Nafarroako ikastolek elikagai bilketa «bikaina» egin dute Paris 365en alde

Nafarroako ikastolek elikagai bilketa «bikaina» egin dute Paris 365en alde

Nafarroako Ikastolen Sarea eta Paris 365 jantoki solidarioa bigarren urtez elkartu dira elikagai bilketa aurrera eramateko. Nafarroa Oinezen barruan, Nafarroako hamabost ikastoletako familiek «euren konpromiso soziala erakutsi» nahi izan dute, jantoki sozialari elikagai ez galkorrak emanez. Maiatzaren 28tik ekainaren 3ra arte egin zuten kanpaina, eta antolatzaileen arabera, jasotako erantzuna «bikaina» izan da. 

Ikastolek adierazi dute aurreikuspenak gainditu dituztela eta Paris 365 jantokiarentzat bildutako oinarrizko elikagai kopurua «uste baino handiagoa» izan dela. Bilketaren antolatzaileak 2026ko Nafarroa Oinezeko anfitrioiak izan dira: Bianako Erentzun ikastola eta Zizurko San Fermin ikastola (Nafarroa). Pasa den urtean ekin zitzaion lehen aldiz ekinbide solidarioari. Orduko hartan, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak egin zuen elikagai bilketa, 2025eko Nafarroa Oinezen antolatzailea izan baitzen.  

Elikagai bilketaren helburua, zailtasunak dituzten pertsonentzat jakiak biltzeaz gain, ikastolen komunitatearen balioak eta indarra erakustea izan dira. Antolatzaileen hitzetan, hezkuntza komunitate osoak erakutsi du «elkarrekin lan eginez, gizartearen behar handienak dituzten pertsonei laguntzeko gai direla».

Egitasmoak Nafarroa Oinezen espirituarekin bat egiten duela ere azpimarratu dute. Ikastolak indartzen dituzten bitartean, lankidetza eta elkartasuna aldarrikatu baitira. Hori horrela, agerian geratu da bigarren urtez ikastolen sareak duen «sendotasuna eta gizarte bidezkoago baten alde egiteko nahia».