«Mugimendu larria da». ELAko Puy Remirezek gaur salatu du ANEM Nafarroako Metalgintzako Enpresaburuen Elkarteak indarrean den lan itunean aldaketa bat egitea proposatu duela: produkzio arrazoiengatik egindako behin-behineko kontratuen iraupena sei hilabetetik urtebetera luzatu nahi du. «Sinatutako akordio bati muzin egin eta hura amaitu aurretik bere baldintzak berriro negoziatu nahi dituzte». Gaineratu duenez, «aurrekari arriskutsua» da 30 urtetan ez delako inoiz halakorik egin.
Nafarroako metalgintzako lan itunak bost urteko iraupena du, 2022tik 2026ra artekoa. Azken datuen arabera, ELAk sektoreko enpresen artean %30,6ko ordezkaritza du, UGTk %28,2koa, CCOOk %23,7koa eta LABek %14,8koa —%10etik beherako ordezkaritza duten sindikatuak metaleko mahaitik kanpo geratzen dira—. Hain justu ere, 2022ko lan ituna CCOOk eta UGTk sinatu zuten.
ELAren arabera, patronalaren mugimenduak enpresa handien, «batik bat Volkswagenen» interesei erantzuten die. Behin elektrifikatze prozesua amaituta, udatik aurrera, Alemaniako multinazionalak lan zama handituko du, eta behin-behineko kontratuen iraupena urtebetera luzatu nahi du. VWek lan itun propioa badu ere, «neurri hori sektoreko lan hitzarmenak jaso behar du», Remirezen esanetan: «Ezin du lan hitzarmen bidez edo bestelako akordio baten bidez egin. Beraiek berme hori behar dute enpresan aplikatu ahal izateko».
Sindikatuak kritikatu du UGTk eta CCOOk negoziazio horretan parte hartzea, «enpresa handien interesak babestuz». Era berean, salatu du «enplegua egonkortzeko neurriez hitz egin beharrean behin-behineko kontratuen iraupena luzatu» egin nahi dela.
Lan ituna negoziatu zen garaian, enpresek aukera zuten behin-behineko kontratuen iraupena urtebetera luzatzeko. Haatik, 2024an, negoziazio kolektiboari buruzko dekretu batek aukera hori mugatu zuen eta lurraldekako sektoreak lehenetsi. Gainera, nahiz eta oraingo lan hitzarmenean jaso behin-behinekotasun arloko kontuetan estatuko lan hitzarmenak izango zuela nagusitasuna, bertan ez da aldaketa hori aplikatu.
Azken lan hitzarmena ez zuten ELAk eta LABek sinatu. Biek kritikatu zuten soldaten igoeran ez zela KPIren igoera bermatu. Gaur, ELAk gogorarazi du bost urteotan metaleko langileek eros ahalmena galdu dutela, kategoriaren arabera 3.000 euro ingurukoa.
Lan itunak 36.000 langile ingururen baldintzak arautzen ditu.
