Eliteko kirolari gutxik izango dute kirolaz besteko lan bat. Are gutxiago Bartzelonako jokalaria izanda. Antonio Bazanek (Zizur Nagusia, Nafarroa, 1996), ordea, badu. Munduko eskubaloi talderik onenetako batean jokatzen du, eta, gainera, mediku aritzen da. Nafarrak dio esperientzia «izugarria» dela maila horretako talde batean jokatzea.
Jada urte eta erdi daramazu Bartzelonan. Zer moduz egokitu zara?
Egia esanda, esperientzia izugarria da niretzat. Mediku egoiliar gisa egin beharreko aldia amaitu nuenean, banekien Bartzelonara joan beharko nuela, Guttmann institutura. Horrekin batera, taldearen dinamikan sartzeko aukera sortu zitzaidan, eta uste baino azkarrago egokitu naiz. Eskubaloiko mailari dagokionez, koska handia dago, eta talde xumeago batetik bazatoz, are handiagoa. Baina uste dut ondo egokitu naizela, pixkanaka. Kluba osatzen duten guztiekin oso gustura nago. Urte eta erdiren buruan, integratuago nago, eta oso pozik; hori nabari da.
Bartzelonak deitu zintuen, ala zuk eskaini zenuen zeure burua?
Prozesu bitxia izan zen. Bizpahiru urte lehenagotik nekien Bartzelonara joan beharko nuela. Hasieran Guttmann institutura, nahitaez, eta gero hautazko hilabete bat neukan, beste zentro batean egin beharrekoa. Beraz, Gutierrez medikuarekin [Bartzelonako medikua] hitz egitea bururatu zitzaidan, eta galdetu nion modurik ba ote zen hautazko hilabete hori harekin egiteko. Ondoren, Raul Entrerriosek deitu zidan, garai hartan Bartzelonako beheko taldeez arduratzen zenak. Bartzelonako bigarren taldearekin jokatzeko aukera eman zidan, eta esan nion egingo nuela, ospitaleak arazorik jartzen ez bazuen behintzat. Bartzelonara joatear nintzela, lehen taldeko piboteetako batek min hartu zuen, eta ni aukeratu ninduten ordezko. Zorionez, ospitaleak dezenteko malgutasuna izan zuen ordutegiekin, eta ondo moldatu nintzen. Bartzelonan egon beharreko hilabeteak igaro zirenean, klubak denboraldi amaierara arte geratzeko aukera eskaini zidan, eta onartu egin nuen.
Aurten ere Bartzelonan zabiltza. Zergatik?
Martxo aldera, klubak galdetu zidan zer asmo neukan 2025-2026ko denboraldirako. Aukera ugari neuzkan, baina pibote postuan aldaketa batzuk izan zirenez, aukera eman zidaten kontratua urtebete luzatzeko. Niretzat aukera izugarria zen munduko talderik onenetako batean jokatzen jarraitzea, eta, taldean oso gustura nengoenez, onartzea erabaki nuen. Oso pozik nago hartutako erabakiarekin, eta oso ondo doa denboraldia.
Anaitasuna taldean kapitain eta erreferente zinen, eta, orain, Bartzelonan, beste rol bat duzu. Nola egokitu zara rol horretara?
Anaitasunan 11 urte neramatzan, eta Bartzelonan baino protagonismo handiagoa izaten nuen, ezbairik gabe. Bartzelonara iritsi nintzenean, taldeko jokalaririk txarrena nintzen, dudarik gabe; beraz, alde horretatik, oso ondo egokitu naiz. Uste dut horretan zentzuduna izan behar duzula, eta konturatu jokalari apartez inguratuta zaudela. Banekien ahal nuenean laguntzea izango zela nire egitekoa, eta taldearen hobe beharrez aritzea. Garbi neukan partida ez hain ikusgarrietan jokatuko nuela, jokalari garrantzitsuek atseden har zezaten. Alde horretatik, kirola beste ikuspuntu batetik ezagutzen ari naiz, eta, egia esanda, oso gustura nago. Izan ere, Oscar Grauk eta biok munduko pibote onenetakoen arteko birekin banatzen dugu postua: Luis Fraderekin eta Ludovic Fabregasekin. Taldekide ezin hobeak ere badira, eta, beraz, izugarri ari gara ikasten eta disfrutatzen, egunero haiekin entrenatzea ikaragarria baita.
Nola ikusten duzu Anaitasuna aurtengo denboraldian?
Anaitasunaren partida dezente ikusi ditut, eta behin zuzenean ikusteko aukera ere izan nuen. Lan ederra egin dute orain arte. Zalantza askoko uda izan da klubarentzat. Uste dut Nacho Moyano [entrenatzailea] eta aurten sartu diren guztiak lan izugarria egiten ari direla. Berregituraketa handia egin dute klubaren barnean. Zorionez, aurreko urteetan lan ikaragarria egin da harrobian, eta orain lehen taldean jokatzen dute harrobiko hainbat jokalarik. Ligari dagokionez, Zilarrezko Ohorezko Maila oso lehiaketa gogorra da, eta oso zaila da etxetik kanpo puntuak biltzea. Hori kontuan hartuta, Anaitasuna oso sendo ari da etxean, eta garrantzi handia du horrek. Horrela jarraituz gero, denboraldi amaieran aukera izango dute mailaz igotzeko borrokan ibiltzeko, baina jakina da zein zaila den Ohorezko Mailara igotzea.
«Garbi neukan partida ez hain ikusgarrietan jokatuko nuela, jokalari garrantzitsuek atseden har zezaten. Alde horretatik, kirola beste ikuspuntu batetik ezagutzen ari naiz»
Europako txapelketa jokatzeko azken-aurreko deialdian izan zinen, baina azken deialditik kanpo geratu zara. Zer moduz zaude?
Ez nuen espero azken-aurreko deialdian egotea, eta are gutxiago azkenengoan. Beraz, oso gustura nago. Azken aldiz 2017an sartu nintzen zerrenda horretan, eta aurten ez nuen inolaz ere espero hor egotea. Oso ona izan da niretzat, egindako lan guztiaren emaitza izan baita. Gainera, ikusi dut hautatzaileak nire lana baloratzen duela, eta sekulako jokalari horien artean egotea ederra da niretzat.
Nola lortzen duzu goi mailako kirola medikuntzarekin uztartzea?
Orain, Bartzelonan, abantaila handia daukat, goizez entrenatzen baikara. Beraz, arratsaldez pare bat zentrotan lan egiteko aukera izaten dut. Medikuntzari esker eskubaloitik deskonektatzen dut, eta horrek mesede egiten dit. Ahalik eta hoberen antolatzen saiatzen naiz, eta eginbehar guztiak apuntatzen, ezer ez ahazteko. Baina batez ere, jendearen laguntza eskertzen dut gehien, ordutegi aldetik izugarri laguntzen bainaute. Ilusioz aritzen naiz; izan ere, hala egingo ez banu, gauzak ez lirateke ondo aterako. Nire ustetan, motibazioa aurkitzea da gakoa, eta gauzak ahalik eta ondoen egitea.
Etorkizunerako zer asmo duzu?
Oraindik ez dakit. Ikusiko dut taldeek zer intentzio duten; izan ere, gauza batzuk ez daude nire esku. Hala ere, uste dut nagoen lekuan nagoela ere, ondo egongo naizela. Bartzelonan, Iruñean edo beste edozein lekutan disfrutatuko dut, eta pozik egongo naiz. Erabakia hartu aurretik gauza asko hartu behar dira kontuan, bai eskubaloiari dagozkionak bai lanari eta familiari dagozkienak. Hala dagokionean aukera guztiak mahai gainean jarri, eta erabakiko dut. Bitartean, disfrutatzen ari naiz, eta oso pozik nago.
