Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak Espainiako Gobernuari eskatu dio adieraz dezala legez kanpokoa izan zela Ricardo Zabalza Elorga (Erratzu, Baztan, Nafarroa,1898 – Madril, 1940) epaitu zuen Gerra Kontseilua. Erratzuko politikari sozialista eta sindikalista hura 1940ko otsailaren 25ean Madrilen fusilatzera kondenatu zuen epaia baliogabea da, GEBehatokiak azaldu duenez, eta Madrilek «aitorpen eta erreparazio pertsonaleko deklarazioa» egin dezan nahi du. Ekinaldi horrek Zabalza Elorgaren familiaren babesa dauka, eta Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Espainiako Legean oinarritu dute.
Zabalza Elorga «behar bezala erreparatzea eta haren duintasuna berreskuratzea» da GEBehatokiaren nahia. Alfredo Espinosa Oribe lehen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren auzia eta Aquiles Cuadra de Miguel Tuterako (Nafarroa) alkate ohiarena ekarri ditu gogora talde memorialistak, Zabalza Elorgaren auziak egin beharko lukeen bidea azaltzeko. Espinosa eta Cuadra frankistek fusilatu zituzten, eta bien ala bien heriotza zigorrak legez kanpokoak izan zirela aitor dadin bidea egiten ari dira. Modu berean dago 1978an sanferminetako auziaren biktima: German Rodriguez.
1939ko urriaren 19an fusilatu zuten Tuterako alkate Aquiles Cuadra de Miguel, Iruñean. Auzi horri dagokionez, GEBehatokiak jakinarazi du Espainiako Gobernuak «aitorpen eta erreparazio pertsonalaren deklarazioa» egin duela jada, eta deklarazio horrek «legez kanpokotzat eta ez-zilegitzat» jo dituela hura epaitu zuen epaimahaia eta haren aurka emandako «zigorrak eta ebazpenak», eta, beraz, «baliogabeak» direla dagoeneko. Ebazpen hori Tutera eta Iruñeko udalei jakinarazi die talde memorialistak, bere garaian ekinaldi hori babestu baitzuten erakunde biek. Hala, GEBehatokiak aitortza eta erreparazio ekitaldiak antolatzeko iradoki die udal horiei, urriaren 19rako hain zuzen, fusilatu zuteneko 87. urteurrenerako. Baztango Udalak eta Erratzuko herriak Ricardo eta Javier Zabalza Elorga omendu zituzten 2022ko otsailean.
Nekazaritzarekin kezkatuta zegoen diputatua
Emilio Majuelo historialariak egindako txosten baten bidez, Ricardo Zabalza Elorga politikari sozialistari buruzko ibilbidearen berri jakin daiteke, xehetasun handiz. Zabalza Elorga Erratzun jaio zen, 1898ko urtarrilaren 29an. Aita, landa medikua, Iruñekoa zen, eta ama Baigorrikoa (Nafarroa Beherea). Zortzi anai-arrebaren artean zaharrena zen Ricardo. Gazterik joan zen Argentinako Errepublikara, eta, itzultzean, 1930eko abenduan, PSOEn afiliatu zen. Kargu garrantzitsuak izan zituen: Probintziako Nekazarien Federazioko idazkari nagusiarena, esaterako. Nekazaritza arazoak nabarmenak ziren Nafarroan, eta herritarrei kendutako ondasunak berreskuratzea zen arazorik handiena; XIX. mendearen hasieran pribatizatu zituzten lur horiek. 1932an, ondasun komunak berreskuratzeko udal mugimenduaren sustatzailea izan zen Zabalza Elorga, eta, UGTko baserri erakundeekin batera, lursailen okupazio sinbolikoak sustatu zituen.
1936ko uztailean, herri ondasunak berreskuratzearen alde irmo jardun zuen gorteetan. Lege proiektuaren artikuluak onartu zituzten, uztailaren 18ko estatu kolpea izan ez balitz bezala. Azkenerako, Alacanteko portuan atxilotu zuten.
1934ko urtarriletik gerra zibila amaitu arte, berriz, UGTko Lurreko Langileen Espainiako Federazio indartsuko idazkari nagusia izan zen. 1936ko otsaileko hauteskundeek Espainiako Gorteetara eraman zuten Zabalza Elorga, Badajozko nekazarien botoei esker. 1936ko uztailean, herri ondasunak berreskuratzearen alde irmo jardun zuen gorteetan, eta gai horri buruzko lege proiektuaren artikuluak onartu zituzten, uztailaren 18ko estatu kolpea izan ez balitz bezala. Azkenerako, Alacanteko portuan atxilotu zuten (Herrialde Katalanak), eta Los Almendroseko kontzentrazio esparruan sartu zuten; handik Orihuelako espetxera eraman zuten, eta Madrilgo Porlierreko espetxera ondoren. Tratu txarrak eman zizkioten, harik eta 1940ko otsailean kontseilu militar batek epaitu zuen arte.
Ricardo Zabalza eta Obdulia Bermejo emaztea, Abel semearekin. BERRIA
Familia osoa hautsita
Epaiaren ebazpena heriotza zigorra izan zen: otsailaren 24an fusilatu zuten. Haren familia eta Obdulia emaztearena errepresaliatuak izan ziren, Majuelo historialariak azaltzen duenez. Gurasoek Burgi utzi eta Iruñean bizi behar izan zuten. Lazaro, aita, bihotzekoak jota hil zen, semea fusilatu ziotela jakin eta gutxira. Haren anaia Javier, Burgin preso hartu eta hil egin zuten 1936ko uztailaren 29an. Obdulia emazteak, berriz, seme bat izan zuen 1938an, eta erbestera joan zen, Aljeriara.
GEBehatokiak gogoratu du erakundeetan urratsak egiten ari direla egiaren eta erreparazioaren arloetan, «baina, hala ere, justiziarako sarbidea da oraindik gainditu gabeko ikasgai nagusia».
Horiek horrela, estatu kolpea hasi zenetik hil zituzten Nafarroako 156 kargudun publikoen artean dago Zabalza Elorga. Horiei guztiei «1936ko altxamendu militarraren ondoren eraildako ordezkari publikoak omentzeko ekitaldia» egin zien Nafarroako Parlamentuak 2016ko apirilaren 17an. Urte hartako bertako irailean, Nafarroako Gobernuak irakasle errepresaliatu guztiak omendu zituen, 300 irakasle inguru. Horietatik 33 hil zituzten, horien artean Zabalza Elorga bera.
GEBehatokiak gogoratu du erakundeetan urratsak egiten ari direla egiaren eta erreparazioaren arloetan, «baina, hala ere, justiziarako sarbidea da oraindik gainditu gabeko ikasgai nagusia». Indarkeria hori berriz ez gertatzeko oinarriak ezartzeko, «garrantzitsua da horrelako kasuak sozializatzea eta belaunaldi berrien artean ere ezagutaraztea», talde memorialistaren arabera: «Bada garaia duintasuna berreskuratzeko, eta erakundeek lagundu egin behar dituzte lapurtutako justizia berreskuratzeko prozesu horiek».
