Erorien Monumentua eraldatzeko lehiaketaren kontrako helegite bat aurkeztu dute

Erorien Monumentua eraldatzeko lehiaketaren kontrako helegite bat aurkeztu dute

Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko eragileen plataformak ez du amore emateko asmorik, eta eraikin hura eraldatzeko martxan den lehiaketa publikoaren kontrako helegite bat aurkeztu du udalean. Argudiatu dute lehiaketa legearen kontrakoa dela, haren arabera, monumentu eta ikur frankistak «erretiratuak edo ezabatuak» izan behar direlako. Iruñeko Udalak hilaren 12an jakinarazi zuen martxan dela Erorien Monumentua «memoria demokratikoa berreskuratzeko eta faxismoa salatzeko Memoria Museo» bihurtzeko arkitektura lehiaketa.

Eraikina eraistearen aldeko plataformak iritzi dio Espainiako Memoria Demokratikorako Legeak ez duela halako monumentuei esanahia aldatzeko aukera jasotzen. Horretarako, memoria guneei dagokion atalari erreparatu diote. Hark zehazten du izendapen hori jaso dezaketela «garrantzia bereziko gertaerak» izan diren espazio eta eraikinek, bai eskubide eta askatasunen aldeko borrokaren ikur izan zirelako, bai errepresioaren lekuko izan zirelako. Hala, eragileek uste dute Erorien Monumentuak ez dituela baldintza horiek betetzen: «Hobiak, espetxeak, komentuak eta errepresio frankistarako gainerako lekuak memoria gune izan daitezke. Erorien Monumentua bezalako ikur frankista bat, diktaduraren loriarako eraikia, ezin da memoria leku bat izan».

[articles:2153320]

Bestetik, Nafarroako Parlamentuak iazko martxoan onartutako Memoria Historikoaren Legearen erreforma ere aipatu dute. Argudiatu dute, haren arabera, Erorien Monumentua «diktadurako giza eskubideen urraketen dibulgaziorako eta faxismoaren inguruko hausnarketarako zentro» bihurtu daitekeela, baina lehiaketa publikoan «memoria museo bat» aipatzen dela. «Ez dira gauza bera dibulgazio zentro bat eta memoria gune bat».

Hala, uste dute halako obra bat ezin dela diru publikoarekin ordaindu, eta Iruñeko Udalak 2026ko aurrekontuetatik lehiaketa horretara bideratu asmo duen diru saila ezabatzeko eskatu dute.

Elkarteek EH Bildu, PSN eta Geroa Bai jarri dituzte jomugan, eta «borondate falta» eta jarrera «autoritario» bat izatea egotzi diete. Izatez, Iruñeko Udalaren arabera, aditu talde batek gehienez bost proiektu hautatuko ditu lehiaketan, eta ondoren herritarrei aurkeztuko dizkiete, «prozesu parte hartzaile bat» garatzeko: «Ekarpenak proiektu tekniko batean txertatuko dira, eta negoziazio prozesu baten bitartez, obren garapenera eraman». Hori, baina, ez da nahikoa eragile hauentzat, eta 2018an egindako lehiaketa gogoratu dute. Orduan, eraistearen aldeko proiektu bat izan zen bozkatuena, eta horren aldekoek kritikatu dute berriz ere berdina gertatzearen «beldur» direla alderdiak.

Lehiaketara aurkezteko asmoz diren arkitektoei ere abisua eman diete: «Baliteke lehiaketa ezerezean geratzea. Baliteke lan asko egin eta ezer ez kobratzea». Izan ere, Iruñeko Udalean jarritako azken honekin, eraikinari esanahia aldatzeko prozesuaren kontrako lau helegite aurkeztu dituzte, eta behar beste errekurtso aurkezteko prest azaldu dira.