Duela 4.000 urteko bisonte baten hezurdura ia osoa aurkitu dute Urbasa-Andia parke naturaleko Arrafela leizean (Nafarroa). Hezurren azterketa morfologikoari esker, jakin ahal izan dute hezurdura hori bisonte batena dela. Ikertzaileen hipotesi nagusia da bisonte europar bat dela Urbasan aurkitutakoa, eta orain azterketa genetikoak egiten ari dira hori frogatzeko. Hipotesi nagusia baieztatuz gero, Urbasako aurkikuntza aitzindaria izango litzateke, orain arte ez baitute aurkitu bisonte europarraren hezurdurarik Iberiar penintsulan.
Hezur horiek bisonte batenak direla, hori bai, baieztatu dute: Bison generokoak dira, eta ez Bos-ekoak —genero horretakoak dira, adibidez, gaur egungo behi eta zezenak, Bos taurus izen zientifikoa dutenak—. Aurkitu duten bisonte hezurduraren tamainak bisonte europar arrek zutenarekin bat egiten dute, lehenengo neurketen emaitzen arabera. Horrela, baztertu egin dute aurkitutako hezurdura estepako bisontearena izatea, haren eskeletoa dezente handiagoa izan behar litzatekeelako kasu horretan; bisonte mota hori duela 9.000 urte desagertu zen Eurasian.
Bisonte hezurdura, Arrafela leizean. VICTOR ABENDAÑO / NAFARROAKO GOBERNUA
Beraz, behin bisonte bat dela baieztatuta eta bisonte europarraren tamaina duela frogatuta, horixe ote den ikertzea da hurrengo pausoa, eta horretan ari dira. Hipotesi nagusia da baietz, bisonte europar bat dela, baina beste aukera bat ere mahai gainean dute arkeologoek: X kladokoa izatea. Biologian, klado bat arbaso bat eta haren ondorengo guztiak biltzen dituen izaki bizidunen multzoa da. Bisonteen kasuan, X kladoa ezaguna da ikerketa genetikoetan, baina zientzialariek oraindik ez dute jakin nolakoa zen bisonte horien anatomia. Orduan, X kladokoa dela frogatuz gero, espezie horretako eskeleto oso bat eskura izango zukeen zientziak lehen aldiz. Hipotesi bat zein bestea baieztatuta, zera argi dago: Urbasako aurkikuntza ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula.
Kalkolito garaikoa
Hezurduraren jatorria, berriz, ez da hipotesi bat. Erradiokarbono bidez ikertu ostean, arkeologoek ondorioztatu dute Kalkolito garaikoak direla hezurrak, hau da, duela 4.000 urtekoak. Data hori, gainera, bat dator bisontearen saihetsetan topatu duten gezi metaliko baten aztarnarekin. Hark adierazten du garai hartako biztanleak bisontea ehizatzen saiatu zirela, baina hura leizera erori zela, eta hantxe bertan hil. Orain arte ez zen ezagutzen Kalkolito garaian egun Euskal Herria den eremuan bizi zirenek bisonteekin harremanik zutenik; hori ere berritasun bat da.
Bisontearen saihetsetan topatutako gezia. JOSE LUIS LARRION / NAFARROAKO GOBERNUA
Eta berritasun guztien moduan, aurkikuntza honek beste ikerketa bide batzuk irekitzen dizkie zientzialariei. Kalkolito garaiko bilduma arkeologikoak ikertzea dagokie orain, atzeman ahal izateko ea duela 4.000 urteko nekazariek eta abeltzainek ehizatu ote zuten halako beste bisonterik. Gainera, bisonte europarraren eboluzioa ez da oso jakina: ikerketa genetikoen arabera, Bison priscus —estepako bisontea— eta Bos primigenius —egungo behi eta zezenen arbasoa— espezieak uztartzetik datoz bisonte europarrak (Bison bonasus). Arrafelako bisonteak, baina, lagun dezake are xeheeago jakiten zehazki non duten jatorria espezie horretako animaliek.
Hezurduraren ikerketa 2024an hasi zen, ikertzaileek frogatu zutenean ez zela Bos generokoa —egungo behi eta zezenena—. Esku hartze paleontologikoa iazko urrian egin zuten, eta teknika espeleologikoak behar izan zituzten leize sakon hartara jaisteko eta handik igotzeko. Behin hezurrak bilduta, laborategiko lanak egiten aritu dira: hezurrak garbitu dituzte, lehen inbentario bat egin dute eta hezurduraren tamaina neurtu dute. Hainbat lagin ere hartu dituzte, ikerketa genetiko bat egiteko eta bisonte haren elikaduraren berri izateko.
Espeleologoak, iazko urrian, Arrafelako leizera jaisten. NAFARROAKO GOBERNUA
Beraz, diziplina askotako profesionalak lanean ari dira ahalik eta gehien zukutzeko hezurdura horrek ekar dezakeen informazio jarioa. Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko eta Vianako Printzea erakundeko Jesus Garcia Gazolaz arkeologoa eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Asier Gomez Olivencia paleontologoa ari dira ikerketa koordinatzen, eta Maria Txibite Nafarroako presidenteak aurkeztu du hezurdura gaur, Nafarroako Gobernuaren Arkeologia Funtsen egoitzan. Nafarroako Gobernuak bultzatu du ikerketa, eta EHUko eta Madrilgo Historia Naturalaren Museoko zientzialariek parte hartu dute, besteak beste.
Leizeetako lehoia ere bai
Arrafelako esku hartzean ez dute soilik bisonte hezurdura hori aurkitu; leizeetako lehoi baten aztarnak ere topatu dituzte (Panthera spelaea), duela 12.000 urte desagertutako espeziea. Halako beste bi ere topatuak dituzte Nafarroan —Abauntzeko eta Koskobiloko aztarnategietan—, baina aztarna haiek ez dira hain ugariak. Lira oilar baten eta beste hegazti harrapari baten aztarnak ere atzeman dituzte Urbasako esku hartzean.
Nafarroako Gobernuaren Funts Arkeologikoetan eta EHUn ikertuko dituzte aztarna horiek denak, eta beste erakunde batzuen laguntza ere jasoko dute ibilbide horretan. Adibidez, Vienako Unibertsitateko laborategietan ikertuko dute bisontearen DNA, eta Kantabriakoan (Espainia), haren elikadura. Ikerketa horiek guztiek burutzeko urtebete-edo beharko dute.
