 inguruan gerra ondorengo lehen euskara katedra ere izan zen, eta 1965ean, gerra ondorengo Nafarroako lehen ikastola sortu zen Iruñean.  

Gaur egun euskaraz hitz egin ahal izateko urte haietan egindako ekinbideen garrantzia nabarmendu du Diez de Ulzurrunek: «Nire ustez, euskararen aldeko mugimendua 1877an hasi beharrean Francoren diktaduraren ondoren hasi izan balitz, beharbada zu eta biok ez ginen hemen egonen».