Aurrerantzean ere, emakumeak ezingo dira Iruñeko Napardi elkarte gastronomikoko bazkide izan. Nafarroako Berdintasun Institutuak elkarteari eskatu zion estatutuko oinarriak alda ditzala, emakumeak bazkide gisa onartzeko. Halere, eskaera horri entzungor egin die elkarteak, argudiatuta elkarte pribatu bat dela, eta, hortaz, Nafarroako Gobernuak ez duela beren erabakietan esku hartzeko eskumenik. Napardi 1953an sortu zuten, eta Iruñeko elkarterik zaharrena da.
Nafarroako Berdintasun Institutuak joan den urtarrilean esan zion elkarteari estatutua aldatu beharko lukeela. Erakundearen arabera, emakumeak elkarteko bazkide izaten ez uzteak «berdintasunaren printzipioa» urratzen du, eta «emakumeen aurkako diskriminazioa» sustatzen.
Noticias de Navarra egunkariak elkarteko kideek egindako asanblea batzuen aktetako informazioa aipatuz kaleratu duenez, zuzendaritza taldeak bilera bat egin zuen urtarrilaren 20an, aferari buruz hitz egin eta aterabide posibleak aztertzeko. Bi aukera hartu zituzten aintzat: behin betiko erabaki bat hartzeko ezohiko asanblada bat antolatzea, edo auzia xeheago ikertzea. Azkenean, abokatuengana jo zuten; zehazki, Javier Caballero —Nafarroako Gobernuko Barne eta Justizia kontseilari ohia— eta Alberto Anderez abokatuengana. Haien arabera, Nafarroako Gobernuak ez du nahikoa eskumenik gisa horretako eskaera bat egiteko, Napardi elkarte pribatu bat delako.
Edonola ere, Nafarroako Gobernuak ez dauka amore emateko asmorik, Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Presidentetzarako eta Berdintasuneko kontseilari Javier Remirezek esan baitu «berdintasunik eza» ezin daitekeela «gaizki ulertutako tradizioaren atzean ezkutatu».
Kritika gehiago
Nafarroako Parlamentuko taldeek ere hitz egin dute auziari buruz. Atzoko saioan izan zuten hizpide, eta emakumeei elkarteko bazkide izaten ez uztea «diskriminazio matxistatzat» jo zuten PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik, besteak beste. Kontrara, elkartearen erabakia defendatu zuten UPNk eta PPk, Napardiko kideek bezalaxe, elkarte pribatu bat dela argudiatuta.
