Espainiako Gobernuaren Irango gerraren ondorioei aurre egiteko neurri nagusiak bere egin ditu Nafarroakoak eta zerga harmonizaziorako foru dekretua onartu du goizean Gobernu Kontseiluak. Zerga arloko lehen neurri sorta horren ondorioz, 37 milioi euro biltzeari utziko dio ogasunak ekainaren 30era bitarte. Horri Nafarrroan indarrean diren ibilgailu elektrikoen laguntzak gehi Madrilek erregai profesionaleko laguntzak gehituz gero, orotara 67 milioi euro jarri ditu Irango gerraren ondorioei aurre egiteko.
Lehenik eta behin, erregaiaren, gasaren eta argindarraren balio erantsiaren zerga %21tik %10era jaitsiko da, eta epe horretan ogasunak 9,3 milioi euroko biltzeari utziko diotela kalkulatzen dute. Argindar ekoizpenaren gaineko zerga —enpresek ordaintzen dutena— %10 jaitsiko da lehen hiruhilekoan eta bigarrenean kendu egingo dute, eta 8,4 milioi euroko kostua izango du. Argindarraren gaineko zerga, berriz, %5,1etik %0,5era beheratuko da, eta 6,5 milioi biltzeari utziko dio —kontsumitzaileek ordaintzen dute hori—.
Azkenik, erregaien gaineko zerga ere jaitsi egingo da eta 13 milioi euro aurreztuko dituzte erabiltzaileek—11,4 zentimo gasolina litroko; 4,9 zentimo gasolio litroko eta 7,6 zentimo B motako gasolio litroko—.
Neurri guztiok ekainaren 30era arte egongo dira indarrean.
Horrez gain, Madrilgo gobernuak laborariei eta garraiolariei onartutako laguntzak kudeatu beharko ditu Nafarroako Gobernuak, eta horrek hamar milioi euroko kostua izango du ogasunarentzat, lehen kalkuluen arabera.
Madrilgo ispiluari gauza gehiagotan erreparatu dio. Izan ere, Espainiako Gobernuak bere dekretuan ibilgailu elektrikoentzako eta horien azpiegituretarako laguntzak iragarri zituen, eta, Nafarroan gerra aurretik jada indarrean bazeuden ere, gobernuak babes neurrien artean zerrendatu ditu.
Lehen kolpean, beraz, Nafarroak ez du zerga autonomia baliatu bestelako neurriak aplikatzeko eta funtsean Espainian jada onartu diren neurriak errepikatu ditu. Aldiz, Eusko Jaurlaritzak martxoaren erdialdera shockari aurre egiteko neurri sorta oso bat xehetu zuen.
Datorren astean, lehen hiruhilekoko BEZ eta errenta zergen zordunei ordaintzeko epeak atzeratuko zaizkie.
Neurri gehiago aurki
Martxoaren 18an, gerraren ondorioei aurre egiteko bilkura egin zuen gobernuak Nafarroako gizarte eta ekonomia arloko eragileekin. Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren arabera, beste foru dekretu bat lantzen ari dira. «Hainbat neurri prest ditugu, baina astelehenean hainbat sektorek eta eragilek proposamenak helarazi dizkigute. Nahiago izan dugu itxaron haren edukia aztertu arte».
Arastik gaineratu du estrategia oso bat dutela eta lehen neurriek motzerako begirada dutela. Bere esanetan, gatazkari erne begira daude, eta haren bilakaeraren arabera neurri gehiago hartzeko prest egongo dira. «Orain aurkeztutako neurriak oso teknikoak dira, kirurgikoak. Batik bat baliagarriak dira enpresak, autonomoak eta sendiak babesteko», aipatu du.
