Hizkuntza propioa, hizkuntza ofiziala eta magoaren xistera

Hizkuntza propioa, hizkuntza ofiziala eta magoaren xistera

Maisuak dira PSN eta Maria Txibite hizkera politikoa nahieran maneiatzen. Prestidigitadore eta bentrilokuo finak izanik, gai dira, hitzak ongi neurtuta, gauza bat iradoki eta oso bestelako bat esateko. Kea eta ispiluak. Euskarari dagokionez, hainbatetan adierazi diote atxikimendua, errespetua, eta, are, maitasuna; «altxor» eta «ondare» hitzak ibili dituzte ahotan; eta zertarako? Normalean, kontrako botoren bat justifikatzeko. Horrexegatik, lehendakariak esan duenean Foru Hobekuntza moldatu nahi duela euskarari «berezko hizkuntza» izaera aitortzeko, euskaltzale askok purrustada batez hartu dituzte adierazpen horiek. «Ez naiz fio», «betiko kontua», «ez da ezer aldatuko»… Nahikoa da sare sozialetan murgilalditxo bat egitea, ikusteko noraino den handia Nafarroako euskaldun gehienek sozialistei dieten mesfidantza. Ezagun dute trikimailua.

Izan ere, legeari dagokionez, zer esan nahi du euskara «hizkuntza propiotzat» jotzea? Ofiziala izanen dela, gaztelaniaren pare? Zonifikazioa errotik erauziko dutela behingoz? Horrelako zerbait iradoki nahi izan du Txibitek, baina esan gabe. Are: 1986ko Euskararen Legean bertan jasota dago euskara eta gaztelania «Nafarroako berezko hizkuntzak» direla, baina horrek ez dio aparteko bermerik eman euskarari. Finean, hizkuntza bat «propioa» izateak balio subjektiboa, sentimentala eta sinbolikoa du. Hizkuntza ofizialaren balioa, berriz, objektiboa da, eta legean zehaztua dago. Eskubideak eta betebeharrak dakartza berekin. Xisteran dagoena izan daiteke untxi zuri bat, ala koloretako mukizapi sorta bat, elkarri lotuta.

Hala ere, Txibite prestidigitadorearen hitzek badute berritasunik ere. Lehendakariak propio aipatu du Foru Hobekuntzaren 9. artikulua, eta hor bai, hor zurian beltz zehazten da, gaur-gaurkoz, gaztelania ofiziala dela Nafarroa osoan, eta euskara, berriz, eremu euskaldunean soilik. Artikulu hori moldatzeak zeharo alda dezake euskararen estatusa, eta Txibite prest baldin badago urrats hori egiteko, argi hitz egin beharko du. Esku jokoak eta mezu anbiguoak albo batera utzi, eta xisteraren azpian duena erakutsi.