Inauteria ospatzeko aitzakia

Inauteria ospatzeko aitzakia

Iruña Taldeko «barne txantxa» batek eman zion bide Iruñeko kaldereroen bestari, «txorakeria» batek. Hala gogoratzen dute hori bultzatu zutenek behintzat. Lanbroa ostatuan landatu zuten hazia, ohi bezala, trago baten inguruan solasean. 1993. urtea zen, eta Iruñeko Alde Zaharreko inauterietan ijitoz mozorrotzea erabaki zuten Iruña Taldeko kide batzuek. Berehala ohartu ziren besta horrek hamaika aukera ekar zitzakeela, eta ideia hura handituz eta handituz joan zen urtetik urtera, modu esponentzialean.

Bigarren urtean pertz handi bat egin zuten, Iruñeko Gaiteroak batu ziren eta Nafarroako Antzerki Eskolako aktoreek XII. mendeko Pertzaren fartsa karrikaratu zuten. Urte hartatik aurrera kaldereroen besta inauterien aurreko asteburuan antolatzen hasi ziren, Alde Zaharreko inauteriak luzatze aldera, eta 1995ean Iruñeko Kauteren Elkartea sortu zuten, antolakuntza lanetarako. Kaldereroak aitzakia baino ez ziren. Izan ere, ohiko dantza jardun zurrunetik ihes egin eta bestelako adierazpen artistikoak gehitzeko aukera eman zien inauteriak: antzerkia, zirkua, piroteknia…

Hori izan da bestaren oinarria, 30 urte hauetan askotariko elementuak bildu baititu bere baitan: suzko erraldoiak, Margarito hartza, dragoia, gerra danborrak, handik eta hemendik ateratako edo berariaz sortutako doinu eta dantzak… Parte hartzaileak ere askotarikoak izan dira: haurren aisialdiaz arduratzen ziren auzoetako taldeak, aktoreak, musikariak, auzo elkarteak… baita Nafarroako Elbarrituen Koordinadora ere. 1998an, aulki gurpildunean aritzeko dantza bat plazaratu zuten kaldereroen bestan.

1996an, animalien dantzak eman zituzten lehenbizikoz. Zortzi zaldikok zenbait animalia irudikatzen zituzten: ardia, txerria, txakurra, katua, oilarra, behia, zezena eta untxia. Animalien dantzak sortzeko, Iruñeko inauteriak irudikatzen zituen artelan batean oinarritu ziren. Hurrengo urteetan behin baino gehiagotan aldatu zituzten zaldikoak, eta 2005ean Iruña Taldeak hartu zuen dantzak plazaratzeko ardura. Huraxe arduratu da azken hogei urteetan. Bitxikeria bat: garai hartan erosi zituzten gaur egun erabiltzen dituzten maskarak, Venezian.

Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioak hitzaldia antolatu, arrazakeriaz eta apropiazio kulturalaz solastatu, eta hausnarketa egiteko eskatu ondotik, nekez begira zitekeen beste alde batera

Eta beraz, aipatutako horrek guziak ba al du ezer ikustekorik kaldereroekin? Peio Otano koreografo eta bestaren hasierako sustatzaileak ezetz dio: «Elementuak nahasten aritu ginen: suzko erraldoiak, sugea, dantzak… Ez zuten deus ikustekorik kauterekin, baina egin egiten genuen». Aitzakia hutsa zen, inauteria ospatzeko aitzakia. Ez zuten mugarik, haien imajinazioa ez besterik. Maite zuten doinu bat aurkitzen bazuten, inauterietan txertatzen zuten. Maite zuten arte adierazpide batekin topo egiten bazuten, inauterietan sartzen zuten. Kaldereroen besta egundoko nahas-mahasa zen, baina inauteriak ez al dira nahas-mahas erabatekoa?

Eta orain? Ba, orain kaldereroak atera beharrean muskilak aterako dira kalera. Izan ere, Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioak hitzaldia antolatu, arrazakeriaz eta apropiazio kulturalaz solastatu, eta hausnarketa egiteko eskatu ondotik, nekez begira zitekeen beste alde batera. Ez behintzat besta asmo onez egiten dela esanda. Beste itzuli bat da, milaka itzuli izan dituen inauteri bestan, azken finean gauza bera egiten segitzeko: inauteriak ospatu.