Bestak ez dira beti umore ona, edo ez hori bakarrik, eta Iruñeko sanferminetan ere maiz ikusten da halakorik. Bada, alde ilunago horietako bati heldu dio gaur Sare Herritarrak, eta, «festaren magian murgiltzeko gogoz» agertu bada ere, kontu bat ekarri du gogora: «Oraindik ez gara helmugara iritsi». Izan ere, Sareren arabera, hara ailegatu ahal izateko euskal preso politikorik eta erbesteraturik gabeko sanferminak lortu behar dira. «Aurrera egitea da gure alternatiba bakarra, eta plaza izanen da azken helmuga denontzat. Helmuga izanen da elkartzeko gunea».
Helmuga begi bistan izanagatik ere, Sare Herritarrak salatu du presoen etxeratzea «modu artifizialean» ari direla mantsotzen, eta «salbuespenez baliatzen» den egungo espetxe politika etxerako bidea oztopatzen ari dela. «Urte luzeetako gatazkaren ondoren, oraindik orain konpondu gabeko ondorioak ditugu konpontzeko».
Lanerako prest daude, edonola ere. «Geltokiz geltoki ari gara bidea igarotzen. Badakigu luzea dela bidea, baina badakigu zein den gure helmuga, eta horra iristeko azken bultzada behar dugu».
Horrexegatik aterako dituzte bertze urte batez aldarriak kalera, sanferminetara, «munduari erakusteko herri honek konponbidearen, benetako bakearen eta elkarbizitzaren alde egiten duela, eta horren beharra daukala». Errealitate hori lortzeko, erran dutenez, nahitaezkoa izanen da espetxean zein erbestean diren guztiak etxera itzultzea.
Bi deialdi iragarri dituzte: mobilizazio bat eta Etxera Eguna. Lehena uztailaren 3an izanen da, 20:00etan, Gaztelu plazatik abiatuta. Etxera Eguna, berriz, uztailaren 8an izanen da, eta bazkari herritarra, bazkaloste musikatua eta gaueko kontzertuak egingo dituzte, bertzeak bertze.
