Martxoaren 3ko biktima elkarteak eta 78ko Sanferminak Gogoan taldeak batera ari dira lanean, «falta zaion urrats nagusia» eman dezan Espainiako Gobernuak. Estatua erantzule izenburupean, ekinaldi bat bultzatu dute biek Madrilek bere erantzukizuna onar dezan eskatzeko, bai 1976ko Gasteizko sarraskiaren inguruan bai eta 1978ko sanferminetako hilketaren aurrean ere.
Ekinaldiaren berri eman dute gaur Iruñean, Sabino Cuadrak eta Andoni Txaskok, bi taldeetako ordezkariek. Asteazkenean, Espainiako Kongresuko Memoria Demokratikoaren batzordeko taldeekin bilduko dira, PPrekin eta Voxekin ezik. Helburua da babes politiko nahikoa lortzea kongresuko osoko bilkuran legez besteko proposamen bat eztabaidatu dadin eta Espainiako Gobernuak «mailarik gorenean» bi krimenen inguruko erantzukizuna bere gain har dezan.
Biharamunean, ostegunean, Nafarroako Parlamentuan bi taldeek bultzaturiko mozio bat eztabaidatuko da. Aurretik, Gasteizko, Iruñeko, Donostiako eta Astigarragako udalek mozioak onartu zituzten, eta Iruñean onarturikoaren mozioa eramango da parlamentura. Martxoaren 31n, bi taldetako kideak izan ziren parlamentuko batzorde batean, eta taldeetako ordezkariei aurrez aurre egin zieten eskaera hori.
Mozioaren edukia
Hiru puntu ditu testuak. Batetik, eskatzen zaio Espainiako Gobernuari 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako sarraskiaren eta 1978ko uztailaren 8an sanferminetan izandako krimenen «erantzukizun nagusia eta zuzena» bere gain har dezala. Bigarrenik, galdegiten zaio gobernuari edo haren presidenteari «maila goreneko adierazpena» egin dezala. Azkenik, premiatzen zaie erakundeei egiarako eskubidea bermatzeko «benetako urratsak eta behin-betikoak» egitera.
EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurkeztu dute mozioa, eta martxoaren 31n adierazi zuten babestuko zutela. Dena den, aurrera ateratzeko PSNren botoa izango da erabakigarria, eta martxoan Javier Lekunberri parlamentariak aurreratu zuen beste puntu bat erantsiko diola testuari. Lekunberrik ordu hartan esan zuen «garai hartan izandako indarkeria guztia» gaitzetsiko duela puntu horrek, baina Sabino Cuadrak ez du ezagutzen haren edukia. «Iruñeko Udalean PSNk aldeko botoa eman zuen, eta itxaropen handia dugu parlamentuan ere errepikatuko dutela hori». Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zutenean, sozialistek zuzenketa bat adostu zuten jeltzaleekin, eta estatuak izandako «rola» aitortzea lehenetsi zuten, «erantzukizun» eskaeren gainetik.
«Bi krimen horien atzean goi mailan bultzaturiko eta antolaturiko plan bat zegoen, gertatu zena gerta zedin»
SABINO CUADRA 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kidea
Espainiako Kongresuko ekinaldiak zer eman dezakeen galdetuta, Cuadrak espero du bilkura eraginkorra izango dela. «Espero dugu haietako batzuk legez besteko proposamena aurkeztea osoko bilkuran eztabaidatzeko».
Horren harira, Espainiako Memoria Demokratikoaren Ministerioak bi gertaeren testuinguruan izandako 40 biktimaren eskaerak jaso ditu, eta guztienak aitortu ditu. Dena den, Cuadraren ustez, aitortza indibidualak ez dira aski: «Bi krimen horien atzean goi mailan bultzaturiko eta antolaturiko plan bat zegoen, gertatu zena gerta zedin». Ildo beretik jo du Jose Luis Martinez Ocio, Martxoak 3 elkarteko kideak. «Aurkeztutako eskaerak onartzea keinu garrantzitsua da, aitortza moral bat baita. Urrats garrantzitsua da, baina pausorik garrantzitsuena falta da: estatuak sarraskiaren ardura har dezala bere gain».
«Aurkeztutako eskaerak onartzea keinu garrantzitsua da, aitortza moral bat baita. Urrats garrantzitsua da, baina pausorik garrantzitsuena falta da»
JOSE LUIS MARTINEZ OCIO Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kidea
Gasteizko sarraskian bost langile hil ziren —Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clement, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral—; Iruñeko sanferminetan, berriz, German Rodriguez Saiz hil zuten polizia armatuek. Gainera, hamarnaka pertsona zauritu zituzten, horietako batzuk larri balaz.
