«Haziak erein ziren, eta orain lurra iraultzea dagokigu, euskara loratu dadin»

«Haziak erein ziren, eta orain lurra iraultzea dagokigu, euskara loratu dadin»

Euskara arretagune bihurtzea. Horixe da Irauli elkartearen helburua. Iazko irailean zabaldu zuten elkartea Iruñeko Gazteluko plazan, eta aisialdirako proposamenak eta jarduerak eskaintzen dizkie, batez ere, haurrei eta familiei, baina baita euskaltzale diren guztiei ere. Elkartearen sortzaileetako batzuk dira Jon Bujanda Cambra (Iruñea, 1982), Erkuden de Andres Imaz (Iruñea, 1982) eta Miren Munarriz Barrena (Iruñea, 1983).

Nola sortu zen Irauli?

JON BUJANDA: Proiektuaren oinarrian gaudenok gurasoak gara, gure seme-alabek euskarazko ereduan ikasten dute, eta badakigu panorama etsigarria izan daitekeela, eskolan euren artean denek erdaraz egiten dutelako, edo, euskaraz egiten badiegu ere, gaztelaniaz erantzuten digutelako… Horri aurre egiteko bide bat da proiektu hau. Gure helburu nagusietako bat da hiztun komunitatea trinkotzea. Iruñerrian —eta Euskal Herrian, oro har—, euskaldunak asko gara, baina barreiatuta gaude. Propio sortu behar ditugu elkartzeko lekuak eta sareak. Gaztelaniak, adibidez, ez du halakorik behar, baina euskal jendeak, bai. Azpiegitura soziala abiapuntua da, beraz, gero hortik sortuko baitira harremanak, sareak, ideia berriak…

Aisialdiaren esparruan aritzen zarete nagusiki, ezta?

BUJANDA:  Hori da, bai. Haurrak euskal hiztun bihurtzeko prozesuan, hiru erpinez osatutako hirukia hartu behar da kontuan: eskolak, familiak eta komunitate hurbilak osaturikoa, alegia. Erpin bakoitzak bere lana egin behar du, eta, horren barruan, garrantzi handia du komunitateak. Horren parte izateko sortu dugu Irauli, komunitate hurbilaren parte. Jarduerak eskaintzen dizkiegu familiei, baina, horrez gain, eragileei ere aukera ematen diegu beren jarduerak hemen egin ditzaten.

ERKUDEN DE ANDRES: Alde batetik, jarduera puntualak eskaintzen ditugu, gozatzeko eta partekatzeko. Gehienak familientzat. Txikitxoak gurasoekin edo aitona-amonekin etor daitezke, eta bertan ahozkotasuna eta irudimena landu: arte laborategiak, ipuin kontalariak, yoga tailerrak, Lego eraikuntzak… Bestalde, badugu Berbetan izeneko zikloa: doako jarduera bat da, etortzen den ororentzat zabalik. Bertan, euskal profesional batek solasaldi atsegina eskainiko du, bere lanari edo jakintza alorrari lotuta. Otsailean, adibidez, Paula Kasares filologo eta soziolinguista etorriko da. Aste barruan, berriz, beste jarduera mota batzuk jorratuko ditugu: goizez, jubilatuentzako jarduerak antolatzen ditugu, eta, horrez gain, 0-12 hilabeteko haurrak dituztenei zuzendutakoak. Haurrentzako jolasgune librea ere eskaintzen dugu, eta martxan dugu Euskara Plazara izeneko proiektua ere, euskara gure txokotik atera eta Gazteluko plazara ateratzeko.

Zergatik ‘Irauli’ izena?

BUJANDA: Batzuek uste dute izena iraultzaileegia dela halako elkarte batendako, kar-kar! Tira, iraultzea, funtsean, lurrari buelta ematea da. Gure metaforaren barruan ulertuta, haziak erein dira jada, eta lurrari buelta eman behar zaio orain, euskara loratu dadin. 

Eta nola ematen zaio buelta egoerari?

BUJANDA: Argi izan behar dugu euskara minorizazio edo gutxiagotze egoera batean dagoela, eta hura biziberritzea da gure helburua. Eta bide horretan, gutako bakoitzak izanen du erronka bat edo beste bat: euskaraz jakin ez baina euskaltzaleak diren guraso erdaldunek badituzte erronka batzuk; euskaldun direnek, beste batzuk… Horregatik, gugana datozen guraso guztiei esaten diegun lehen gauza da erantzi egin behar dutela errudun sentsazioa: ez dakit euskaraz, ez dut behar bezala hitz egiten, neure errua da haurrak erdaraz ari badira… Erruak paralizatu egiten gaitu. Hortaz, kendu kulpa eta hartu erantzukizuna. Ez dakizu euskaraz? Ados, baina zer egin dezakezu? Agian seme-alabei laguntzen ahal diezu, edo euskarazko edukiak kontsumitu, edo baliabideak jarri haiek euskaraz hitz egin dezaten… Bide asko daude.

MIREN MUNARRIZ: Nahiz eta euskaldunak ez izan, dezente egin dezake jendeak euskararen alde. Gure aita, esate baterako, horren adibide da: Iñaki Munarriz. Euskalduna ez, baina euskaltzalea da. Hiru alaba izan zituen, eta hirurak euskaldunak. Orain Irauli elkartearena den egoitza honetan, hain zuzen, bitxi denda zeukan gure aitak, eta erretiroa hartu zuenean, argi zuen ez ziola lokala eman nahi edozein multinazionali. Ilusio handia egin zion euskararen aldeko proiektu bat laguntzea horrela. 

Zuen egoitza euskararen transmisioaren ikur ere bada, beraz.

MUNARRIZ: Hori da. Euskararen biziberritzean, oso inportantea da kontzeptu hori ere. Ematen du transmisioa dela, soil-soilik, guraso euskaldunek egiten dutena. Baina transmisioa komunitarioa ere izan daiteke. Komunitate gisa transmititu dezakegu euskara, ondorengoek ikas dezaten. Eta uste dut hori ere garrantzitsua dela, euskaraz ez dakitenen rolaz hitz egiten dugunean. Askok ezin izan dute euskara ikasi, edozein arrazoirengatik, ados; baina bestelako gauza ugari egin daitezke euskararen alde. Eta horietako bat da baliabideak jartzea eta laguntza ematea besteek ikas dezaten.

Iruñeko Alde Zaharrean pixkanaka-pixkanaka ari dira euskararen aldeko egitasmoak agertzen: Laba elkartea, Karrikiri eta, orain, Irauli.

BUJANDA: Guretzat oso garrantzitsua da hori, eta olatu horren parte izan nahi dugu. Nabari ditugu energia eta ilusio horiek. Berez, gure proiektuaren oinarrian dago elkarlana, eta perspektiba horrekin ari gara lanean. Ikusgarri egon nahi dugu hirian. Oso harreman estua dugu Laba eta Karrikiri elkarteekin, baina baita beste askorekin ere. Hizkuntzak beharrezko du komunitatea, eta komunitate hori elikatu behar duzu. Saretu nahi dugu, Iruñean hazi, eta handik aurrera… auskalo.

DE ANDRES: Harreman sarea zabaldu nahi dugu, eta horregatik ari gara elkarlanean, besteak beste, Laba, Zaldiko Maldiko, Karrikiri eta Taupa elkarteekin, AEKrekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Iruñeko Udalarekin… Euskal Herri mailako erreferente ere izan nahi dugu. Badakigu astearte goiz batean ez dela etorriko Lazkaoko inor gure jardueretako batera, baina larunbatetan akaso bai. Jende dezente etortzen da egun-pasa Iruñera, eta bertoko euskarazko eskaintzaren parte izan nahi dugu.