Azkenean bere iritzia eman du. EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztutako gutxieneko soldata propioari buruzko lege proposamenak bultzatu egin du Nafarroako Gobernua bere ikuspegia azaltzera. Nafarroako Parlamentuari bidalitako idatzian, gobernuak ez du begi onez ikusten ekinaldia, «lurraldeen arteko desberdintasunak» areagotuko lituzkeelako. Horrek diru sarrera apaleko langileen artean duen eraginari erreparatu gabe, gobernuak dio Espainiako Estatuaren eskumena dela soldata arautzea.
Berez, Iñaki Mendioroz Eskubide Sozialen eta Enplegu zuzendariak sinatu du idatzia, eta haren berri eman du EFE albiste agentziak. Kontuan hartu behar da Geroa Bai Nafarroako Gobernuaren parte dela, eta Nafarroako eros ahalmenaren araberako gutxieneko soldata propio bat erabaki ahal izatea defenditzen duela. Aitzitik, Eskubide Sozialen Departamentua PSNren eskuetan dago, eta Carmen Maeztu kontseilariaren organigramako zuzendarietako bat da Mendioroz.
Idatziaren arabera, estatuak arautu ohi duen oinarrizko legediaren nukleoan kokatzen da gutxieneko soldata. Gaineratzen duenez, Espainiako Konstituzioaren 149.7 artikuluan estatuaren eskumenen artean sartzen da lan arloko legedia, eta Nafarroako Foru Hobekuntzak zehazten du Nafarroaren eskuetan dagoela estatuko araudia gauzatzea.
Autogobernuari berari dagokion eztabaidaz harago, Mendiorozek azpimarratzen du gutxieneko soldata propio batek pertsonen eta enpresen mugimenduari eragin diezaiokeela bai eta lurraldeen arteko lehiakortaunari ere. «Gutxieneko soldata batek lurralde arteko zuzeneko eta zeharkako bereizkeriak eragozten ditu».
Geroa Baiko goizean prentsaurreko bat eskaini du Iruñean, eta Uxue Barkosek erantzun du PSN «erratu» egiten dela. «Lanean jarraituko dugu indar handiagoz hori aldatzeko».
