Ikerketa berriro ere abian jartzeko eskatu du iazko urrian Iruñeko espetxean ziegako kidea itotzea egotzi zioten emakume presoaren defentsak. Abokatuak gaur goizean adierazi duenez, pasa den urrian egindako epaiketan ez ziren bermatu akusatuaren eskubideak, argudiatuta epaileak ez zituela aintzat hartu defentsak aurkeztutako hiru gertakari. Nafarroako Probintzia Auzitegiak hemezortzi urteko espetxe zigorra eta zortzi urteko zaintzapeko askatasuna ezarri zizkion emakumeari. Epaian jasotzen denez, 2021eko azaroaren 7ko gauean akusatuak ziegako kidea ito zuen, «ustekabean eta atzetik eraso eginda».
Gaur goizean egindako saioan, ordea, akusatuak esan du errugabea dela, eta bere abokatuak nabarmendu du iazko epaiketan ez zela egiaztatu biktima noiz hil zen; akusatuaren arabera, burua zaborrontziaren barruan zuen hura ziegara sartu zenean. Horrez gain, ustezko hiltzailearen defentsak exijitu du akusatuaren buru osasunaren «azterketa sakonago bat» egin dezatela. Iazko urrian, epaileak ebatzi zuen emakumeak «nahasmendu psikikoaren» aringarriarekin egindako hilketa delitu bat egin zuela.
Defentsaren eskaerak entzun ondoren, fiskaltzak joan den urrian emandako epaia berretsi du, eta argudiatu du magistratuak ez zituela akusatuaren defentsak aurkeztutako hiru gertakariak aintzat hartu ez zutelako «pisuzko loturarik» biktimaren heriotzarekin. Hala, orain Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenari dagokio helegitea onartzea; erabakia beranduenez ere hurrengo astean jakinaraztea espero da.
Biktima suizidioak prebenitzeko programa baten barruan zegoen, baina hilketa baino ordu batzuk lehenago, espetxeko funtzionarioei esan zien ez zuela horretan jarraitu nahi, bere buru osasunari kalte egiten ziolako. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erantzule zibil subsidiarioa izatea egotzi zion Espainiako Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiari, biktimak programa utzi ondoren hura babesteko neurririk ez hartzea leporatuta.
