Errenta kanpaina abian da Nafarroan, kenkari handiagoekin etxebizitzan eta pentsiodunentzat

Errenta kanpaina abian da Nafarroan, kenkari handiagoekin etxebizitzan eta pentsiodunentzat

Bihar hasiko da 2025eko errenta kanpaina Nafarroan, hainbat berrikuntzarekin, birekin bereziki: kenkari handiagoak izango dituzte etxe bat alokatzen dutenek eta pentsiodunek. Etxebizitzaren arloan, %50 eta %90 arteko kenkariak aurreikusten dira, etxebizitza horiek tentsio eremuetan egonez gero.

Foru Ogasunak prest ditu dagoeneko 221.446 autolikidazio proposamen, eta, jakinarazi duenez, hamarretik seik itzultzeko emaitza dute. Horrek 115,6 milioi euroko gastua ekarriko dio ogasunari, iazkoaren halako bi ia —orduan 62,1 milioi izan ziren—. Onartzen dutenek, hilaren 15etik aurrera jasoko dute dirua haien banku kontuetan.

Gipuzkoan eta Araban ere aste honetan hasi dute errenta kanpaina, eta Bizkaian apirilaren 15ean abiatuko dute. Lurralde horietan aldaketa gehiago daude, iaz onartutako zerga erreformaren ondorioz.

Nafarroan, abenduan onartu zuten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudia, eta hor jasotako neurriak —atxikipen tarte berriak, adibidez— datorren urteko kanpainan ezarriko dira.

Neurri «progresistak»

Hala ere, aurten badaude berrikuntza batzuk: adibidez, etxebizitza bat alokatzea erabakitzen dutenek gutxienez %50eko murrizketa bat izango dute kapital higiezinaren etekin garbi positiboan, baldin eta etxebizitza hori tentsio handiko eremu batean badago. Kenkari hori %70era igo daiteke etxebizitza hori Nasuvinsa sozietate publikoaren bitartekaritzaren bidez alokatzen badute, eta %90ekoa, horrez gain, etxebizitza hori tentsio handiko eremu batean badago.

Errenta kanpaina honetan badago beste berrikuntza bat: alargun eta kotizaziozko erretiro pentsioen kenkariak handituko dira, kasu guztietan, baina handiagoak izango dira errenta baxuagoak dituztenentzat. Gobernuak kalkulatu du neurri horrek 16,7 milioi euroko kostua izango duela ogasunarentzat.

Mugikortasun jasangarriaren arloan, ibilgailu elektrikoak erosteko kenkariak mantendu dira: %30 ibilgailu elektrikoetarako eta %5 hibridoetarako. Gainera, kenkari horiek %35era eta %10era igo daitezke, hurrenez hurren, 30.000 eurotik beherako errentak dituztenen kasuetan.

Halaber, kenkari oinarri maximoa 32.000 eurotik 35.000 eurora igo da, eta horrek 12.500 eurora arteko onura fiskalak lortzea ahalbidetuko du. Nolanahi ere, baldintzak zorrotzagoak izango dira: ibilgailua gutxienez bost urtez mantentzea derrigorrezkoa izango da, eta epe bera igaro beharko da berriz kenkaria aplikatu ahal izateko.

Lehen sektorearentzako onurak ere jasotzen ditu aurtengo errenta kanpainak: estimazio zuzen bereziaren (EDE) muga 300.000 eurotik 350.000 eurora igo du ogasunak. Horren bidez, sistema horretara atxiki daitezkeen zergadunen kopurua handitu egingo da.

Enpresentzako neurriak ere badaude, inbertsioak bultzatzeko: irabaziak inbertitzeagatiko salbuespena %50etik %100era igo da.

Halaber, mezenasgoagatiko kenkariak ere indartu dira: dohaintzen lehen 250 euroetan %80ko kenkaria aplikatuko da, eta hortik gorako kopuruetan %40koa, proiektu sozial eta kulturaletan herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz.

Autonomoentzat ere hobekuntza tekniko bat ezarri da: 4.250 euroko muga gehigarria izango dute aseguru kolektiboetara egindako ekarpenetan. Mutualistek, berriz, 2025erako dagokien kenkaria aplikatu ahal izango dute, aurreko ekitaldien atzeraeraginik gabe.

Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak adierazi duenez, neurri horiek Nafarroako Gobernuaren «ideologia progresista» uzte du agerian. «Nafarroaren apustua progresibitatea eta aberastasunaren banaketa da, ongizate estatu handiagoa lortzeko. Eta errenta zerga da horren adibiderik argiena da. Urtez urte, eta gure printzipio ideologikoei uko egin gabe, familiek eskura diru gehiago izatea bultzatzen ari gara».

Aurreko urteetan, hori bilatzeko neurrietako bat errenta zerga deflatatzea izan da. Irango gerraren ondorioak arintzeko beste berriz ere egingo ote duten galdetuta, Arastik ez du aukera hori baztertu aurten inflazioak %2tik gora amaitzen badu.

Aurreko astean bildu zen gobernu kontseilua, baina ez zuen Espainiako Gobernuak onartutako neurriez gain bestelakorik aurkeztu.

Aukerak eta epeak

Bihartik aurrera kontsulatu ahal izango dira autolikidazio proposamenak, Internet bidez, Renta.navarra.es webgunean. Jasotako proposamenarekin ados ez badira, beren aitorpena aurkeztu beharko dute. Aitorpen berri horrek bertan behera utziko du gobernuak egindako proposamena. Aitorpen berria bulego batean edo telefono bidez egin ahalko da —bihartik aurrera hartu ahal izango da horretarako hitzordua—.

Hilaren 13an hasiko da errenta telefonikoa. Autolikidazio proposamena jaso ez duenak ere hala egin ahal izango du. Ogasunak azaldu duenez, nahikoa izango da beharrezko dokumentazioa prestatzea eta erreserbatutako egunean eta orduan telefonoz jasoko den deiaren zain egotea; ogasuneko langileek aitorpena egingo dute, aurrez aurreko kasuetan bezala.

Egun batzuk geroago, apirilaren 20an, aurrez aurreko errenta egiteko aukera zabalduko da, eta hitzordua apirilaren 16tik aurrera erreserbatu ahal izango da.

Aurten lehen aldiz, eta proba pilotu gisa, Errenta Bulego Mugikorra edo Renta Busa jarriko dute martxan. Ekimenaren helburua da ogasunaren bulegorik hurbil ez duten hiru eremutako herritarrei aitorpena egiteko prozesua erraztea. Apirilaren 27tik maiatzaren 15era Zangozan egongo da; maiatzaren 18tik ekainaren 5era San Adrianen; eta ekainaren 8tik 25era Altsasun.

Badago beste aukera bat ere: ohiko finantza erakunde laguntzaileen bidez egitea. Aurten, zerbitzu hori maiatzaren 6an hasiko da Nafarroa osoan, Iruñerrian izan ezik.