«Sare sozialak ‘portfolio’ handi bat bilakatu dira aktoreontzat gaur egun»

«Sare sozialak ‘portfolio’ handi bat bilakatu dira aktoreontzat gaur egun»

Iruñera itzuli da Madrilen ikasketak amaitu eta urtebetez han lanean aritu eta gero. Nahia Bergasa Valencia aktorea da (Iruñea, 2002), eta onartu du etxekoen berotasuna behar zuela, Madrilgo hoztasunetik urrun. Harat itzuliko dela badaki, halere, zinemaren munduan bere tokia aurkitzeko bidea hasi berri baitu. Miguel Angel Calvo Buttinik zuzendutako El mundo es ansí dokumental fikzionatuan parte hartu du berriki. Umetan piztu zitzaion artearen sena, eta hura lantzen segitu nahi du. 

Nola sortu zaizu Barojaren inguruko dokumentalean parte hartzeko aukera?

Filmatzeko lana bukatu dugu jada. Iazko azaroan zuzendaria Nafarroako aktoreen elkartearekin harremanetan jarri zen, Iruñea eta Madril artean bizi zen aktore baten bila ari baitzen. Nire lanaren berri jaso zuen, deitu zidan, eta proba bat egin eta gero, lanean hasi ginen. Abenduan eta urtarrilean aritu gara filmatzen.

Fikzioarekin nahastutako dokumental bat da, ezta?

Bai. Dokumentalean, Barojaren inguruan master bat egiten ari den emakume gazte baten rola betetzen dut. Madrilen eta Beran aritu naiz filmatzen. Motza izan da, baina oso esperientzia polita izan da etxean lan egitea.

Kanpoan ikasi zenuen?

Bai, 2020an Madrilera joan nintzen ikastera. Lau urtez aritu nintzen unibertsitatean, eta, gero, lan bila eta trebatzen beste urtebetez gelditu nintzen. Iazko ekainean itzuli nintzen, Madrilgo egunerokoa ez bainuen maite.

Ez da bizitzeko hiri bat?

Niretzat, ez.

«2024an amaitu nituen ikasketak, ekainean, eta abuztuan aritu nintzen film batean lehen aldiz. Opari bat izan zen»

Eta aktore gisa lan egiteko Madrilen gisako hiri batean egon behar al da?

Nafarroan, eta, oro har, Euskal Herrian, gero eta gauza gehiago egiten dira. Lan asko filmatzen ari dira orain hemen. Gainera, pandemiarekin hautaprobak egiteko modua aldatu zen, eta hasi ziren bideo bidez egiten. Gidoia bidaltzen zizuten, eta etxean grabatzen ahal zenuen, ez zenuen zertan Madrilera joan. Zuzeneko hautaprobak egiten hasi dira orain berriz, halere.

Aldea egonen da bideoaren eta zuzenekoaren artean, ezta?

Bai; nik, egia esan, nahiago dut zuzenean aritu. Bideo batek ez du hain ongi islatzen nola mugitzen zaren, edo nola hitz egiten duzun.

Madrilera itzuliko zara?

Baietz uste dut. Gustura itzuliko naiz. Kontua da iaz etxera etorri nintzenean behar nuela Madril atzean utzi tarte batez, nekatuta nengoen. Etxetik bota gintuzten, eta oso zaila zen beste etxe bat alokairuan hartzea. Dena zaildu zen, eta etxera itzultzea erabaki nuen. Gidabaimena ateratzeko aprobetxatu dut denbora. Lan bila nabil, eta ez dut argi Madrilera orain joan edo irailean. Baina itzuliko naiz, bai.

Lanean ari zara jada. Dokumentalaren aurretik, El convento lanean aritu zinen.

Bai. Zorte handia izan dut. 2024an amaitu nituen ikasketak, ekainean, eta abuztuan aritu nintzen film batean lehen aldiz. Opari bat izan zen. Nafarroan filmatu genuen, besteak beste, eta espero dut aurten estreinatuko dela. Iragarkiak ere egin ditut. Ateratzen den guztia hartzen dut. Helburua da ahalik eta ate gehien irekitzea, jendeak ezagutu nazan.

Lehia handia da?

Bai, bai. Jende asko dago lan bila, eta zaila da. Orain, gainera, asko hartzen dute kontuan sare sozialetan zenbat jarraitzaile dituzun. Jarraitzaile gutxiago baduzu, edo aurretik beste lanik egin ez baduzu, askoz ere zailagoa da lan egiteko aukera bat lortzea. Nik zortea dudala uste dut, film batean eta dokumental batean agertu naizelako jada. Baina, bestela, oso zaila da lehen urrats bat egitea. Lehen koskan jartzen dizkizute mugak.

Zer erran nahi duzu?

Askorentzat agente bat izatea ere oso zaila da, eta zaila da zuzendarien aurretik zure lana ikusi behar dutenengana heltzea. Oraintxe bertan uste dut badela aurpegi berriei aukera bat emateko halako joera bat, baina asko gara, askok oso antzeko soslaia dugu, eta oso zaila da.

«Mundu honetan, ahal duzun formakuntza guztia izan behar duzu besteen artean nabarmendu ahal izateko»

Sare sozialek, beraz, badute pisu bat zuen ibilbidean?

Bai, asko begiratzen diete, publizitatearen esparruan ere bai. Hautaproba askotan sare sozialetako zure erabiltzaile izena galdetzen dizute. Hori ikusi nahi dute: zer argazki dituzun, zenbat jarraitzaile, zer jartzen duzun. Instagramen egiten duzunak indar handia du. Sare sozialak portfolio handi bat bilakatu dira aktoreontzat gaur egun, curriculum bat.

Dantzaria eta aire akrobata ere bazara. Aktoreak ahalik eta diziplina gehien landu behar du gaur egun?

Bai, balio handia ematen diote horri, aktoreak ahalik eta osoen izan behar du. Ni txikitan hasi nintzen dantzan, balleta egiten. Eta pandemia ailegatu arte aritu nintzen eskolak hartzen. Dantza urbanoan eta garaikidean ere aritu naiz trebatzen. Musikan ere bai, klarinetea jotzen dut. Aire dantzan duela hiru urte inguru hasi nintzen, eta erabat liluratuta nago diziplina horrekin. Asko gozatzen dut, eta jarraitzen dut tarteka Madrilera joaten eskolak hartzera. Mundu honetan, ahal duzun formakuntza guztia izan behar duzu besteen artean nabarmendu ahal izateko.

Hautaprobetan aktoreen arteko lehia da nagusi, eta handik at? Nolakoa da zuen harremana?

Oso ona. Unibertsitateko ikaskideak lagun ditut, eta nire lagunek egiten dituzten urratsek asko pozten naute; hautaprobaren baten berri badut, lagunei komentatzen diet. Bada informazioa isilpean gordetzen duen jendea, baina niri ez zait lehia hori gustatzen. Denetarik dago, noski, baina ni nire lagunen arrakastekin izugarri pozten naiz beti.