«Mikrofonoa piztea ere ahaztu egin zait». Hamabost urte iragan dira Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak politika utzi zuenetik, eta umorea ez du galdu. Ustekabe handirik ere ez du eman. Politikari zeneko jokabide kontserbadorea erakutsi, eta Foru Hobekuntzaren lantaldean testuaren enbor nagusia bere horretan uztearen alde agertu da. Adibidez, bere ustez, «akatsa» litzateke euskararen zonifikazioarekin amaitzea, «tirabirak eragingo lituzkeelako».
«Ez dut inorekin polemikarik piztu nahi, baina pentsatzen dudana esatera etorri naiz». UPNko egungo presidente Cristina Ibarrolarekin batera agertu da Nafarroako Parlamentuan Miguel Sanz. Orain arte, 59 aditu iragan dira lantaldetik, eta jada azken txanpan sarturik, lehendakari izandakoen txanda heldu da. Aurreko astean Juan Cruz Alli etorri zen, eta hurrengo ostiralean Uxue Barkos bertaratuko da. Maria Txibitek emango dio amaiera, eta ikusi beharko da zer aldaketa proposatu nahi dituen egungo lehendakariak.
«Nik ez diot beldurrik erreferendumari, ez diot ezeri. Ezta UPNk ere».
MIGUEL SANZ Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia
Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra kentzeko UPNren proposamena «ateralditzat» jo zuen Nafarroako Gobernuak. Sanzek azaldu du hogei urte egin zituela gobernuko postu gorenetan, eta horrek zilegitasuna ematen diola ateraldi bat ez dela esateko. Gogora ekarri du «UPNren erroetan» dagoela proposamena, xedapen horren aurkako protesta gisa sortu baitzen 1979an. «Xedapen iragankor hori ez balego, UPN ez zen existituko. Alderdiaren jatorriarekin leial jokatu nahi dut», onartu du. Bere irudiko, xedapen horrek «behin-behinekotasuna» ematen dio «Espainiako lurralde autonomikorik historikoenaren errealitate instituzionalari», eta hori indargabetu egin beharko litzateke.
Nabarrismoak historikoki defenditu du foraltasuna Nafarroaren eta Espainiaren arteko itun bat dela, eta interpretazio politiko horrekin bat egiten du Foru Hobekuntzak. Haren berezitasunetako bat da bere edukia Espainiaren eta Nafarroaren arteko akordio bat dela; gero Nafarroako Parlamentuari zein Espainiako Gorteei dagokie hura babestea. 1982an halaxe atera zen aurrera, eta ez zen erreferendumik egin.
Gehiengoaren langa
Sanzek adierazi du Foru Hobekuntzaren erreforma batek «onartu zen garaiaren pareko gehiengoa» lortu beharko lukeela, «edo handiagoa». Ez du zehaztu zer langa gainditu beharko lukeen, baina bai azpimarratu du indar konstituzionalisten arteko adostasuna lortu beharko litzatekeela. Halaber, herri galdeketaren aurka azaldu da.
EH Bilduko Adolfo Araizek eta Zurekin Nafarroako Miguel Garridok galdetu diote zergatik dion beldurra erreferendumari. «Nik ez diot beldurra erreferendumari, ez diot ezeri. Ezta UPNk ere. Askoz ere egoera okerragoetatik pasa gara. Pentsatzen duguna esateko ez genuen beldurrik izan, ez dugu orain beldurrik eta ez dugu izango».
Amaieran hainbat proposamen egin ditu Foru Hobekuntza aldatzeko. Bere ustez, parlamentari kopurua murriztu egin beharko litzateke «herritarrek politikarekiko duten atxikimendu faltari erantzuteko». Nafarroako lege gorenak immigrazioari ere erreparatu beharko liokeela aipatu du.
Agerraldia tonu onean joan da. Hainbat konturekin desados agertu badira ere, alderdietako eledunek eskertu diote hausnarketa egin izana. Sanzek duela urte asko Josep Maragall Kataluniako Generalitateko presidenteak esan ziona gogorarazi du: «Politikatik atera egin behar zara txalo egin diezazuten», erantzun du, aldi berean talde guztien hitz onak eskertuz.
