Ola Arafat gazatarra da Nafarroako Salam Gaza elkartearen arima eta irudi; jendaurrean agertu da, bertze behin, nafarrei elkartasunez joka dezatela eskatzeko: sanferminetarako elastikoak eta zapiak jarri dituzte salgai, lortutako diruarekin Gazan diren palestinarrak laguntzeko. Arafatek nabarmendu du palestinarren kontrako genozidioa ez dela bukatu, eta zer jan eta zer edan bilatzea bilakatu dela hondakinen artean bizi diren palestinarren eguneroko lan nagusi. «Aurrera egitea da eguneroko zeregina. Hondakinen gainean ari gara lanean, Gazako bizilagunak laguntzeko».
Salam Gaza elkarteko kideak zerrendan dauden gobernuz kanpoko hainbat erakunderekin eta boluntariorekin elkarlanean ari dira. Azken bi urteotan, lau milioi litro ur eta 5.000 plater janari banatu dituzte han. «Konpromiso sendoa dugu gazatarrekin, eta haiei laguntzen segitu nahi dugu», berretsi du Arafatek. Salam Gazak sanferminetako kanpainaren aurkezpena baliatu du Gazan filmatutako bideo bat zabaltzeko. Zerrendan bizi direnen egunerokoa «gordin-gordin» erakutsi nahi izan dute elkarteko kideek. Itxaropenari ere toki bat egin diote, eta azpimarratu nafarren elkartasuna «laguntza zuzen» bilaka daitekeela, Salam Gazaren lanari esker.
Herritarrek ekainaren 27an izanen dute sanferminetarako elastikoak eta zapiak erosteko lehen aukera: Iruñeko peñek beren eguna ospatuko dute, eta goizez Salam Gazako kideak zezen plazan egonen dira, materiala saltzen. Ekainaren 29tik aurrera, berriz, Geltokin eta Salam Gazaren egoitzan erosi ahal izanen dira zapiak (10 euro) eta elastikoak (20 euro). Zapi bakoitzaren truke, Salam Gazak 250 litro ur bana ditzake gazatarren artean; elastiko bakoitzaren truke, berriz, 500.
