Kontratazio mahaietako erabakimena sendotzeko aholkatu du Nafarroako Parlamentuak

Kontratazio mahaietako erabakimena sendotzeko aholkatu du Nafarroako Parlamentuak

Iragan astean amaitu zen ikerketa batzordea Nafarroako Parlamentuan, eta osoko bilkuran berriro ere ondorioak eta gomendioak bozkatu dituzte. Hamaika hilabetez bildutako informazio guztiak agerian utzi du ez dela ustelkeriarik egiaztatu baina administrazioaren jarduna nabarmen hobetu zitekeela, batik bat Belateko tunelen esleipen prozesuan. Horregatik, Nafarroako Parlamentuko gehiengoak aholkatu du kontratazio mahaien erabakimena eta funtzionamendua hobetu egin behar dela. 

[articles:2159392]

Behin ikerketa batzordea amaituta, ondorioak eta aholkuak eztabaidatu dituzte gaur eguerdian osoko bilkuran. Aurreko asteko emaitza bera errepikatu da. PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik ondorioztatu dute ez dela praktika ustelik frogatu eta ez dela esku hartze politikorik egon. Zurekin Nafarroa ados dago horrekin, baina uste du bai egiaztatu dela botere politikoen eta ekonomikoen arteko harreman zuzen eta praktika okerrak. Horregatik abstenitu egin da. 

Aldiz, ikerketa batzordearen hasieratik egin bezala, UPNk eta PPk «Nafarroako Gobernuaren defentsa» egitea leporatu diete gainerako alderdiei. «Guztiek beste aldera begiratu nahi dute eta erantzukizun politikoak saihestu», kritikatu du UPNko Javier Esparzak.

Gomendioei dagokionez, koalizio gobernuko hiru bazkideek eta EH Bilduk gomendio batzuk hitzartu dituzte. Batetik, ondorioztatu dute egungo kontratu publikoen foru legea moldatu egin behar dela, eta kontratazio mahaien araubidea «argigarriagoa» izan behar dela uste dute. Bestetik, kontrol neurriak eta baliabideak indartu behar direla deritzote. Era berean, Kontratazio Publikoko Behatokiak egindako proposamenak bere egin dituzte. 

Irakurketa politikoak

PSNko Javier Lekunberrik nabarmendu du ikerketa batzordeak «tonaka informazio» bildu duela eta 43 pertsona iragan direla handik. «Ez da topatu ustelkeriaren zantzu bakar bat, nahiz eta zenbaitek, nekaezin, hori bilatu duten». Lekunberrik onartu du Belateko esleipen prozesua gorabeheratsua izan zela, baina kontu hartzaileak prozedura legearen arabera egin zela ondorioztatu zuela. Gogor kritikatu du eskuineko oposizioak Maria Txibite lehendakaria ustelkeria sare batekin lotu nahi izatea, auzi judizialean horren gaineko aipamen bakar bat ez dagoelako. 

EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, UPNk eta PPk ikerketa batzordea erabili dute ez gertatu dena argitzeko, gobernua higatzeko baizik. «Zilegi da hori egitea, baina onartu dezatela helburu horrekin egiten dutela». Gaineratu duenez, kale egin dute xede horretan. «Txibiteren dimisioa lortu nahi izan dute, hauteskundeak aurreratu asmoz. Zorionez porrot egin dute, eta ustelkeria horretarako aitzakia izan da». 

Geroa Baiko Pablo Azkonaren arabera, batzordeak «zorrotz eta gardentasunez» egin du lan azken urtean. «Baliagarria izan da herritarrei kezka eragin dieten gertaera batzuen gainean argia igorri duelako».

UPNko Javier Esparzaren esanetan, Belateko prozesuak «politika egiteko modu bat» erakutsi du. «Hemen egia dena da Nafarroako Gobernuak Acciona eta Servinabarri 76 milioi euroko kontratu publiko bat esleitu diola». Nahiz eta ikerketa batzordean eta auzi judizialean komisiorik ordaindu izanaren zantzurik ez den agertu, Esparzak uste du «ustelkeria zantzu ugari» daudela. «Ez da normala etekinak jasotzen dituzten enpresen eta PSNko agintarien artean lotura finkoak izatea, ez da normala presidente sozialista bat den bakoitzean Nafarroa ustelkeriarekin lotzea». 

PPko Javier Garciaren esanetan, PSNri komeni zaizkion ondorioak atera ditu ikerketa batzordeak.

Zurekin Nafarroako Miguel Garridoren ustez, gobernuaren eta oposizioaren arteko dinamikak baldintzatu du ikerketa batzordea eta kezkatuta agertu da herritarrek nola ikus dezaketen egindako lan guztia. «Batzuek eta besteek interes politikoen arabera jokatu dugula pentsatuko dute eta ez jendearen interesen arabera». Bere ustez, alderdiek begirada altxatu behar lukete, «herritarrek politikarekiko konfiantza galtzen jarraitzen badute» eskuin muturra izango delako irabazle nagusia. 

Gomendioak

Kontratazio mahaia. Kideen puntuazioak babesteko neurriak eta eskaintzen balorazio irizpideetan subjektibotasuna eragozteko neurriak. Legea aldatu nahi dute arau argiagoak ezarriz. 
Kontrola. Kontu Hartzailetza Orokorrak zaintzen ditu kontratazio publikoko prozedurak eta pertsona zein baliabide gehiago behar dituztela uste dute.
Kontratazioa. Prozedurak hobetzeko Kontratazio Publikoko Behatokiak 2014ean ustelkeria eragozteko egindako gomendioak bere egin dituzte.