Biogas instalazioak eraikitzeko baimenak beste bi urtez geldiarazteko prest azaldu dira Nafarroako talde parlamentarioak

Biogas instalazioak eraikitzeko baimenak beste bi urtez geldiarazteko prest azaldu dira Nafarroako talde parlamentarioak

Biogas instalazioen aurkako plataformak biltzen dituen Nafarroako koordinakundeak eta Sustrai Erakuntzak agerraldia egin dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Zehazki, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko batzorde batean parte hartu dute, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin talde parlamentarioek hala eskatuta. Herri plataformek talde politikoei eskatu diete luza dezatela gutxienez beste bi urtez biometanizazio lantegiak eraikitzeko moratoria. Eta harrera ona izan du eskaerak. 

Hartara, Nafarroako Parlamentuak 2025eko urrian onartu zuen biometanizazio instalazioen proiektuetarako moratoria, baina, plataformen koordinakundearen iritziz, «mamirik gabea» da, eta, gainera, indarrik gabe gera liteke datozen asteotan.

Claudia Osesek eraman du parlamentura biometanizazio planten aurkako herri mugimenduen ahotsa. Esan duenez, azken bi urteotan izugarri ugaritu dira lantegi horiek egiteko eskaerak, eta, haren iritziz, horrek «beste burbuila bat sortzeko mehatxua» ekar dezake. Datuak ere eman ditu: martxan dauden sei plantez gain, jendaurrean dauden beste hamabost proiektu pribatu eta sustapen publikoko beste bi aipatu ditu. «Denei baimena emanez gero, 23 makroplanta egongo lirateke Nafarroan», ohartarazi du.

Osesek gobernuari eta parlamentuari leporatu die «makroproiektu» horiekiko jarrera «permisiboa eta arduragabea» izatea. Azaldu duenez, herri plataformak ez daude biometanizazioaren aurka, baina iruditzen zaie instalazio horiek beste ezaugarri batzuk izan beharko lituzketela. Adibidez, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorritako hondakinak soilik tratatu beharko lituzkete, eta tokiko beharrei egokitutakoak izan beharko lukete.

«[Moratoria] Ez da baliagarria izan eztabaida seriorik sortzeko, ezta planta horiek izan beharreko irizpideak ordenatzeko ere»

CLAUDIA OSESHerri plataformen bozeramailea

Iazko urritik indarrean dagoen moratoriari buruz esan duenez, «ez da baliagarria izan eztabaida seriorik sortzeko, ezta planta horiek izan beharreko irizpideak ordenatzeko ere. Izatekotan, justu kontrakoa gertatu da». Bestalde, gobernuari aurpegiratu dio ez dituela bete bere konpromisoak: «Makroproiektu guztien diagnostikoa jaso behar duen txostena ez da inon azaldu, eta planifikazio ordenatua eta jasangarria bermatu behar dituen gomendioen berri ere ez daukagu». Osesek gogorarazi du behar-beharrezkoa dela biometanizazio instalazioen inguruko planifikazioa eta irizpideak finkatuko dituen araudi bat osatzea, erakunde publikoek «orain arte erakutsi duten noraeza zuzentzeko».

Talde guztiak luzapenaren alde

Talde politiko guztiek bat egin dute herri plataformek moratoria luzatzeko eginiko eskaerarekin, baina zehaztapenak egin dituzte. Biogas planten aurkako plataformako ordezkarien mintzaldia amaituta, talde parlamentarioen txanda izan da. Zurekin Nafarroako Carlos Guzman mintzatu da aurrena: «Teknologia bera ondo iruditzen zaigu, baina ez dugu onartzen horiek garatzeko eredu neoliberala». Adierazi duenez, ezinbestekoa da azpiegitura horiek «publikoak izatea, lurraldeen arteko orekari erreparatzea eta ingurumena zaintzea».

EH Bilduko Oihan Mendoren esanetan, «biogasa eta biometanizazioa aukera bat dira energia fosilekiko menpekotasuna murrizteko, baina sektore publikoaren lidergoa eta planifikazioa nahitaezkoak dira horretarako». Geroa Baiko Javier Ollok proposatu du moratoria beste bi urtez luzatzea, haren iritziz gaur egungo moratoria ez delako nahikoa.

UPNko Miguel Bujandak kritikak egin dizkio Nafarroako Gobernuak arlo horretan egindako «nahaste-borrasteei», haren aburuz lehen sektoreari kalte egiten ari zaizkiolako. PSNko Carlos Mena azpiegitura horien alde mintzatu da: «Ezinbestekoak dira nekazaritzak eta abeltzaintzak sortzen dituzten hondakinak tratatzeko». Baina onartu du funtsezkoa dela jaso dituzten eskaera horiek guztiak antolatzea, eta horretarako denbora behar dela. Nafarroako PPko Irene Royoren esanetan, herri plataformak «oso katastrofistak» dira, eta instalazio horiek nekazaritza guneetako ekonomiarako lagungarriak dira.