Itunpeko ikastetxeetako hamalau ikasgela ixteko agindua urtebetez geroratzea adostu zuen Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak iragan astean, UPNk aurkeztutako lege proposamen bati bide emanez —horren alde bozkatu zuten PPk, Voxek eta erregionalistek beraiek; eta abstentziora jo zuten EH Bilduk eta Geroa Baik—. Arau horrek, baina, ez die aipamenik egiten sare publikoko ikastetxeei, eta zenbait eragilek salatu dute hor arrakala bat egon daitekeela, gobernuak ikasgela publikoak gutxitu ditzan, batez ere, landa eremuko eskola txikietan eta D eredukoetan. Hori dela eta, ELA sindikatuak Hezkuntza Departamentuari eskatu dio sare publikoko ikasgelak ere «blindatu» ditzala, itunpekoekin eginen duen bezala.
Gobernuaren noraeza kritikatu du ELAk, ohar batean: «Hasiera batean, Hezkuntza kontseilariak iragarri zuen datorren ikasturtean 19 unitate itxiko zituela sare publikoan; ondoren, esan zuen batzuk itxiko zituela, baina beste ikastetxe batzuetan irekiko zituela, eta beraz, balantze orokorra ez zela negatiboa izango. Eta orain, legea onartu ondoren, adierazi du azkenean ez duela ikasgela publikorik itxiko». Izan ere, ELAren iritziz, PSNk «hauteskunde arma gisa» erabili nahi izan du ikasgelen inguruko gatazka, «bere burua aurkeztuta eskola publikoaren defendatzaile bakar gisa».
Horregatik, Nafarroako administrazioari eskatu diote albo batera utz ditzala «irizpide ekonomizistak», eta «finantzaketa nahikoa» berma dezala landa eskolak irekita mantentzeko: «Landaguneetan hezkuntza publikoa defendatzea gure herrietan duintasunez bizitzeko eta lan egiteko eskubidea defendatzea ere badelako». Herrietan, eskola publikoak aukera berdintasuna, gizarte kohesioa eta lurraldearekiko atxikimendua bermatzen dituela uste du ELAk, eta funtsezkotzat jo du zerbitzu publiko hori bizirik mantentzea.
Sindikatuak kritika egin die UPNren legea onartu zuten taldeei ere, onartutako legeak ez zituelako ikasgela publikoak bermatu: «Onartutako legeak ez ditu blindatzen ikasgela publikoak, eta itunpeko ikasgelak beste ikasturte batez mantenduko badituzte ere, ez dute patronala behartu lanpostuak bermatuko dituen birkokatze akordio baten bidez».
Gimenoren dimisioa
Hezkuntza Departamentuaren eta, zehazki, Carlos Gimeno kontseilariaren kudeaketa kritikatu ditu ELAk. «Nafarroako hezkuntza sistemak okerrera egin izana eta gutxiengo sindikalarekin itun bat sinatzea; hori da, gaur-gaurkoz, departamentuaren ondare nagusia». Kontseilariak, gainera, euskararen normalizazioaren aurkako jarrera argia duela eta eskuin muturrak 2018. urtean euskararen aurka antolatutako manifestazioan parte hartu zuela gogorarazi du ELAk: «Horregatik guztiagatik, uste dugu kontseilariak dimisioa eman beharko lukeela, edo kargutik kendu beharko luketela».
Sindikatu abertzaleak uste du «beharrezkoa» dela Gimeno Hezkuntza Departamentutik ateraraztea, baina ahaztu gabe «azpifinantzaketa» dela hezkuntza sistemaren arazo nagusia: «Eurostaten arabera, hezkuntzak duen pisua BPGaren %3,2koa da Nafarroan, eta Europako Batasunean, berriz, %4,7koa. Ehuneko hori oso urrun dago gobernu itun programatikoan jasotako %5etik. Errealitate horrek, zerbitzuaren kalitatea okertzeaz gain, hezkuntzan lan egiten duten pertsonan lan gainkarga dakar, behin-behinekotasuna ia %50ekoa baita sektore horretan».
Horregatik guztiagatik, «hezkuntza sistema publiko, unibertsal eta euskaldun» baten aldeko apustua berretsi du ELAk: «Publifikazio prozesu baten bitartez, baina itunpeko sarearen lanpostuak bermatuz betiere».
