Hiru emakumek torturak salatu dituzte Ziritzako Vida Nueva zentroan

Hiru emakumek torturak salatu dituzte Ziritzako Vida Nueva zentroan

Iruñeko epaitegi bat ikertzen ari da Ziritzako (Nafarroa) Vida Nueva zentroaren aurka egindako salaketa berriak. Newtral hedabideak zabaldu duenez, hiru emakumek torturak jasan izana salatu dute beste hainbat ustezko delituren artean. Zentroko zuzendariak esan du akusazioak gezurra direla eta hiru salatzaileak suminduta daudela ez zutelako haien tokia aurkitu zentroan.

Ez da Vida Nueva zentroaren aurkako lehen salaketa. Otsailean «homosexualitatea sendatzeko» terapiak eskaintzen dituela salatu zuten bertan egondako hainbat emakumek. Ordukoan ere exorzismoen, ezkontza behartuen, tratu txarren eta sekta baten kutsuko praktiken berri eman zuten.

Iruñeko epaitegian jarritako azken salaketan hamar delituren zantzuak ikusten dituzte salatzaileen abokatuek. Haien ustez, emakumeek pairaturikoa, torturaz gain, legez aurkako atxiloalditzat, koakziotzat, osotasun moralaren aurkako delitutzat, lan esplotaziorako gizakien salerosketatzat, lesio larrien iturritzat, kolektibo zaurgarri baten duintasunaren aurkako erasotzat, langileen eskubideen aurkako delitutzat eta lan intrusismotzat jo daiteke. Horiez gain, zentroko zuzendariek antolakunde kriminala osatu zutela uste dute salatzaileek. 

Newtralek dioenez, salaketaren barruan tortura eta tratu txar kasuak ikertzen eta aztertzen dituen Espainiako SIRA zentroaren txosten bat dago. Zentroak hiru emakumeak artatu ditu, eta perituen arabera ziurtzat jo daiteke hiruek tortura eta tratu umiliagarria jaso zutela. 

Tratu txar kasuak aztertzen dituen SIRA zentroak hiru salatzaileak artatu ditu, eta haren arabera tortura zantzuak agerikoak dira

Albistearen arabera, zentroko zuzendariek etxegabe bezala inskribatu zituzten hiru emakumeak, horrela laguntza publikoak jasotzeko. Halaber, hirurek deklaratu dute zentroan zeuden adinez txikikoek jasandako jipoiak ikusi zituztela eta haiei mediku arta ukatu zitzaiela.

Salaketa larriak izan arren, Luis Nasarre zentroko zuzendariak ukatu egin ditu akusazio guztiak. Gezurra direla esan du eta hiru emakumeek duten suminaren ondorio direla. Sumin horren jatorria, Nasarreren esanetan, zentroan bere tokia ez aurkitu izana da.