Beste finantza erreminta bat izango du aurki Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Kutxa fundazioarekin eta Rural Kutxarekin batera, partaidetza publiko-pribatuko sozietate bat eratuko du industria egitasmoak aurkezteko. Orotara, 45 milioi euroko kapitala izango du: euretako bakoitzak hamabost milioi euro jarriko ditu.
Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ez du baztertzen bazkide gehiago izatea. «Atea irekirik du bidaide berriak izan ditzan», azaldu du. Nafarroako Inbertsio Institutuaren bidez sortuko du erakunde hori gobernuak, eta industria arloko proiektu estrategikoak bultzatuko ditu.
Arastik zehaztu du helburua izango dela deslokalizazioak eragoztea eta teknologikoki aukera handiko proiektuak bultzatzea. Inbertsio aukera bakoitza aztertuko duen aditu talde bat egongo da. Oraindik ez dute aurreratu nolakoa izango den erakunde horren erabaki organoa. Hiru bazkideek osatutako administrazio kontseilu bat egongo da, bai eta proiektuak aztertuko dituen aditu talde bat ere.
Sodenarekin talka
Sozietateak talka egin dezake Sodena arrisku kapitaleko sozietate publikoarekin. Hain justu, Sodenak egoera larrian diren enpresak lagutzen ditu, bai eta sektore estrategikoetako proiektuak bultzatzen ere. Arastik ez du uste gatazkarik egongo dela. Bere hitzetan, egitasmo honen alde bat pribatua da eta Nafarroako industriaren beharretara egokituko da.
Luzarorako inbertsioak dituzte buruan. «Edozein proiektu aztertuko dugu», zehaztu du. Jada abian diren eta arazoak dituzten egitasmoak egon daitezke tartean, Arastiren esanetan. «Antzeman dugu tamaina ertaineko enpresa batzuk arazoak dituztela finantzatzeko arrisku kapitaleko merkatuetan edo bankuen maileguak lortzeko». Gabezia hori arintzeko asmoa dutela gaineratu du.
