Nafarroan bateria fabrika bat eraikitzeko asmoa azaldu du Hithium enpresa txinatarrak

Nafarroan bateria fabrika bat eraikitzeko asmoa azaldu du Hithium enpresa txinatarrak

Hithium enpresa txinarrak, energia berriztagarrien biltegiratze sisteman munduko hirugarren enpresa handienak, Europan ezarri nahi du eta horretarako Nafarroa aukeratu du. Gaur goizean Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek eta Hao Wang Hithiumeko Inbertsioen zuzendariak akordio bat izenpetu dute Nafarroan bateria fabrika bat eraikitzeko. Lehen urratsa da, baina proiektua aurrera ateratzen bada «arrakasta baten historia» dela azpimarratu du Txibitek. Izan ere, asmoa da 405 milioi euro inbertitzea, eta zuzeneko 756 enplegu sortzea. Azkenean gauzatuko bada, Nafarroak erakarritako bigarren inbertsio handiena izango da, Volkswagenek Landabenen egin zuenaren atzetik.

Hao Wangen arabera, «ohore bat» da lehen itun hori egin izana, eta espero du luzarora begirako lankidetzaren hasiera izatea. Bere esanetan, «industria tradizio handiko eskualdea da Nafarroa, energia berriztagarrien arloan mundu mailako puntako enpresak ditu eta ingeniaritzan talentu handikoa da». 

Albiste ona dela goraipatu arren, «zuhurtzia» eskatu du Mikel Irujo Industria kontseilariak gaurko agerraldian, Nafarroako Jauregian. Izan ere, etorkizuneko proiektuaren baldintza orokorrak izenpetu dituzte Hithiumek eta Nafarroako Gobernuak, baina xehetasunak negoziatzeko dituzte oraindik. Ondo bidean, joint venture partaidetza akordio bidez sozietate bat eratu nahi dute. 

«Industria tradizio handiko eskualdea da Nafarroa, energia berriztagarrietan munduan puntako enpresak ditu, eta ingeniaritzan talentu handikoa da» 

HAO WANG Hithiumeko Inbertsioen zuzendaria

Fabrika non ezarriko den, esaterako, ez dute oraindik hitzartu. 405 milioi euroko inbertsio hori nola banatuko den, eta industria bazkide gehiago sar daitezkeen ere lotzeko dute. Hala eta guztiz ere, negoziaketak ezin du gehiegi luzatu. Hithiumek «presa» du lankidetza gauzatzeko, Irujoren esanetan, 2027rako fabrika abiarazteko asmoa baitu. 

Egitasmoa gauzatzeko bidean Espainiako Gobernuaren eta Txinako Gobernuaren hainbat baimen lortu beharko ditu egitasmoak. Hain zuzen ere, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua apiril erdialdera Xi Jinping Txinako presidentearekin bilduko da eta inbertsio hori hizpide izango dute. Berez, atzo arratsean Sanchez bera Moncloan bildu zen Jeff Wu Hithiumeko kontseilari ordezkariarekin. Bertan aurreratu zen Nafarroan ezartzeko aukera aztertzen ari zela Hithium. Bilkura horretan ere izan ziren Txibite eta Irujo.

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Jeff Wu Hithiumeko presidentea, beste arduradun batzuekin batera. FERNANDO CALVO / EFE

Nafarroaren alde

Maiatzean, Hithiumek eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza akordio bat sinatu zuten zentzu berean. Erreferentziazko industria bazkide batekin (Mondragon taldea) egitasmo bat gauzatzeko borondatea adierazi zuten bi aldeek, baina gaurko agerraldiak kolokan jarri du orain apustu hori. 

Lehen akordio horrek agerian jartzen du Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean lehiatu dutela inbertsioa nork erakarriko. Hao Wangek ez du adierazi gaurko urratsarekin Mondragon taldearen egitasmoa bertan behera utzi ote duten, baina aldi berean azpimarratu dute Europan fabrika bat ezartzeko asmoa dutela.

Jaurlaritzak bere egunean egin bezala, Mikel Irujok onartu du aspalditik daudela harremanetan haiekin. Zehazki, 2023an egin zuten lehen harremana Hithiumeko arduradunekin eta urte hartako urrian Nafarroara etorri zen Jeff Wu presidentea. Hala, «hiru urteko lan mardularen emaitza» da gaurko akordioa, Irujoren arabera.

Azken hilabeteetan lan hori bizkortu egin da. Iragan uztailean, Nafarroako Gobernuko Industria arloko teknikariak Txinan izan ziren, eta Irujok zein Txibitek azaroan Hithiumen instalazioak ezagutu zituzten, Txinara egindako bidaia ofizialean. Abenduan, atzera berriz, Hithiumeko arduradunak Nafarroan izan ziren berriz. «Eguberrian, gonbidatu gintuzten urtarrilaren 12an egoitza nagusira joatea. Urtarril amaieran jakinarazi ziguten merkatu azterketa zorrotz baten ostean, Europako hainbat herrialderen eta eskualderen bideragarritasuna ebaluatu ostean, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzeko asmoa dutela bazkide gisa bien arteko enpresa baten bidez.

«Balioa eman behar diogu bertako industriari baina ez gara inbertsio batekin edo birekin konformatu behar. Gehiago erakarri behar ditugu. Mugagabe erakartzeko potentzial hori dugu»

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Eusko Jaurlaritzako iturriek albiste agentziei azaldu diete Hithiumen erabakiak Europako funtsen banaketarekin zerikusia izan dezakeela. Izan ere, barne produktu gordin txikiko eta biztanle urriko zonaldeek %20ko finantzaketa publikoa jaso ohi dute, ohiko %15aren aldean. Babes bereziko zonalde horietako batean ezar daiteke fabrika. Jaurlaritzaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan ere badaude horrelako eremuak baina proposatutako kokaguneek ez zituzten konbentzitu Hithiumeko arduradunak, eta Nafarroaren aukera hobetsi dute, oraingoz.

Irujok diskrezioa eskatu du, baldintza orokor horiek letra txikira eramatea falta delako oraindik. Dena den, bere irudiko, akordioak Nafarroako energia berriztagarrien sektoreari bultzada emango dio, eta agerian uzten du Nafarroak sektorea hornitzeko «ekosistema oso eta sendoa» duela. «Gure potentziala mugagabea da, hoberenak erakartzeko gai gara. Industrian sinesteko eguna da», nabarmendu du.

Bere hitzetan, duela bost urte ikusi zuten Sodena sozietate publikoak inbertsioa erakartzeko taldea sendotu behar zuela. «Guillermo Alonso kontratatu genuen Invest in Navarra egitasmorako «Ez genekien orduan Pedro Mari Zabalza edo Jagoba Arrasate kontratatzen ari ginela». Ordu hartan ikusi zuten Txina «lehentasunezko bazkide» izan behar zuela, eta gaurko urratsa horren emaitza dela uste du. Dena den, ez du hor geratu nahi izan. «Asko dugu jokoan. Egoera dramatikoak bizi ditugu eta horrelako egoerak bizitzea dagokigu. Balioa eman behar diogu bertako industriari baina ez gara inbertsio batekin edo birekin konformatu behar. Gehiago erakarri behar ditugu. Mugagabeki erakartzeko potentzial hori dugu». 

Hithium, 2019an sortua

Hithiumek ez darama denbora asko, baina honez gero energia biltegiratze sisteman puntako enpresa da munduan. 2019an sortu zuen Jeff Wuk, Xiamen hirian (Fujian, Txina). Egun, industria, etxebizitza eta merkataritza arloko bezeroei energia biltegiratzeko sistemak hornitzen dizkie. Hao Wangek agerraldian azpimarratu du gaur egun zein etorkizunean «funtsezko aldagaia» izango dela biltegiratzea eta ekonomia berdearen hedapenari begira horniduraren segurtasuna hobetuko duela.

Nahiz eta lehen bi urteak zailak izan, 2022tik aurrera esponentzialki handitu da, Txinaren eredu ekonomikoari jarraiki: 2022tik 2024ra bitartean negozio bolumena hirukoiztu du, eta 1.700 milioi euro (13.000 milioi yuan) fakturatzen ditu. Iaz, orotara 35 gigawatt orduko proiektuak banatu zituen. Hao Wangen arabera, honez gero mundu osoko merkatu kuotaren %13 dute. Gainera, Hong Kong-eko burtsan akzioak saltzeko eskaintza prestatzen ari da.