Lan baldintzen aldeko borrokan «klase batasuna» aldarrikatu dute EHKSk, Solidarik, CGTk eta CNTk

Lan baldintzen aldeko borrokan «klase batasuna» aldarrikatu dute EHKSk, Solidarik, CGTk eta CNTk

Bandera gorriak eta gorri-beltzak, elkarren ondoan. EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, CGTk, CNTk eta Solidarik beren greba deialdi propioa egin dute eta manifestazio jendetsuak egin dituzte hiriburuetan, klase batasuna aldarrikatuz. «Miseriazko soldatak, enpresen itxierak eta langileentzako pobrezia areagotzen ari diren garaiotan, uste dugu ezinbestekoa dela gure arteko elkartasuna ehuntzea eta klase batasuna eraikitzea», laburtu du haien mezua EHKSko Ander Goiatxek.

Iruñean, haien zutabeak Bigarren Zabalgunea zeharkatu du. CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren egoitza, CCOO zein UGT sindikatuak eta PPren egoitzak elkarren ondoan daude, eta handik igarotzean inguruak grebaren mezuekin bete dituzte. PPren bulegoko kristaletan Alberto Nuñez Feijoo eta Javier Garciaren irudiak grebaren aldeko pegatinez bete dituzte.

Handik Alde Zaharrera zuzendu dira, eta Iruñeko Udalaren etxebizitza zerbitzuko egoitza baten aurrean bildu dira etxebizitza espekulazioaren kontra: «Etxea negoziorako nahi dute, eta ez bizitzeko. Etxe bakar bat ere jenderik gabe, pertsona bat bakar bat ere etxerik gabe». 

Errekoleten plazan elkartu dira denak, 11:15ean. Kubako alkandaro batez jantzirik, Solidariko Roberto Urabainek gazteleraz hitz egin die komunikabideei eta Goiatxek, euskaraz. Haien esanetan, gutxieneko soldata igotzeko borroka langile klase osoari dagokio. «Gure aldarria argia da: bizi eta lan baldintzen hobekuntza kapitalaren irabazien kontura». Urabainek zehaztu du gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarrikapenarekin bat egin dutela. «Hemen Euskal Herrian borroka esparru indartsu bat dago, historikoki hemengo erakunde sindikalak estatukoak baino antolatuago daudelako. Dena den, elkartasun klase gisa nahi genuke borroka hori estatu osora hedatzea». 

Espainiako Polizia bat grebaren aldeko aldarria egiten duen horma baten alboan, JESUS DIGES / EFE

Goiatxek gehitu du, halaber, borrokarako beste arrazoi batzuk ere aintzat hartu behar direla: «Bizi baldintza duinak lortzeko ezinbestekoa da zentzu antikapitalista bat ematea borrokari». Gogora ekarri ditu iaz Nafarroan izandako kaleratzeak eta enpresen itxierak: Ezkirozko BSH, Altsasuko Sunsundegui eta Tuterako Nano Automotive. 

Autoritarismoa gorantz

Manifestazioak kale Nagusia zeharkatu du eta Udaletxe plazatik Estafetarantz zuzendu da. Gazte ugari zeuden manifestarien artean, baita adin tarte guztietako jendea ere. Grebaren eta klase batasunaren aldeko oihuak entzun dira ozen. Alde Zaharreko pertsiana gehienak jaitsita zeuden. Handik, Telefonicaren egoitzatik gora Vinculo plazan amaitu dute. Enparantza mukuru zen, eta bertan hartu dute hitza berriz eledunek. 

Aipaturiko arrazoi guztiez gain, salatu dute egungo testuinguru politikoan autoritarismoaren agendak pisu handia hartzen ari dela eta hori langileen kontra doala gaitzetsi dute. Gizarte zerbitzuen kaltetan, aurrekontu militarrak gorantz egiten ari direla deitoratu dute: «Sozialdemokraziak eta gobernu aurrerakoiek ez diete politika horiei kontra egiten eta ondoez soziala eskuin muturrak kapitalizatzeari bide ematen diote».