2026a, urte elektrikoa

2026a, urte elektrikoa

Euskal Herriko industriak atzean uztear du urte zaila. Nazioarteko merkataritza gatazken eraginez eta Europako hainbat alor ekonomikoren lehiakortasun arazoen ondorioz, euskal enpresen esportazioak murriztu egin dira aurten, eta jarduera ekonomikoa moteldu da. Zailtasun horien aurpegirik latzenaren erakusgarri, Nafarroan bi enpresa enblematikok ateak itxi dituzte: BSHk eta Sunsundeguik. Dena ez da ezkor, ordea. Izan ere, trantsizio energetikoaren eta eraldaketa digitalaren erronkei aurre egiteko prozesuan murgilduta dago euskal industria, eta egunerokoaren zurrunbiloak ez du zenbaitetan basoa ikusten uzten. Aldaketa garaiak berak badu eragina industriaren egungo bilakaeran. 

[articles:2151846]

Zer ekarriko du urte berriak? Hain justu ere, 2026an hasiko da nabaritzen elektrifikazioaren aldeko apustua, eta horren emaitza esanguratsuenak azaleratuko dira. Horregatik, 2026a urte elektrikoa izango da.

1

Palankak eta inbertsioak

Industriaren deskarbonizazioa bultzatzeko eta erronka digitalari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bi finantza palanka abiatu dituzte, inbertsioaren bidez alor publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza uztartzeko asmoz. Jaurlaritzak, zehazki, 1.000 milioi euro mobilizatu ditu 2030era bitarteko Eraldatuz planaren barruan, eta helburuetako bat da inbertsio pribatua erakartzea. Horretarako, lau funts berezi eratu dituzte: Finkatuz, enpresak errotzeko; Indartuz, inbertsioak erakartzeko; Euskal Finantzen Institutua, mailegu lerro berriak eskaintzeko; eta arrisku kapitaleko funtsak.

Finkatuz funtsaren helburuetako bat enpresak errotzea da, eta mugimendurik garrantzitsuena Talgoren partaidetza erosketa izan da. Euskal partzuergoaren barruan, Jaurlaritzak 80 milioi euro inguru jarri ditu inbertsio zuzenaren zein Talgorentzako mailegua bideratuko duen Ekarpen sozietatearen bidez. Behin egoitza Arabara aldatuta, 2026an ikusiko da norantz zuzentzen duen Talgo, eta ea gai den haren finantza arazoak bideratzeko. Operazio horren eragile nagusia Sidenor da, eta ikusi beharko da Jose Antonio Jainagaren aurkako auziak eraginik ba ote duen bere inguruan ardaztu diren beste operazio ekonomikoen inguruan. Izan ere, Finkatuz funtsak jadanik 130 milioi euro inguru ditu konprometituak: Talgoren operaziorentzat ez ezik, beste 35 milioi euro Jainagaren Mirai holdingeko bi egitasmorentzat izango dira —Ohnia Electronics eta Innometal—. 

Beste hainbat eragiketa etorriko dira. Batetik, Ayesaren (Ibermatica zena) erosketan sartuko da Jaurlaritza, BBK fundazioarekin eta Kutxabanken Indar funtsarekin batera. Kontratua urtarrilean hitzartzea espero da, eta ikusteko dago zenbat diru jarriko duen. Bestetik, 2026an Finkatuz funts horren dirua beste hainbat proiektutarako erabiltzea espero da. Horri guztiari gehitu behar zaio Jaurlaritza buru-belarri dabilela atzerriko inbertsioa erakartzeko asmotan, Indartuz funtsaren bidez. Berriki, Imanol Pradales iragarri du «lau proiekturekin» ari direla lanean. Diskrezioaren izenean ez du xehetasun handirik eman, baina bai zehaztu du multinazional horiek autogintzan, ekonomia zirkularrean, elikagai industrian eta energiaren biltegiratzeko arloan aritzen direla. 

Nafarroan, Mikel Irujo Industria kontseilariak ere ez du ezkutatu hainbat enpresa txinatarrek interesa agertu dutela Nafarroan ezartzeko, eta ikusi beharko da proiekturen bat gauzatzen den. Azaroan, Maria Txibite lehendakaria eta Irujo Txinan izan ziren. Zazpi probintziatan barrena ibili ziren, eta autogintzaren, mugikortasun elektrikoaren eta energia berriztagarrien arloetako enpresekin bildu ziren. Horietako batzuek Europan ezartzeko asmoa dute. Kasurako, energiaren arloko Houpu Clean Energy: hidrogenoan eta energiaren biltegiratzean espezializatutako taldea. Autogintzan, berriz, Xiaomi Auto, Li Auto, Zonsen eta Xpeng (Volkswagenen hornitzailea) bisitatu zituzten.

Atzerriko inbertsioa erakarri eta proiektuak sendotzeko bidean, baina, Nafarroako Gobernuaren hasierako plana Eusko Jaurlaritzarena baino xumeagoa da. 2026an industria inbertsiorako programa aktibatuko du. Iazko martxoan iragarri zuen 50 miloi euroko funtsa sortuko zuela, baina plana konplikatu egin da hilabeteotan, eta hasieran hamabost milioi euro jarriko dituzte. Nafarroako Gobernuak aurten eramango du industria legea parlamentura, eta helburua da etorkizuneko eraldaketari aurre egiteko marko juridikoa ematea sektoreari.

2

Autogintzaren elektrifikazioa

Aurten autogintzako bi ikur nagusiak, Gasteizko Mercedes eta Iruñeko Volkswagen, euren fabrikak elektrifikaziora egokitzeko lanetan murgilduta ibili dira, eta egokitzapen horrek berak zerikusi zuzena izan du sektoreak aurten izandako motelaldiarekin. Batak zein besteak hori dena atzean utzi eta normaltasuna berreskuratzeko bideari ekingo diote 2026an.

Mercedesen, Gasteizko fabrika egokitzeko lanekin batera, azken hilabeteak VLE modelo elektrikoa garatzen pasatu dituzte —apirilean aurkeztu zuten luxuzko modelo parekidea: VLS—. Lehen ibilgailu elektrikoak irailean atera ziren ekoizpen lerrotik, eta jendaurrean martxoaren 10ean aurkeztuko dituzte, Stuttgarteko automobil azokan, Alemanian. Data zehatzik ez badago ere, urte erdirako VAN.CA plataformatik aterako dira segidan VLE modelo elektrikoak, eta urtea amaitu bitarte 11.000 ibilgailu egitea espero du zuzendaritzak. Produkzioa konbustioko ibilgailuen ekoizpenarekin uztartuko da, eta merkatuaren beharretara egokitzeko malgutasuna izango du fabrikak. Lehen urtebetean hamar furgonetatik bat izango da argindar bidezkoa. Era berean, beste modelo elektrikoa, eVito, 2027rako ekoiztea espero da.

Landabenen, antzera, oso urte berezia dute aurretik. Sei hilabetez jarraituko dute produkzio murriztuarekin eta txanda bereziekin, baina udako oporraldiak amaituta itzuliko dira ohiko erritmora. Ekainean ezagutaraziko du Skoda Epiq modelo elektrikoa eta ID Cross, berriz, udazkenean aurkeztea espero dute. Azken hori VW markak merkatu elektrikoan lehiatzeko duen apustu nagusietako bat izango da.

Auto elektrikoaren aldeko apustuaren eskutik, beste hainbat inbertsio garrantzitsu azaleratuko dira. Izan ere, VW taldeko fabrikei baterien zelulak hornitzeko gigafaktoria bat eraikitzen ari dira Sagunten (Herrialde Katalanak), eta haren ateak 2027an irekiko dira. Bitartean, Alemaniatik ekarriko dituzte baterien zelulak, eta Hyundai Mobisek Garraioaren Hirian (Elortzibar) eraikitako fabrikan muntatuko dituzte. Hego Koreako taldeak aste honetan bertan amaitu ditu lanak, eta 214 milioi euro inbertitu ditu. 350 lanpostu baino gehiago sortzea espero du.

Hyundai Mobis Garraioaren Hirian eraikitako fabrika. BERRIA

Handik gertu, Gestampek Noaingo fabrikaren instalazioak handitu ditu, Volkswagenen beharrari erantzuteko asmoz. Zehazki, ibilgailu elektrikoen alboko egiturak hornituko ditu. Instalazio berri horietan estanpazio bero sistema erabiliko dute, eta bertan muntatuko dituzte ateak. Gestampek metodo propio bat garatu du, eta, horri esker, atearen pisua nabarmen murriztu dute, eta uste dute lehiakortasuna hobetu eta karbono aztarna murriztuko dutela.   

Auto elektrikoaren inguruan badira proiektu gehiago. Eusko Jaurlaritza, CIE Automotive, Iberdrola, Enagas, Innoenergy eta CIC Energygune ikerketa zentroa Basquevolt proiektua garatzen ari dira, Arabako parke teknologikoan. Bertan garatzen ari dira egoera solidoko bateriak —energia elektrokimikoa biltegiratzeko teknologien hurrengo belaunaldia—, eta zuzeneko aplikazioak izan ditzake mugikortasun elektrikoan zein beste hainbat arlotan. Basquevolt hastapen fasean badago ere, 2026an urrats sendoak egin nahi ditu proiektua industria jarduerara eramateko, eta 2027tik aurrera faktoria handi baten eraikuntza planteatzeko. 

3

Energiari lotutako egitasmoak 

Industriaren elektrifikazioa erraztu, berriztagarriak sustatu, energia biltegiratu eta eraginkortasuna irabazteko hainbat proiektu daude abian. Nagusietako bat Ingeteam garatzen ari da Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa). Trantsizio energetikoan ardatz izango den potentzia elektronikako sistemak eta proiektuak ikertu eta garatuko dituen laborategia eraiki berri dute, eta 2026an lanean arituko da. Europako erreferente nagusi izan nahi du, potentzia elektronikarik gabe ezingo baita trantsizio energetikorik egin. Parke eolikoei, plaka fotovoltaikoei, ibilgailu elektrikoen bateriei, energiaren biltegiratze sistemei edota hidrogeno berdeari irtenbideak ematea du xede. Gainera, Atacamako basamortuan (Txile) energia biltegiratzeko munduko proiektu handienean parte hartzen ari da Zamudion egoitza nagusia duen enpresa, eta espero da 2026an eraikitzen hastea, baita urte amaierarako operatibo izatea ere.

Bide beretik, Amets Power Electronics proiektuak ere potentzia elektronika garatu nahi du. Mondragon taldearen eta Artecheren arteko lankidetza egitasmo horren partaide da Ikerlan ikerketa zentroa, eta 2026an soluzio berritzaileen bilaketan eta diseinuan jarraituko dute, 2027tik aurrera industria jarduerari ekiteko. Antzera, erdieroaleetan espezializatutako Semi Zabalak ere lantoki bat ireki berri du Zubietan (Gipuzkoa), eta datorren urtean industria jarduerarantz pausoak eman nahi ditu.  

Energia berriztagarrien parkeak ere handitzen jarraituko du. EAEn, hogei urteren ondoren, lehen parke eolikoa eraikitzen hasi berri dira Oionen, eta 2026 amaierarako inauguratzea espero da. Nafarroan, berriz, aurten 34 parke eoliko eta fotovoltaiko baimendu dira, eta horietako batzuk martxan egongo dira datorren urtean. Gainera, herrialde horretan, 2026an abian egongo da palak birziklatzeko Waste2fiber lantokia ere, Irunberrin.