Ikerketa batzordeak ondorioztatu du ez dela frogatu Nafarroako Gobernuaren kontratu publikoetan ustelkeriarik izan denik

Ikerketa batzordeak ondorioztatu du ez dela frogatu Nafarroako Gobernuaren kontratu publikoetan ustelkeriarik izan denik

Hamaika hilabeteren ondoren, amaitu dira Belateko tunelei buruzko ikerketa batzordearen lanak. Taldeek aurkeztutako ondorioak eztabaidatu eta bozkatu dituzte gaurko saioan. PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik ondorio nagusi bat babestu dute: ez da egiaztatu Nafarroako Gobernuak Accionari eta Servinabarri esleitutako sei kontratu publikoetan ustelkeriarik egon denik, besteak beste Belateko tunelen adjudikazioan.

Zurekin Nafarroak bat egin du onartutako ondorio nagusien agiriarekin, baina abstenitu egin da, «beste batzuk falta direlako eta egia osatzen lagunduko luketelako», haien ustez. UPNk, PPk eta Voxek kontra bozkatu dute. UPNko Javier Esparzaren arabera, ikerketa batzordeak «delituen zantzu gehiago» azaleratu ditu, eta horien aurrean erantzukizun politikoak hartu beharko lituzke Nafarroako Gobernuak, batik bat Maria Txibitek.

[articles:2159392]

Berez, azken-aurreko atala izan da gaurkoa, eta datorren asteko osoko bilkuran itxiko da azkena, ekainaren 18ko osoko bilkuran bozkatuko baitira berriz ikerketa batzordearen ondorioak eta administrazio prozedurak hobetzeko gomendioak. 

Onartutako ondorioen testuan, PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik uste dute ez dela ustelkeriarik frogatu. Dena den, zenbait kontratu publikoren espedienteetan irregulartasunak eta gabeziak egon direla ondorioztatu dute, bereziki Belateko tunelak bikoizteko lanen lizitazioan. Haien ustez, ez da egiaztatu «esku hartze politiko zuzenik edo zeharkakorik egon zenik» herri lan hori adjudikatzeko prozesuaz arduratu zen kontratazio mahaian. Dena den, aitortu dute batzorde horren hainbat jardunbide eta jarrera «desegokiak» izan zirela «administrazio onaren eta prozesuaren inpartzialtasunaren ikuspegitik». Gaineratu dutenez, mahai horren funtzionamenduan azaleratutako arazoek ez zuten eragin erabakian.

UPNren kritika

«Hau ez da ikerketa batzorde bat izan, gobernua babesteko batzorde bat baizik». UPNko Javier Esparzaren arabera, «ukaezina» da Txibitek eta PSNk harreman estua zutela ustezko delitugileekin —besteak beste, Santos Cerdanekin—. Haren irudiko, batzordearen zeregina ez zen gertaerak epaitzea, «baizik eta erantzukizun politikoak argitzea». Horregatik, zuzenean Maria Txibiteren aurka jo du. «Ez da beharrezkoa presidente bat epaitegietan zigortzea erantzukizun politikoak hartzeko». Haren ustez, Txibiteren gobernua ez da saiatu egoera argitzen, baizik bere burua defenditzen. «Onartutako testuaren helburua Maria Txibite eta Nafarroako Gobernua babestea izan da». 

PSNko Javier Lekunberriren ustez, Esparzak «interpretazio politiko ugari» egin ditu, baina gutxi hitz egin du gertaerez eta zantzuez. «UPNk eta PPk esandako guztiaren %10 hartuta ere, nola da posible epaitegietara joan ez izana salaketa jartzera? Hemen denetik esan daiteke, baina epaitegietan frogak aurkeztu behar dira». Lekunberriren arabera, Belateko esleipen prozesuan parte hartu zuten kide guztiek egiaztatu dute ez zietela presio politikorik egin. «Hori da garrantzitsuena».

EH Bilduko Adolfo Araizek ikerketa batzordearen helburuaz egin du gogoeta. «Esleipenak aztertuta, zer arau urratu dira? Eta horrek etekinik ekar diezaieke inplikatuei? Izan gara gai identifikatzeko etekin horiek? Batzordeak identifikatu al du baten alde egin dela bestearen kaltetan?». Araizi deigarria egin zaio galdera horien aurrean UPNk eta PPk eurek ere ez dutela halakorik frogatu. Onartu du batzordeak bere mugak izan dituela, baina erantsi du eskura zuten informazioan oinarriturik ezin izan dela egiaztatu ustelkeriarik egon denik.

Geroa Baiko Pablo Azkonaren irudiko, ikerketa batzordea «baliagarria» izan da argi egin dielako gizartean asaldura eragin zuten gertaera batzuei. Azpimarratu du administrazio prozedurak hobetzeko gomendioak ere onartu dituztela. Besteak beste, proposatu dute esku hartzeko eta kontrolerako baliabideak indartzea, kontratu publikoen legea moldatzea eta kontratazio publikoari buruzko plana onartzea. Azkonak gogorarazi du hilabeteotan Pedro Lopez Bera Herri Lanen zuzendaria kargugabetzera behartu dutela. «Hortaz, hartu dira erantzukizun politikoak», erantzun dio UPNri.

PPko Javier Garciak «deseroso» sumatu du Nafarroako Gobernua ikerketa batzordean, bertan esaten zena kontrolatu nahian. «Jarduera irregular horrek ekarritako higadura kudeatu nahi izan dute». Zurekin Nafarroako Miguel Garridoren irudiko, berriz, ezin da esan ustelkeriarik egon denik. Dena den, haren ustez, horrek ez du esan nahi dena ongi egin denik. «Etika faltaren zantzuak egon dira. Ez da etikoa Santos Cerdanen moduko agintari politiko batek enpresa batekin lotura izatea eta inork ez jakitea enpresa hori lehiaketa publikoetara aurkezten zela».