VWek amore eman eta behin-behineko 93 langileri kontratu finkoa egingo die

VWek amore eman eta behin-behineko 93 langileri kontratu finkoa egingo die

Sortutako zalaparta desegin eta Nafarroako Volkswagenek atzera egin behar izan du ezinbestean. Lan ikuskaritzak atzeman zuen behin-behineko 151 kontratazio justifikatu gabe zeudela eta horietako 93ri kontratu finkoa egiteko agindu zuen. Horren aurrean, VWek kopuru bereko erregulazioko espediente bat aurkeztearekin egin zuen mehatxu, langile kopuruan «desoreka» eragingo zuela argudiatuta. Azkenean, baina, amore eman du, eta 93 langileri behin betiko kontratua egingo die.

Bere presio guztia egiten ahalegindu da multinazionala. Espedientearen mehatxu horrez gain, orain arteko errelebo kontratua ere eten egin zuen. Alta, industria arloko errelebo kontratua aktibatu egin du berriz. 

ELAk eta LABek egindako salaketa baten ondotik, lan ikuskaritzak urrian fabrika bisitatu zuen eta irregulartasunak atzeman zituen behin-behineko langileen egoeran. 93 langileri kontratu mugagabea egiteko hamar eguneko epea eman arren, malgutasunez jokatu du. Langile horietako askori urtarrilaren 27an amaitzen zitzaien kontratua, eta azkenean legediaren arabera jardutera beste erremediorik ez du izan VWek.

Volkswagenek UGT eta CCOO sindikatuekin sinatutako azken lan hitzarmenean daude baldintzak zehaztuta. Horiek beteko dituela adierazteko berriro ere sindikatu horiekin beste akordio bat egin duela jakinarazi du, ohar bidez. Bertan, jakitera eman du aurrez iragarritako presio neurriekin ez duela jarraituko.

Gainera, 2026ko egutegia egokituko dute. Aurrez, aldi baterako lan erregulazioan zehaztu zuen bi astez ez zela lan egingo, baina orain bi aste horietan lan egingo dute langileek. Konpentsazio gisa, bi jaiegun emango zaizkiei: bata aurten eta bestea datorren urtean.

262.217

Ekoizpena. Aurten orotara, 262-217 ibilgailu ekoitziko dituzte Landabenen. Horietako batzuk, hain justu, elektrikoak izango dira ekainetik aurrera ekoizten hasiko baitira lehenak. Produkzioa handitu egin da Volkswagen markak eskatuta: iazko abenduko 16.100 kotxe gehiago egin behar dira eta urtarrilean, 5870 gehiago.

LABen arabera, jakinarazitako akordio hori «itxurakeria» bat izan da, baina ontzat jo du VWek atzera egin izana. ELAk, LABek eta CGTk azken asteetan gogora ekarri dute legea betetzera derrigortuta zegoela VW. Asteartean bertan, ELAk exijitu zion Nafarroako Gobernuari esku hartu zezala bere mehatxua bete ez zezan. Azkenean, ez da beharrezko izango.

Behin hori konponduta, fabrikan auto elektrikoari begira daude. Hala nabarmendu du VWek berak: «Azken urteetan egindako bilakaera guztia eta 2026an gauzatuko da, eta zuzendaritzak zein langileek egindako esfortzuaren emaitza ikusiko da». Elektrifikazioak lan kontratu gehiago ekarriko dituela onartu du. «Kontratazioa indartuko dugu, gardentasun handienarekin eta egungo legedia zorrotz betetzeko asmoz», azpimarratu du Fiso Strahman giza baliabideetako zuzendariak.

Sortutako zalaparta guztiaren aurrean, bere burua defenditu nahi du orain VWek. Azken bost urteetan 1.240 kontratu mugagabe izenpetu ditu, horietatik 784 industria arloko errelebo kontratuari loturik. Lan poltsa ere handia du. VWek berak dionez, 2025 amaieran 4.000 eskaera inguru zituen bertan.