1976ko maiatzaren 9an, mugimendu karlistak urtero Montejurra mendian (Nafarroa) antolatu ohi zuen ekitaldian, eskuin muturreko mertzenarioek bi karlista hil zituzten tiroz —Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos—, eta beste 30 lagun zauritu. Mende erdi honetan nahiko argi egiaztatu da erregimen frankistako zerbitzu sekretuek finantzatu eta bultzatu zutela operazio hura. Gaur, Nafarroako Parlamentuak zigilu ofiziala jarri dio horri guztiari, eta «estatu terrorismotzat» jo du hilketa.
EH Bilduk martxoan aurkeztutako mozioa eztabaidatu dute Nafarroako Parlamentuko Memoria eta Bizikidetza batzordean. PP eta Vox ez dira batzordean izan, eta mozioaren edukia aurrera atera da. Dena den, testuak hainbat puntu ditu, eta puntu bakoitzak emaitza desberdinak izan ditu. Batetik, testuan azpimarratzen da Ricardo Garcia eta Aniano Jimenez «Estatuak bultzatutako eta faxismoaren zein eskuin muturreko kideek egindako terrorismoaren biktima» direla. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak alde bozkatu dute, eta UPN abstenitu egin da.
Bigarren puntua aho batez onartu dute bertaratu diren taldeek. Espainiako Gobernuari eskatzen diote Montejurrako gertakariekin erlazionatutako dokumentu, agiri, informazio eta datu oro argitara atera dezala.
Hirugarren puntua aurrera atera da UPNren eta EH Bilduren baiezkoaren bidez —PSNk eta Geroa Baik kontra bozkatu dute, eta Zurekin Nafarroa abstenitu egin da—. Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaritzari galdegin diote urteurrenaren harira ekitaldi instituzional bat antola dezala, Montejurrako biktimen omenez. Halaber, Iratxeko monasterioan dagoen monolitoa memoriaren gune bihurtzeko eskatu diote.
Azkenik, beste puntu bat ez da aurrera atera EH Bilduk izan ezik gainerakoek atzera bota dutelako. Puntu horretan, zera eskatzen diote Espainiako Gobernuari, Alderdi Karlista biktimatzat jotzea eta hori aitortzeko ekitaldi bat egitea, 2022ko Memoria Demokratikoaren legearen babespean.
Montejurrako sarraskia
Karlistek Montejurran ospatu ohi zuten ospakizunak kutsu antifrankista hartua zuten diktaduraren azken urteetan, eta Francisco Franco hil ondorengo lehen ekitaldi hura, erregimenaren kontrako karlismoaren bilgune izateaz gain, artean klandestinitatean zegoen oposizioarentzat aukera bat zen benetako demokrazia aldarrikatzeko. Maiatzaren 9an gertatutako sarraskia haren guztiaren kontrako operazioa izan zen, eta gaur egun frogatutzat ematen da erregimen frankistako zerbitzu sekretuak tartean izan zirela.
Izan ere, Espainiako, Italiako, Frantziako, Argentinako eta Portugalgo eskuin muturreko kideak izan ziren Montejurran. Armak zituzten soinean, tiro egin zuten, eta hildakoak eta zaurituak eragin. Hiru lagun atxilotu zituzten. Haietako bat, Jose Luis Marin Garcia Verteri, militarra zen, eta Ricardo Garcia hil izana leporatu zioten. Lekuko batek beroki luze bat, betaurreko ilunak eta txapel gorri bat jantzita ikusi zuen —Gabardinadun gizona izenez ezagutu zen gerora—. Amnistiaren legea baliaturik, ez zen ezer egin haien aurka.
Mozioan gogora ekartzen denez, azken urteetan informazio berria atera da, eta orduko Espainiako Gobernua bete-betean inplikatuta legoke. Duela hiru urte, Jose Luis Ruiz de Gordoa orduko gobernadore zibilak etxean gordeta zituen dokumentuak pasatu zizkion haren semeak Euskal Herriko Karlista Alderdiari, eta bertan egiaztatzen da Manuel Fraga Gobernazio ministroa eta Defentsa Ministerioa zuzenean inplikatuta zeudela.
