Herritarrek irabazitako ospitalea

Herritarrek irabazitako ospitalea

Etengabekoa da autoen joan-etorria; gidari anitz ibilgailua uzteko toki baten bila ari dira, eta bertze batzuk, berriz, ospitaletik ateratzen diren senideen edo lagunen zain. Tuterako ospitaleak Erriberako eta inguruko 120.000 herritar artatzen ditu, eta 1.100 langile baino gehiago ditu. «Erriberako enpresarik handienetako bat gara», nabarmendu du Ana Campillok, Tuterako Osasun Eremuko kudeatzaileak. Zentroak berrogei urte bete ditu, 1986ko otsailaren 20an ireki baitzituen ateak lehendabizikoz; ospitaleko arduradunek urteurrena ospatzeko ekitaldia eginen dute ostiralean.

Urtetik urtera handituz joan da Tuterako ospitalea, eta, egun, gutxi gorabehera 30 espezialitatetako profesionalek egiten dute lan zentroan. «Baliabidez hagitz ongi hornitutako eskualdeko ospitale bat da gurea», erran du Campillok. Erantsi du zentroa «ongi errotua» dagoela eskualdean, herritarrek sustatu baitzuten ospitalea martxan jartzeko prozesua.

Anbulantzia bateko bi langile, herritar bat ibilgailuan sartzen, Tuterako ospitalearen aurrean, iragan astean. IÑIGO URIZ / FOKU

Prozesu hori ez da laburra izan, 1970ekoa baita Erriberan ospitale bat eraikitzeko lehen asmoa. Garai hartan, Tuteran bazen ospitale txiki bat, eta eraikin hori egokitzea izan zen adituek aztertu zuten lehen aukera. Laster utzi zuten bazter, ordea. «Klinika txiki hori zahar etxe bat da orain. Ni han jaioa naiz. Mediku gutxi egoten ziren, eta larrialdietarako zerbitzurik ez zuen», oroitu du Campillok.

Proiektu hori hutsean gelditu eta gero, Erriberako hainbat gizarte eta osasun eragilek Eskualdeko Ospitalearen Aldeko Herritarren Batzorde Kudeatzailea sortu zuten 1977. urtean, ospitale bat lortzeko bidean urratsak egiteko asmoz. Eskualdeko hautetsi anitzen babesa bildu zuten, gainera. Tuterako Udalak, hain zuzen, hasieran bere gain hartu zuen ospitalearen proiektua garatzeko ardura, baina, 1979an, orduko Nafarroako Foru Aldundiaren esku gelditu zen ospitalea eraikitzeko eta kudeatzeko lana. 1981. urtean jarri zuten eraikinaren lehen harria, eta handik bost urtera amaitu zituzten obrak.

Onkologia, 2002tik

«Tuterako ospitalea gauza handia izan da eskualdeko herritar guztientzat; ospitalea zabaldu aurretik, tuterarrek 90 kilometro egin behar zituzten, Iruñekora joateko; Cortesko herritarrek, berriz, 110. Erriberan istripu bat izan, eta Iruñera bidean hil izan da jendea», azpimarratu du Ana Campillo kudeatzaileak. Larrialdietako zerbitzua «balio handikoa» dela berretsi du, eta Erriberatik kanpoko herritarrak ere artatzen dituztela erantsi. «Tarazonako herritarrak [Aragoi, Espainia] honat datoz. 120.000 lagun artatzen ditugu denera larrialdietan».

Ospitaleak poliki-poliki egin du aurrera, eta luzatuz joan da eskaintzen dituen zerbitzuen zerrenda. Hasieran, zentroak ez zuen onkologia zerbitzurik, baina, herritarren bultzadari esker, bertzeak bertze, eguneko ospitale onkologikoa du Tuterako zentroak 2002. urtetik. Kimioterapia behar duenak, beraz, Tuteran har dezake. Erradioterapia behar duenak, baina, Iruñera joan behar du oraindik. «Zerbitzu hori ez dugu, baina saiatzen gara Iruñera joan behar dutenen bidea ahalik eta gehien errazten», zehatu du Campillok. Erradioterapia hartzera Iruñera joan behar dutenek, hain zuzen, doako autobus zerbitzua dute Tuterako ospitaletik Iruñekora eta Iruñetik Tuterakora, egunero, astelehenetik ostiralera.

Campillok garbi erran du badirela Tuterako ospitaleak «sekula» eskainiko ez dituen zerbitzuak, «eskualdeko ospitale bat» baita: «Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa da gure erreferentziazko zentroa, eta hainbat kontutarako harat joan beharko dugu». Neurokirurgia aipatu du adibide gisa: «Espezializazio handiko zerbitzu bat da; ez du zentzurik Tuteran izateak».

Tuterako Osasun Eremuko kudeatzaile Ana Campillo, Tuterako ospitalearen kanpoko aldean. IÑIGO URIZ / FOKU

Oro har, Tuterako ospitaleak zerbitzu anitz eskaintzen ditu, eta horixe da, Campilloren hitzetan, zentro horren indargune nagusietako bat. Ez da bakarra; ospitaleko zerbitzuen arteko koordinazioa ere «hagitz ona» dela gehitu du kudeatzaileak, eta koordinazio estua dutela, gainera, Tuterako lehen arretako zerbitzuekin. «Osasun mentalekoekin ere bai; ospitale psikiatrikorako unitate bat dugu guk, eta osasun mentaleko zentro bat ere bada lehen arretan. Gure arteko koordinazioa anitz lantzen dugu». Gaineratu du herritarrek balio handia ematen diotela ospitaleari: «Gizarte eragileek sustatutako zentro bat da, eta herritarren aldarriei esker egin du aurrera. Sumatzen da lotura estu bat dagoela».

Zentroaren ahulguneak

Tuterako ospitaleak ahulguneak ere badituela aitortu du Ana Campillok, baina zehaztu du ez direla Erriberako zentro horren berezko gabeziak: «Europa osoan dituzten arazo batzuk ditugu guk ere», erran du. Espezialitate jakin batzuetako profesionalak erakartzeko arazoez ari da Tuterako Osasun Eremuko kudeatzailea, hain zuzen: «Espezialitate kirurgiko batzuetako eta familia medikuntzako profesionalak falta dira».

Itxaron-zerrenden auzia ere «konpontzeko dagoen arazo bat» dela erran du Campillok, baina azaldu du iazko azken hilabeteetan hartutako neurri batzuei esker egoerak «hobera» egin duela. Hobetzen segitu behar dutela gehitu du, eta ospitaleak herritarren beharrak hartu behar dituela beti kontuan. Eskualdeko zentro bat direla berretsi du, eta eskualdearen alde ari direla lanean.