Kanpoaldearekin zuzenean komunikatuta dagoen ate batetik, autoa zuzenean iristen da beilatokitik. Auto beltz eta luzanga horretan iristen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) emandako gorpuak, Medikuntzako, Erizaintzako edo Ingeniaritza Biomedikuko ikasleek praktikak egin ditzaten. Behin garajera iritsita, emandako gorpuak barrura eramaten dituzte, eta 48 eta 72 ordu bitarteko prozesua hasten dute gorputza behar bezala prestatzeko. Azkenik, gorpuak ganbera pribatuko apalategi moduko batzuetara eramaten dituzte, eta gorde egiten dituzte, ikasleak kirurgia mahaien inguruan elkartu arte, eta, hartara, testuliburuetan bakarrik ikusi ahal izan dutena gertutik ikusteko aukera izaten dute.
Gorpuen disekzioa oso elementu garrantzitsua izan da urte askoan medikuen formakuntza prozesuan. Anatomia, gaur egun ezagutzen den hori, Italiako unibertsitateetan sortu zela esan daiteke, Errenazimentuan. Leonardo da Vinciren ikerketa anatomikoak ospetsuak dira: 1489an izan zuen lehen aukeretako bat barne anatomia ikertzeko, giza burezur bat lortu zuenean. Hainbat ataletan ebaki zuen, barruko eta kanpoko formen arteko erlazioa aztertzeko. Baina Vesaliok, Falopiok eta Eustakiok deskribatu zituzten lehen aldiz anatomiaren oinarriak, XVI. mendean. Izan ere, 1543an Vesaliok De Humani Corporis Fabrica (Giza gorputzaren egitura) lana argitaratu zuen. Garai horretan eskola magistraletan ikasle pasiboak zeuden: gorpuaren disekzioari begira egoten ziren, eta irakasleak ematen zituen jarraibideak segitzen zituzten.
Dohaintzaren prozesua
Gaur egun, ikasleen egoera antzekoa da: sei edo zazpi ikasle jartzen dira mahaiaren inguruan, eta irakasleak erakutsitakoa praktikan jarri behar izaten dute. NUPeko Medikuntza gradua 2019an hasi zen disekzio eremu txikiagoarekin lanean, baina lehen promozio horrek gorpuekin lan egin zuela argitu du Ana Insausti NUPeko Anatomia arloko irakasleak: «Emaitzak beti dira hobeak ikasleek gorpuekin lan egiten badute, askoz irudi errealagoa izaten baitute; irudi hori beste irakasgai batzuen oinarria izango da etapa klinikoa hasten denean».
Lehendabiziko promozio horren parte izan zen Irene Sarrias Medikuntzako ikasle ohia. Aurten amaitu ditu ikasketak, eta azpimarratu du beretzat «oso lagungarria» izan zela gorpuekin ikastea: «Liburuan gorputz atal orokorrak aztertzen dira, eta hala izango da gero askotan. Baina gero badago aldakortasun anatomiko bat liburuetan aztertzen ez dena eta existitzen dena. Gorpuetan soilik ikus daiteke hori». Ikasleek ebakuntza gela batean izaten duten protokoloaren antzekoa bete behar izaten dute. Janzkera zehatza da: behin erabili eta botatzeko eskularruak janzten dituzte, baita kontakturik gabeko konketak ere, higiene baldintzak betetzeko asmoz.
«Ez da onartzen gure emaileenganako inolako errespetu faltarik, eskuzabalak izan baitira azkenean»
ANA INSAUSTI NUPeko Anatomia arloko irakaslea
Baina edonork ezin dio gorpua zientziari eman, irakasleak argitu duenez; ezaugarri jakin batzuk bete behar ditu. Emaileak ezin du organorik emanda eduki bizirik zela, korneak izan ezik; ezin da onartu trafiko istripuz hil den inoren gorpurik; ezin zaio autopsia judizialik edo bestelakorik egin; ezin da izan gaixotasun infekzioso-kutsakor baten ondorioz hila, eta ezin du obesitate morbidorik izan. «Baltsamatze prozesu guztiak odol hodiekin likido batzuk sartuz egiten dira. Odol hodi horiek apurtuta baleude, ezingo litzateke gorpua gorde», argitu du Insaustik.
Emaileen profilari dagokionez, Insaustik azaldu du gehienak 40 urtetik aurrera hasten direla gorpua emateko aukera planteatzen, eta askotan motibazio nagusia «senideei lanik ez ematea» dela gaineratu du. Beste batzuetan, arrazoi ekonomikoengatik hartzen dute erabakia: «Beilatokia, kutxa, nitxoa… Familia batzuek ezin dute hori ordaindu. Beraz, hori da beste arrazoietako bat, beste edozein bezain baliozkoa», esan du Insaustik. Osotara, NUPen, urtean, hamar gorpu inguru jasotzen dituzte.
Osasun langile batek tresnak prestatzen ditu, gero gorpuan frogak egiteko, Bartzelonan. TONI ALBIR / EFE
Sarriasek bere lehen urtean lan egin zuen batez ere gorpuekin: «Anatomia ulertzea, organoen formak ikustea, non kokatzen diren ikustea eta odol hodiekin eta nerbioekin duten harremana ikustea zen helburua. Liburuetan ematen den anatomia modu praktikoan ulertzea, alegia». Kirurgia teknikak egiteko eta mediku probak egiteko ere erabiltzen dira. «Egunerokoan, beren teknikak hilotz batean hobetzeko aukera izaten dute ikasleek eta medikuek, eta oso onuragarria izaten da», gehitu du Sarriasek. Azterketetan, aurrean duten gorpuan nerbioak eta giharrak identifikatu behar izaten dituzte ikasleek, eta egiten dituzten esku hartzeak telebista pantaila handietan ikusten dira.
«Liburuan gorputz atal orokorrak aztertzen dituzu, eta gero hala izango da askotan. Baina gero badago aldakortasun anatomiko bat, liburuetan aztertzen ez dena eta existitzen dena. Hori gorpuetan ikus daiteke soilik»
IRENE SARRIAS NUPeko medikuntza ikasle ohia
Ikasleek esku hartzeak egiten dituzten bitartean, gorpuak eman zituztenen aurpegiak estalita egoten dira, identifika ez ditzaten. Gainera, disekzio gelara sartzen diren ikasleek baimen paper bat sinatzen dute, baita gorpu horiekin etikoak izateko konpromiso bat ere. Insausti oso irmoa da emaileen duintasuna errespetatzeko orduan; ez da argazkirik onartzen, ez da txantxarik onartzen, eta edozein errespetu faltak ikasgaia ez gainditzea dakar: «Ez da onartzen gure emaileenganako inolako errespetu faltarik, eskuzabalak izan baitira azkenean».
Sarrias ados dago exijentzia maila horrekin: «Jendeak bere gorpua zientziari ematen dio, eta errespetatu egin behar da. Gogoan dut azterketa batean gihar bakoitza identifikatu behar genuela, eta azterketa horretarako ikasteko gorputzen atal batzuen argazkiak bidali zizkigutela; oso konfidentzialak ziren, eta ezin zen pertsona identifikatu». Insaustiren arabera, ez dute inoiz arazorik izan errespetu faltekin, ikasleak oso kontzientziatuta baitaude, baina aurrerantzean ere ez dituzte onartuko.
Gaur egun, simulagailuekin probak egin daitezke, eta unibertsitate batzuetan horiek soilik erabiltzen dituzte. Baina, Sarriasen arabera, alde handia dago: «Ulertzen dut orain simulagailuek gorputzaren aldaketak erakuts ditzaketela, baina ez da gauza bera. Ehundurak, ehunen erresistentziak edo haien hauskortasuna ulertzeko orduan, hobe da gorpu batean ikustea, simulagailu batean baino errealagoa delako. Hilotz batean lan egiteak duen inpaktu emozionala ez dut uste simulagailuan lan egitearekin konparatu daitekeenik. Errealagoa da».
Kontzientziazio lana
NUPeko praktikak dohaintza programaren bidez iristen diren gorpuekin egiten dira, eta gaur egun bostehun pertsona inguru daude bertan izena emanda. «Dohaintzen programan dagoen erronkarik handiena da lan hori ezagutaraztea eta emaileek erakusten duten kezka eta borondate horri erantzun ahal izatea», onartu du Insaustik. Unibertsitatean kontzientziazio kanpaina bat egin zuten 2019an, baina, irakaslearen arabera, garrantzitsuena gaiari buruz naturaltasunez hitz egiten jarraitzea da: «Uste dut jada ez dagoela hainbesteko mesfidantzarik heriotzaren inguruan, eta jendeak naturalago hartzen duela. Jendea hasten da pentsatzen hiltzen bada bere gorpuak zerbaitetarako balioko duela. Erabaki pertsonala da».
Prozesua amaitzen denean, gorpuak erraustu egiten dituzte. Eta, emaileak errautsak familiari itzultzeko nahia erakutsi bazuen, familiak oraindik borondate hori duela egiaztatu ondoren, errautsak itzultzen dizkiete. Bestela, unibertsitateak kudeatzen du errautsen gaia. «Gorpua jasotzen denetik erraustu arte, unibertsitateak kudeatzen du guztia, eta bere gain hartzen ditu gastuak», azaldu du Insaustik. Naturaltasunez eta parte hartzaileen duintasunari eutsiz emaileen zalantzak argitzen jarraitu nahi du Insaustik.
