Euskaraz bizitzea «ahalegin temati bat» ez izateko aldarrian batu dira euskaltzaleak

Euskaraz bizitzea «ahalegin temati bat» ez izateko aldarrian batu dira euskaltzaleak

«Ahalegin temati bat» da usuegi euskaraz bizitzea. Hala oroitarazi du, gaur, Euskaltzaleon Martxako amaierako hitzaldian Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek. «Horregatik eskatzen dugu euskaraz bizitzeko behar den dena», aldarrikatu du. Martxaren leloa ere horixe bera izan da: Euskaraz bizitzeko behar den dena. Eta euskaltzaleen gogoa eta antolaketa gaitasuna agerian utzi du gaur, berriro, ekinbideak. Jendetsuak izan dira Gazteluko plazarako bidean Iruñeko hiru tokitatik abiatu diren hiru zutabeak, eta aski ederra izan da amaiera: plazan, biribilean dantzan, irudi eder eta alai bat osatu dute bertaratutako guztiek. Ez da erakusteko argazki eder bat bakarrik izan: guztien bihotz-buruetan geratuko den une bat ere izan da, doinuz betea. 

[articles:2159507]
[articles:2159628]
[articles:2159630]
[articles:2159629]

 

«Martxa honetara leku diferenteetatik abiatu garen bezala, gutako bakoitza leku ezberdin batetik abiatuta iritsi gara euskaltzale izatera», esan die Eskisabelek Gazteluko plazan batu zirenei. Denei eman die ongietorria, eta poza azaldu du Iruñea «euskaldunon hiri buruzagi» izan delako gaur. Gogora ekarri du euskaltzaleak batzeko aurreko keinu jendetsua abenduaren 27an egin zutela; Bilbo Arenan, hain justu ere, Pizkundea izeneko ekitaldia egin zuten. «Euskarari pizkunde berri bat emateko prest geundela esan genion elkarri», oroitarazi du. Adierazi du orain xedea dela euskaraz bizitzeko behar dena eskatzea. Baina halako topaketek «ospakizun» ere izan behar dutela azaldu du. Izan ere, zigorrak, debekuak, gutxiesteak, baztertzeak… Horiek guztiak pairatuta ere, euskara bultzatzeko gakoak eman dituzte euskaltzaleek. «Badugu zerekin poztu, zerekin harrotu. Izan dadila poz eta harrotasun hau pizkunde berrirako bizigaia». 

 

Bide batez, euskararen «egoeraren larriaz» jabetzen segitu behar dela gogoratu du, eta hori egin behar dela beti atzean zer dagoen ulertzen, horretarako begirada zolitzen. «Horregatik, euskararen normalizazio eta biziberritzeak eskatzen du botere harremanen aldaketa sakona, egiturazkoa». 

«Zumeak» zeintzuk diren

Hiru zutabetan heldu dira martxan parte hartu duten euskaltzaleak Gazteluko plazara, txaranga hots artean. Eskisabelek adierazi duenez, euskarak behar duen guztiaren «zumeak zeintzuk diren» definitzeko ahalegin bat izan da hori. «Euskalgintzaren Kontseiluaren iduriko, hiru baitira euskarak behar duen hori eraikitzen hasteko oinarriak: jauzi bat hizkuntza politiketan, ofizialtasun osoa Euskal Herri guztian, eta euskaltzaletasun kokatu, antolatu eta indartsu bat». Hiru «zumeak» izan ditu hizpide. 

Jauzia izan da lehena. Halaxe: «Bada jauziari buruz hutsean hitz egiteari utzi eta jauzia irudikatzen, ulergarri, ukigarri eta gauzagarri egiten hasteko garaia». Bide horretan, gogora ekarri du berriki plazara ekarri duten proposamena: Pizkunderako erronka 2036 deitua. Eta haren xede nagusia: «Irabaz ditzagun 300.000 hiztun hamar urtean. Hau da, bikoiztu dezagun oraingo euskalduntze erritmoa. Era berean, gainditu dezagun %20ko erabilera langa». Xede hori lortzeko euskal herritar berrien gainean «bereziki» begia jartzeak dituen arriskuez ohartarazi du. «Egungo larrialdi linguistikoa ez digute haiek sortu. Arazoa geuk daukagu. Egiturazko tresna gabezia gurea da». Egungo mundu aldakorraren ajeak ere izan ditu hizpide: «Bizitzaren digitalizazio eta merkantilizazioak, orokorrean, eremu denetan, boteretsuago egin ditu boteredunak; ahulago, berriz, lehendik egoera zaurgarrian zeuden kolektiboak. Hizkuntzak eta hiztun komunitateak ez gaude dinamika horietatik salbu».

Ofizialtasuna izan da aipatu duen bigarren «zumea», eta edukiz bete behar dela azpimarratu du: «Ofizialtasun formala ez da nahikoa. Arkitektura juridiko berri eta sendoa behar du euskarak». Eta hirugarren «zumea»: euskaltzaletasuna. Berritu egin behar dela esan du: «Euskaltzaletasun kokatua behar dugu. Gaur egungo Euskal Herrian eta gaur egungo munduan kokatua». Eta aldaketak eragiteko kapaz: «Euskaltzale gisa jabetu, ahaldundu eta antolatzea da, hain zuzen ere, erakundeengan, gobernuengan, indar politikoengan eragiteko modua». 

Martxan izan dira, besteak beste, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde bigarrena, EAJren Napar Buru Batzarreko presidente eta parlamentuko lehendakari Unai Hualde, Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea eta Mikel Asiain Geroa Baiko eleduna. Ollok azpimarratu du euskara «Nafarroako ondare» dela. «Ez da bakarrik iraganeko kontu bat, etorkizunera begira ere balioa du». Kortajarenaren ustez, «oldarraldi antolatu baten aurrean» dago euskara. «Posible egin dezakegu atzeraldi dena aurrerabide egitea». Hualdek, berriz, esan du euskarak ez dituela hormak behar, «zubiak baizik». Nafarroan, Euskararen Legeak aurten 40 urte bete ditu, eta «izugarrizko muga» izan da euskararen garapenerako: «Egoera hori gainditzeko ordua litzateke».

Gazteen mezua

Ostegunean Donapaleutik abiatu, eta atzo eguerdian iritsi zen Iruñera Euskaltzaleen Sareak antolatutako martxa. Harrera beroa egin diete, eta behin Gazteluko plazara iritsita, hitza hartu dute. Euskaltzale izateko era berriak behar dituztela onartu dute. «Anitzetan, gazteoi leporatu zaigu euskararen galera, utzikeria eta konpromiso falta. Baina horiek gezurrak baino ez dira», esan dute. «Gure forma, molde eta estilo propioak ditugu, agian aitzineko belaunaldietatik desberdinak dira, baina badakigu munduan egoteko tokia euskarak ematen digula». Eta, egunotako jardunak indarberrituta, dinamika horretan segitzeko asmoa azaldu dute.