Elkarte memorialistek berretsi dute Erorien Monumentua «izapiderik gabe» bota daitekeela: «Ez dago legez babestua»

Elkarte memorialistek berretsi dute Erorien Monumentua «izapiderik gabe» bota daitekeela: «Ez dago legez babestua»

«Alde batetik, frankismoak eraildako eta zapaldutako pertsonen duintasunaren aitortzarik onena izanen litzatekeelako; eta, beste alde batetik, monumentua ez dagoelako legez babestuta; beraz, ez dago arazorik eraisteko». Yolanda Ansok hitz horiekin laburbildu ditu Iruñeko Erorien Monumentua botatzeko motiboak. Mausoleo frankista eraistearen aldeko elkarteen izenean hitz egin du Ansok, Koldo Amatriarekin batera, Iruñeko Udaletxe plazan egin duten elkarretaratzean. Han, monumentua eraistea galdegin diote Iruñeko Udalari beste behin ere, uste baitute bide hori «egingarria eta legezkoa» izanen litzatekeela. Protestan parte hartu dutenen artean, ekintzaile memorialistez gain, NEB Nafarroako Ezker Batuko eta Batzarreko ordezkariak izan dira, eta baita ELA eta Steilas sindikatuetako zenbait kide ere.

Espainiako II. Errepublikaren egunean egin dute protesta, eta adierazi, diktadura frankistak eragindako izuarekin eta errepresioarekin alderatuta, errepublika hark «ilusioa eta itxaropena» gorpuztu zituela: «1936ko kolpe faxistak zapuztu zuen itxaropen hori, eta itxaropena izu bihurtu zen: 3.500 pertsona baino gehiago hil zituzten Nafarroan soilik, eta 30.000 baino gehiago errepresaliatu zituzten faxistek, karlistek eta matxinatutako militarrek». Hain zuzen, Iruñeko Erorien Monumentua diktaduraren «obra gorena» izan zela uste dute elkarte memorialistek: «Izuaren eta botere frankistaren ikurra da Nafarroan».

Elkarretaratzean adierazi dutenez, monumentua eraistea izanen litzateke aukera «onargarri» bakarra, ezinezkotzat jo baitute hura esanahiberritzea: «Ez da posible. Plaka frankistak kendu eta erabilera berriekin makillatu arren, Eroriek segituko dute monumentu frankista izaten, beren jatorri eta esanahi frankista dela eta». Uste dute, gainera, Espainiako Gobernuak berak arrazoia eman diela Baleares izeneko gurutzaontzi frankistaren auzian: «Memoria Demokratikoaren Ministerioak agindua eman dio Palmako Udalari [Herrialde Katalanak] Baleares gurutzaontzian hil zirenen monumentua kentzeko, eta hori justifikatzeko erabili dituzten arrazoiak dira, hain zuzen, guk Iruñeko Erorien Monumentuaren auzian aurkeztu genituen berberak».

Espainiako Gobernuak Baleares gurutzaontziaren auzian erabilitako argudioetako batzuk dira, batetik, monumentua bera dela «erregimen frankistak erorien gurtzarako garatu zuen kultuaren zati eta adibide»; eta, bestetik, militar kolpistak «era baztertzailean oroitzeko eraikuntza» dela: «Balio formala ez baita autonomoa edo neutrala: haren jatorriak zeharo baldintzatzen du». Nafarroako elkarte memorialisten iritziz, Espainiako Gobernuak Palmako Udalari emaniko argudioek berdin-berdin balio dute Iruñeko Erorien Monumentua eraisteko: «Orain arte eman ditugun arrazoiak berretsi ditu ministerioak, puntuz puntu».

PSNren eta EH Bilduren «kontraesanak»

Gaur Iruñean irakurritako manifestuan, PSNren, EH Bilduren eta EAJren jokabidea txarretsi dute elkarte memorialistek. Uste dute «kontraesan handia» dela PSOEk gauza bat defendatzea Balearretan eta PSNk kontrakoa egitea Iruñean, eta «harrigarri» iritzi diote EH Bilduren jokabideari: «2006an, Yolanda Barcinak Erorien Monumentua eraisteari uko egin zionean, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo zuen ezker abertzaleak; orain, EH Bilduk uko egin dio eraisteari. Eta harrigarria da ere PSOEk, EH Bilduk eta EAJk Memoria Demokratikoaren Legea onartu izana [Espainiako] Kongresuan, eta orain lege hori aplikatu nahi ez izatea Iruñeko Erorien Monumentuari».

Nafarroako Administrazio Auzitegiak emaniko ebazpen bat ere gogorarazi nahi izan diete hiru talde politiko horiei: «Duela hilabete, auzitegi horrek esan zuen Eraikinak Babesteko Udal Katalogoa ez dagoela indarrean. Beraz, Erorien Monumentua ez dago babestuta, eta inolako izapiderik gabe bota daiteke». 2002. urtean, UPN saiatu zen Erorien Monumentua Nafarroako ondare gisa sailkatzen eta legez babesten, baina prozedura hori «oker» egina dagoela uste dute memoria historikoaren aldeko ekintzaileek: «Jasanezina litzateke oraingo udal aurrerakoi hau ikustea UPNren hanka sartzea zuzentzen. Ezin barkatuzko birbiktimizazioa izanen litzateke frankismoaren biktimentzat».

Horregatik guztiagatik, Iruñeko Udalari exijitu diote «terrorearen monumentua behingoz bota dezala», «frankismoak eraildako eta zapaldutako pertsonen duintasunagatik».