Zortzi milioi bidaiarik baino gehiagok erabili zituzten iaz Hego Euskal Herriko lau aireportuak. Azken urteetako hazkundeari segida eman eta inoizko bidaiari kopuru handiena izan zuten. 2024ko datuei erreparatuz gero, kopuru hori %3,8 handitu zen. Dena den, eta urte arteko datuak alderatuz gero, bilakaera handiena hegaldi kopuruan izan zen, %4,8 gehiago izan zirelako: 78.250 hegalditik 82.269 hegaldira.
Loiuko (Bizkaia) eta Forondako (Araba) aireportuek izandako gorakada dira kopuru historikoaren gakoa. Loiukoaren kasuan aurrenekoz igaro zuen zazpi milioi bidaiarien langa. 7.062.681 bidaiarik erabili zuten, 2024ean baino %3,8 gehiago. Hegaldi kopurua ere %3,7 handitu zen eta garraiaturiko zama kopurua %23.
Loiuk bidaiari marka hobetu zuen hirugarren urtez jarraian, eta AENA Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigazioko presidenteak —Hego Euskal Herriko aireportuak kudeatzen dituen erakundea— dagoeneko ohartarazi du aireportua bere ahalaren mugara iristen ari dela. Halaber, iradoki du hobekuntza eta hazkunde lanak beharko lituzkeela, besteak beste hegazkin konpainiek gero eta toki handiagoa eskatzen dutelako.
Forondak ere urte oparoa izan zuen bidaiariei dagokienez. 307.163k erabili zuten, 2024ean baino %16,4 gehiago. Igoera nabarmena da, baina Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak helburu gisa jarri izan dituen milioi erditik urrun dago oraindik. Hegaldiak ere %2,5 hazi ziren, ez ordea garraiaturiko zama. Azken datu hori garrantzitsua da, Foronda, batez ere, garraio aireportua delako. Guztira 69 milioi tona zama mugitu ziren, 2024ean baino %2,1 gutxiago.
Hondarribian, behera
Bidaiari kopurua murriztu zuen aireportu bakarra Hondarribikoa (Gipuzkoa) izan zen: 472.666k erabili zuten, 2024ean baino %2,8 gutxiago. Datu deigarria da, hegaldi kopurua %7,8 handitu baitzen —6.482 guztira—. Kopurua jaitsi arren, bilakaera historikoari erreparatuz gero inoizko hirugarren kopuru handiena da. Iberia Espainiako hegaldi konpainiak Madrilerako eta Bartzelonarako hegaldi kopurua murriztu zuen iaz eta erabaki horrek eragina izan du bidaiari kopuruan.
Azkenik, Noain (Nafarroa) izan zen bidaiari gutxien mugitu zituen Hego Euskal Herriko aireportua. 233.398 bidaiarik erabili zuten azpiegitura, 2024ean baino %5,8 gehiagok. Hegaldi kopurua, aldiz, 7.019 izan zen, aurreko urtean baino %21,8 handiagoa. Datu deigarria da, izan ere, esaterako, Hondarribiko aireportuan baino hegazkin gehiagok hartu baitzuten lur bertan. Guztiak, gainera, bidaiari hegaldiak izan ziren, ez baitzuten zamarik hartu. Egun aireportuak egoera zaila bizi du, helmuga garrantzitsuenetariko batzuetara joateko hegaldien lehiaketa publikoa esleitu gabe itxi berri delako.