Auto elektrikoentzako osagaiak ekoizteko 40 milioi inbertituko ditu Orkoiengo KWDk

Auto elektrikoentzako osagaiak ekoizteko 40 milioi inbertituko ditu Orkoiengo KWDk

Orkoien eta Arazuri arteko industria gunean (Nafarroa) dago kokaturik KWD. 1999tik bertan autogintzako osagaiak ekoizten ditu Alemaniako taldeak, eta aurki ibilgailu elektrikoetarako osagaiak ekoitziko ditu. Horretarako 40 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du. 

Thomas Fusch taldeko zuzendari nagusia, Jan Philip Brandt finantza zuzendaria. Raquel Balda KWD Spain ataleko burua eta Roberto Lanaspa Orkoiengo fabrikako zuzendaria Maria Txibiterekin bildu dira Nafarroako Jauregian, gaur goizean. Bertan izan dira baita Nafarroako autogintzako klusterreko arduradunak ere.

Txibitek enpresak egindako esfortzua nabarmendu du. 40 milioi euroko inbertsio horrek tokiko ekoizpena bermatuko duela hein handi batean. Osagai guztiak bertan ekoitziko dira eta estanpaziorako ekoizpen lerroa hornitzeko %80 ere «bertakoa» izango da.

KWDrena ez da adibide bakarra. Azken bi urteetan Hyundai Mobisek eta Gestampek inbertsio handia egin dute, eta nola ez Volkswagen berak fabrika egokitu du ibilgailu elektrikoak ekoizteko. Horregatik lehendakariak azpimarratu du ehun ekonomiko bat antolatu dela Volkswagen Nafarroaren behar hori hornitzeko. «Kalkulatzen dugu bere auto elektrikoak hornitzen dituzten lantokien %80 Iruñetik 200 kilometroko eremuan daudela».

Lurraldeak berak ere ibilgailu elektrikoaren aldeko apustua egin duela nabarmendu du eta baikortasunez ikusten du etorkizuna. «Auto elektriko txikien arloan salmentek nabarmen egingo dute gora». Nafarroan, zehazki, bateriadun kotxeen salmentak bikoiztu egin dira (zehazki, +%116). Salmentek zein bateriak kargatzeko azpiegiturek bilakaera ona izan dutela aipatu du.

Bilera amaituta, Orkoiengo fabrikara gerturatu dira, eta han lantokia bisiatu dute Nafarroako Gobernuko agintariek eta KWDko buruzagiek.