Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko ditu migratzaileen erregularizazioan laguntzen ari diren elkarteak

Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko ditu migratzaileen erregularizazioan laguntzen ari diren elkarteak

Zenbait sindikatu eta elkarte migratzaileei laguntzen ari dira Espainiako Gobernuak abiatutako ezohiko erregularizazio prozesuko baldintzak betetzen eta urratsak egiten. Nafarroako Gobernuak diru laguntza bat emango die horretan ari diren sindikatu eta elkarteei, migratzaileei laguntzeak eragingo dizkien gastuei aurre egin ahal izateko. 150.000 euro izango dira guztira.

Laguntza jaso ahal izateko, sindikatu eta irabazi-asmorik gabeko elkarte horiek izena emanda egon behar dute Atzerritartasun Laguntzaileen Erregistro Elektronikoan. Modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Begoña Alfaro Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilariak azaldu du oraindik ez dituztela bukatu diru laguntzak jaso ahal izateko oinarriak, baina espero du datozen egunetan zehaztuko dituztela.

Erregularizatzea eskatzeko epea ekainaren 30ean bukatuko da. Nafarroako Gobernuak uste du maiatzaren erditik aurrera hasiko direla sindikatuei eta elkarteei laguntzak ordaintzen. Azken ordainketa irailaren eta urriaren artean egingo dute.

Nafarroako Gobernuak informazio kanpaina bat abiatuko du laster, erregularizazio prozesuan parte hartu nahi dutenek doan egin ahal izateko. Interesa dutenei arreta zerbitzuen telefono zenbakiak eta informazio webgunearen helbidea zehaztuko dizkiete.

[articles:2156902]

Barkos azalpen eske

Espainiako Gobernuak ezohiko erregularizazio prozesutik kanpo utzi ditu apatridak, horietako gehienak sahararrak. Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak azalpenak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Galdera sorta bat erregistratu du Espainiako Senatuan.

Espainiako Gobernuak erabaki hori zuritu du esanez Estatu Kontseiluak hala gomendatu ziola. Barkosek galdetu dio ea zergatik ez duen konponbide alternatibo bat prestatu, apatridak ere prozesuaren barruan sartzeko. «Oso egoera zailetan dauden pertsonak dira», salatu du Barkosek. «Pertsona apatriden prozesua urte asko luzatu daiteke, eta denbora horretan ezin dute lanerako baimenik lortu. Ondorioz, zaurgarritasun eta prekaritate egoeran uzten ditu».