Bidegurutzean dantzan

Bidegurutzean dantzan

Haurtzaroko bide xaloa ibili ondoren, bidegurutze batekin topo egiten dute nerabeek. Zutoin altu bat, hainbat kartelekin: «etorkizuna» letra handiz idatzita. Hortik aurrera, hainbat bidexka irekitzen dira gazteen begi harrituen aurrean: dirua, lanbidea, familia. Zalantzaz jositako ibilbidean, ez dago kantatzea eta dantzatzea ez den beste aukerarik. Alaitz ikastetxeko arte eszeniko eta musikako batxilergoko ikasleek En plan…nerabe ikuskizun musikala aurkeztu zuten atzo, Barañaingo auditorioan (Nafarroa).

«Gurinarekin eta gatzarekin krispetak salgai». Aretoan agertu ordez, obra eserlekuen artean hasi da, hortik atera baitira bi krispeta saltzaile. Zenbait ikasleren marmarrek eta irriek hartua dute aretoa saltzaileak ondotik pasatzerakoan; antzezleen lagunak. Saltzaileetako bat korridorean zehar doa, bere rola interpretatuz, ikusleen artean aurpegi ezagun bat ikusi duen arte: «Amatxi!», oihu egin du, bere senidea estuki besarkatuz. Krispeta saltzaile izatetik biloba izatera igaro da segundo batzuetan.

Obra esketx desberdinetan banatuta dago, nerabeen kezka nagusietan banatuta. «A zer garai zaila den nerabezaroa», egin du hasperen Zuriñek. Aldaketaz jositako bere institutuko lehen eguna kontatu du: lehendabiziko hilekoa, maitasunaren zirrara, baita ustekabeko mozkorraldia ere. Ziurgabetasunaren bidean gertu izango duen kalimotxoa agertu da, ikusleen irriek lagunduta. Estutasuna gehiegizkoa denean, hitzekin mintzatu beharrean, kantuekin adierazi dute: Queen, Madonna eta Katamalo artisten doinuak erabilita, nerabeek letrak aldatu dituzte haien bizipenak islatzeko.

Testigantzak abiapuntu 

«Eskuak altxatu/mugikorra atera/selfie bat atera», kantatu dute antzezleek, eta publikoaren parte hartzea ere sustatu dute; mugikorrak eskuan izanda dantzatu dute. Umorez tratatu dituzte gai korapilatsuak: sare sozialen gehiegizko erabilera, alkoholarekiko dependentzia, eta pairatzen duten presio estetikoa, besteak beste. Gainera, obrari oinarri sendoa emateko, pantaila handi batean agertu dira gazteek aurretik grabatutako bideo batzuk, haien zalantzak azalduz. 

Pertsona maskaratuak nerabei begira, ‘En plan…nerabe’ ikuskizunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Benetako euskarri horiek «ezinbestekoak» direla adierazi du Ismael Yagüe Alaitz ikastetxeko irakasleak: «Ikasleei eskatu genien nerabezaroaren inguruan zituzten hitzak botatzea, eta horiekin sortu dute antzezlana». Ispiluan harrapatuta dauden pertsona maskaratuak protagonistari «itsusia» eta «zaborra» bezalako hitzak botatzen dizkio; pisutsuak, samingarriak. Eta, horren ondoan, ikasleekin grabatutako bideo bat: «Zein da zuen intseguritate nagusia?», eta hiru gaztek erantzun dute: «Nire gorputza».

«Nerabe izatea batzuetan gehiegi sentitzea da», ondorioztatu du pertsonaietako batek. Azkeneko dantza gazte guztiak lurrean botata amaitu dute, nekatuta. Yagüek «liberazioa» sentitu du publikoaren txaloak jasotzean. Maiatzaren 9an Burlatako kultur etxean egingo duten hurrengo saioa du buruan.