«Lehiaketak huts egin du, aukeratu dituzten bi proiektuetako batek ere ez baitu lortuko Erorien Monumentuaren sinbologia faxista ezabatzea». Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen alde dauden elkarte memorialistek agerraldia egin dute gaur eguerdian, mausoleo frankistaren kanpoaldean, eta hura eraisteko eskatu dute berriro ere. Yolanda Ansok eta Koldo Amatriak hitz egin dute elkarteen izenean, euskaraz eta gaztelaniaz.
Uste dute ezinezkoa dela eraikina adieraberritzea, eta hortaz, eraistea dela aukera onargarri bakarra: «Monumentu-eraikin honen sinbologia ez dago soilik plaketan, gurutzeetan, kupulan eta tenpleteetan. Ez dago elementu arkitektonikoetan. Oroitzapenezko izaeran dago, batez ere; forman, irudian, harri eta zutabe bakoitzean. Eraikin osoa da ikur faxista bat». Horiek horrela, eraikina eraberritzeko proposamen oro «eraikinaren irudi nazionalkatolikoa makillatzea» baino ez da izanen, elkarteen aburuz. «Eraikina bera da gurutzada frankista loriatzeko sinboloa. Horregatik ez du balio Erorien Monumentua makillatzeak, zatiren bat kenduta: eraikin osoa bota behar da», esan du Amatriak.
‘Itzaletik argira’, Erorien Monumentua adieraberritzeko proiektuetako bat. IRUÑEKO UDALA
Iruñeko Udalak antolatutako ideia lehiaketari dagokionez, «itxurakeria hutsa» dela azpimarratu dute eraistearen aldekoek: «Ez da parte hartzerik sustatu lehiaketaren aurretik, eta eraikina eraisteko aukera ere baztertu dute. Epaimahaiak aurrez onartutako bi proiektuei buruz bakarrik eman daiteke iritzia. Gainera, Iruñeko herritarrek baino ez dute parte hartzen, eta Nafarroako gainerakoei ez zaie aukerarik eman iritzia emateko».
Erorien Monumentua adieraberritzeko lehiaketako beste finalista: ‘Harriak Hitz’. IRUÑEKO UDALA
Prozesu osoa auzibidean jarria dute elkarteok, eta bide judizialari eusteko asmoa agertu dute: «Ez dugu amore emanen. Gure errekurtsoen ebazpen judizialen zain gaude, eta lanean jarraituko dugu».
Ideia alternatiboak
Iruñeko Udalak antolatutako ideia lehiaketa parodiatzeko eta aukera alternatiboak planteatzeko xedez, hamar proposamen aurkeztu dituzte elkarte memorialistek gaurko agerraldian. Ekainaren 24ra arte, proposamen horiek guztiak ikusgai jarriko dituzte Erorien Monumentuaren kanpoaldean, 17:00etatik 20:00etara. Online ere ikus daitezke, eraistearen aldeko plataformaren webgunean. Aurkeztutako ideien artean daude egungo eraikina botatzea eta, haren ordez, 24.000 metro koadroko parke bat egitea; orube horretan etxebizitza sozial publikoak eraikitzea, eta udal kiroldegi bat jartzea.
