Zain dauden kazetariz betetako areto zaratatsuan apusturen bat edo beste egin da sanferminetako txupinazoa nork botako duen asmatu nahian. Baina ateak ireki ahala zalantza guztiak uxatu dira: uniforme laranja fosforeszenteak jantzita sartu dira Clint Jean Louis Fernandez eta Miren Oskariz, Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzako langileak. Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzak 3.775 boto lortu ditu, jasotako botoen %32,15.
«Ez dago misteriorik, ezta?», esan du Iruñeko alkate Joseba Asironek langileak gelan sartu bezain pronto. «Besta posible izan dadin, ikusten ez diren gauza askok funtzionatu behar dute. Ikusezinak diren lan batzuk daude, eta horietako bat da Nafarroako Larrialdietako zuzendariordetzak urtero egiten duena, baita jaietatik kanpo ere», aipatu du alkateak.
Zuzendariordetzaren izenean hartu du hitza Clint Jean Louis Fernandezek, eta eskertu nahi izan ditu hautesleak: «Eskerrik asko aitortzagatik. Nafarroako larrialdi zerbitzu guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu». Normalean jaiak «beste lekuetatik» bizi dituztela adierazi du Fernandezek, «oso larriak» diren egoeretatik. Hala ere, aurten, «oso pozik» daude bestari hasiera emateko aukera izango dutelako. Horrekin ados agertu da Oskariz: «Sanferminetan beti lan handia izaten dugu, eta ia ezin genuen besta modu honetan ikusi».
Orain, txupinazoa nork botako duen adierazi beharko dute, baina oraindik ez dute erabaki, Fernandezek argitu duenez: «Pausoz pauso. Aurrerago aukeratuko da nork botako duen, ez dakigu zozketa bitartez egingo dugun edo nola. Baina uste dut zuzendariordetza ongi irudikatzen duen figura bat aukeratu beharko dela».
Ez da lehendabiziko aldia osasun arlokoek txupinazoa botatzen dutela; izan ere, 2014an Gurutze Gorriaren txanda izan zen. «Jendeak kontrasteak maite ditu; alde batetik jaia dago eta bestetik jaiak aurrera ateratzeko lanean ari direnak, eta horien lana errekonozitu nahi izan dute hiritarrek», gehitu du Asironek.
Beste hautagaiak
Txupinazoa botatzeko aurkeztu ziren bost hautagaien artean bigarren geratu da Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataforma, 2.857 botorekin; botoen % 24,33, beraz. Txantrea auzoko Santiago abesbatza ondoren, 2.629 botorekin (% 22,39). Laugarren postuan Nafarroako Pilota Federazioa dago, 1.402 botoekin (% 11,94). Eta, azkenik, Nafarroako I+G+b sistemako emakume ikerlariek 1.077 boto lortu dituzte (% 9,17).
