Elizondoko Benito Menni zentroko langileek 228 greba egun bete dituzte «zaintza duin baten alde»

Elizondoko Benito Menni zentroko langileek 228 greba egun bete dituzte «zaintza duin baten alde»

Elizondoko (Nafarroa) Benito Menni osasun mentaleko zentroko langileek 228 greba egun bete dituzte dagoeneko, lan baldintza duinak eta erabiltzaileentzako kalitatezko arreta aldarrikatzeko. Beharginek agerraldia egin dute gaur salatzeko Nafarroako Gobernuak ez duela negoziazio mahaian eseri nahi, eta ez dela bere erantzukizuna betetzen ari, nahiz eta otsailean Nafarroako Parlamentuak eskatu zerbitzuaren berezitasunak kontuan hartzeko eta beharrezko baliabideak jartzeko.

Urte eta erdi luze igaro da langileen eta enpresaren arteko gatazka piztu zenetik. Zentroko beharginen arabera, gatazkaren jatorria Hermanas Hospitalarias fundazioak eraikinetako bat ixteko hartutako erabakian dago. Neurri horrek, haien esanetan, lan baldintzak okertu ditu —kaleratzeak izan dira eta lan karga handiagoa dute— eta erabiltzaileei eskaintzen zaien arretaren kalitatea apaldu du.

Administrazioaren erantzunik eza

Zentroa itunduta dago, Nafarroako Gobernuak finantzatua. Horregatik, langileek administrazioari zuzenean esku hartzeko galdegin diote, bai eta «kalitatezko zerbitzua» zein lan baldintza duinak bermatzeko ere. Iaz hiru bilera egin zituzten langileek gobernuko ordezkariekin, baina administrazioak ez zuen erakutsi neurri eraginkorrak negoziatzeko borondaterik, ELA sindikatuaren arabera.

Aurtengo otsailean, berriz, Nafarroako Parlamentuak foru gobernuari eskatu zion osasun mentalaren sektorearen berezitasunak aintzat hartzeko, eta zerbitzuaren kalitatea nahiz langileen lan baldintzak hobetzeko baliabideak bermatzeko. Haatik, langileek diotenez, oraindik ez dute erantzunik jaso, eta eskubide sozialetako zuzendaritzarekin eskaturiko bilera ere ez da egin. Bestalde, grebalariek diote enpresak aurkeztutako proposamenek ez dituztela euren aldarrikapen nagusiak jasotzen: besteak beste, urtean gutxienez 22.400 euro gordineko soldata, lanorduak murriztea, «arreta duina» eskaintzea ahalbidetuko duten langile ratioak, eta hitzarmen baldintzak eskatu dituzte.

Benito Menni zentroko langileen ustez, gatazkak agerian utzi ditu funtsezko zerbitzu publikoen azpikontratatazio ereduaren mugak. «Baliabide publikoak kudeatzen dituzten erakunde pribatuen jarduerak ez ditu behar bezala bermatzen ez lan baldintzak, ezta zerbitzuaren kalitatea ere». Horregatik diote lan gatazka hutsetik harago doala, eta zaintza eredu «duin» baten aldeko borroka dela eurena.